Kilometro Lezo 2022 nobedadez josita dator

Az, 2022-08-03 12:57

Abuztuaren 19an hasiko da eta irailaren 3an Musika Taldeen Erakustaldi erraldoi batekin emango zaio amaiera.

Kilometro Lezoren hirugarren edizioa aurkeztu du Lezoko Udalak. Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatearen hitzetan: “aurtengo edizioa oso berezia izango da. Iaz musukoa, aforoak eta segurtasun neurriak bermatu behar izan genituen pandemiaren eraginez. Aurten, ordea, normaltasun handiago batekin antolatzeko aukera izan dugu”.

Ion Pombar, Lezoko Udaleko Kultur zinegotziaren ustez, “kultura eta euskal kultura sustatu eta bultzatzeko konpromezua indartu nahi du Lezoko Udalak eta jaialdia hobetzeko aurrerapausoak eman ditugu”.

Hala, abuztuaren 19tik irailaren 3a arte, musika, zirkua, dantza eta antzerkia uztartuko ditu kultur agenda honek, publiko desberdinei zuzendua. Nobedade bezala eta jaialdiari amaiera emateko, Musika Taldeen Erakustaldi erraldoia antolatu da lehen aldiz herrian.

Xanti Val, Lezoko Udaleko Kultur teknikariaren hitzetan: “estilo eta izaera desberdinetako artistak izango ditugu herrian. Egungo euskal eszenaren mostra zabal bat egongo da ikusgai: antzerkia, dantza, zirkoa, musika…”.

Musika taldeen erakustaldia

Aurtengo nobedade nagusiena da. 12 kontzertu ospatuko dira arratsaldeko 16:00etatik – 00:00etara etenaldirik gabe. Bi eszenatoki egongo dira eta “ping-pong” antzeko estrategia erabiliko da; hau da, kontzertu bat amaitu eta jarraian ondorengoa hasiko da beste aldeko eszenatokian.

Emakumeen prezentzia lehenetsi da eta lerro burutan: Liher, La Basu, Noa & the Hell Drinkers edo La La Love You bezalako artista esanguratsuak izango ditugu Lezon.

Gainera, herriko eta inguruetako artistak ere gonbidatu dira aurten: Ilargi Arrizabalaga, esaterako. Errenteria, Irun, Donostia edo Bera de Bidasoako artistak ere egongo dira, musika estilo desberdinetakoak:  Pop, Rap, Regetoia, Blues, Boogie, Rock, Indie…

Foodtruck furgonetak

Erakustaldiaren iraupena kontuan hartuta eta jaialdia girotzeko, Herri Eskola inguruan pare bat foodtruck (janaria saltzen duten furgonetak) egongo dira aurten. Ogitartekoak eta izozkiak erosteko aukera egongo da, kontzertuak ikusten ari garen bitartean meriendatu eta afaltzeko aukera eskainiz.

Txozna bat ere jartzea aurreikusia dago, edariak erosteko.

Horiek horrela, programazioa ondorengoa izango da:

Abuztuak 19, 20:00 Nuvanut (Myriam Perez)

Abuztuak 20, 20:00 Mikra (Berdinki Zirkua)

 

Abuztuak 26, 20:00 Akabo (Barsanti Teatroa)

Abuztuak 27, 20:00 Maña (Manolo Alcantara)

 

Irailak 2: Ay Karmela! (Orratx Antzerki Taldea)

Irailak 3: Musika Taldeen Erakustaldia erraldoia:

16:00 Gotzen, Musika Eskolako Banda

16:20 Ilargi Arrizabalaga

16:40 Caste

17:00 La Basu

18:00 Cliché

18:30 Noa & the Hell  Drinkers & friends

19:45 The Fake Cousins

20:15 DJ Rock & roll eta DJ Artie Escolar

20:30 Love 23

20:50 Liher

22:15 DJ Artie Escolar

22:45 La La Love You

Ekitaldi guztiak Herri Eskolako patioan eskainiko dira, aire librean. Doakoak izango dira, baina aforoa kontrolatzeko asmoz, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideen bitartez: kultur bulegoan, udaleko webgunean edota APP-an, ahal den neurrian azken bi aukera hauek lehenetsiz. Sarrera guztiak abuztuaren 5etik aurrera jarriko dira eskuragarri.

Arloa edo saila
Eranskinak