39 ekitaldi antolatu dira, herritar guztiei bideratua.
Lezoko Udalak kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Hori dela eta, udazkeneko kultura egitarau berria aurkeztu du gaur goizean, Guztira, 39 ekitaldi antolatu dira hainbat jarduera eszenikorekin ezberdinekin eta herritar guztiei bideratua.
Aurkezpenean, Jon Legorburu Lezoko Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak parte hartu dute. Xanti Valen iritziz, “badakigu kultura dela gure historia ezagutzeko, gure sormena adierazteko eta gure aniztasuna errespetatzeko aukera ematen digun altxorra. Ezagutzaren aprobetxamendu soziala da, eta zaindu nahi badugu, horren adierazpen guztietan babesteko konpromisoa dugu".
Jon Legorbururen ustez, “jakitun gara, profesional askok kultura alorrean lan egiten dutela, eta kulturaren ekosistema euskal barne produktu gordinaren zati garrantzitsu bat dela; horregatik, Lezoko Udalak ekitaldi berriak programatzen jarraitzeko eta kultura Lezoren ezaugarri izan dadin saiatzeko konpromisoa du. Herritarrak kultur ekitaldi ezberdinetan parte hartzera animatzen ditugu”.
“Zorionez oso agenda kultural erakargarria eta jardueraz betea prestatu dugu 2023ko azken lau hilabeteetarako. Guztira 39 jarduera izango dira abenduaren 22ra arte. Urriaren 6an, adibidez, "Lur urratua" dokumentala ikusteko aukera izango dute lezoarrek. Etxetxo Elkarteak antolatutako ekitaldia da. Asteburu honetan ere, Lezoko Antzerki Testu Laburren finala antolatu da Herri Eskolako patioan. Bertan, euskal eszenako zuzendari eta musikari ospetsuek parte hartuko dute. Igandean, Txalo antzerki konpainiaren "Hobe ixilik!" antzezlana izango da Gezala Auditoriumean, Amaia Lizarralde eta Ramon Agirre aktore ezagunen parte hartzearekin” adierazi du Valek.
Ekitaldiak Tomas Garbizu Musika Eskolan, Andreone Udal Liburutegian, Gezala Auditoriumean eta Herri Eskolako patioan izango dira. Agendaren antolaketan Tomas Garbizu Musika Eskolak, Andreone Udal Liburutegiak, Berdintasun Sailak eta Kultura Sailak parte hartu dute. Zinema Ttikiak, memoria historikoa berreskuratzeko "Etxetxo" elkartea eta Lezoko Emakume Taldea ere aritu dira elkarlanean.
Egitarauak mota askotako ekintzak biltzen ditu: musika, antzerkia, solasaldiak, dantza eta haur eta helduentzako zinema emanaldiak.
Apustu aipagarria udazkenerako
Aurtengo udazkeneko egitarauak apustu aipagarria izango du azaroan: Aurelio Aguirre Galarraga Galiziako letren poeta handiaren irudia berreskuratuko da ─ama Lezoarra zuen─.
Udazkeneko agenda herrian zehar banatzen hasi dira eta webgunean eta app-an eskuragarri dago. Sarrerak, beti bezala, udalaren webgunean eros daitezke.