Lokal berria herriko kultur taldeentzat

Og, 2017-06-08 12:11

Udalak kultur ekipamenduetarako lokala eskuratu du Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, herriko taldeek erabil dezaten. Taldeek dituzten beharrei erantzuteaz gain, taldeen arteko sinergiak sustatu nahi ditu Udalak egitasmo berri honekin eta era berean, kultur gune berria sortu nahi da aipatu eremuan Kale Nagusiari ere bizia emateko.

Kulturaren aldeko apustuan eta herriko kultur taldeen jarduera sustatze aldera, berriki, Udalak, lokal berria erosi du arte eszenikoekin lotura duten kultur taldeek erabil dezaten eta beren entseguak egiteko eta materiala gordetzeko eremu egokia izan dezaten. Izan ere, herriko taldeek urteak zeramatzaten beren jarduerak gauzatu ahal izateko lokal egokiagoa eskatzen. Hori dela eta, lokal berriaren erosketaren bitartez talde hauen behar eta eskariei erantzun nahi zaie.

Alkateak adierazi duenez, “kultur taldeak ezinbestekoak dira Lezon, haiei esker herritarrek dantza ikuskizun edota antzerki obrez gozatzeko aukera izaten baitute urtean zehar, eta ez hori bakarrik, herriko jaien prestakuntzan ere funtsezkoak dira. Guretzat, kultur jarduerak herriaren nortasun eta biziaren adierazle dira eta arrazoi horregatik apustu sendoa egin nahi dugu kulturaren alde. Kultur jarduerei bideratutako diru partida handitzeaz gain herriko taldeen beharrei erantzuteko proiektu ezberdinak jarri ditugu martxan. Gure aburuz, Udaletik, ezinbestean, herriko taldeen jarduera babestu eta sustatu behar dugu beren behar eta eskariei erantzunez eta proiektu berriak abiaraziz, hala nola, Gezalako aldagelena edota kultur ekipamenduetarako lokal berriarena”.

Udalak jada hitz egin du kultur talde hauekin eta datozen asteetan bisita egingo dute elkarrekin lokal berrira beren kokaleku berria izango dena ezagutu dezaten. Udalaren asmoa da lokala udan egokitzea eta ikasturte berriarekin batera taldeak eremu berrira lekualdatzea.

Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, kokatua dagoen lokal berriak taldeen behar eta eskariak asetzea du helburu, baita beren arteko sinergiak sustatzea ere, elkarren arteko harremanek beren jarduera aberastu dezakeelako. Bide batez ere, kultur plaza berria sortu nahi da eremu honetan, Kale Nagusiari bizia emanez. Beraz, proiektu berriak helburu bikoitza duela nabarmendu du Udalak.

 

Arloa edo saila