Lezoko dantza taldeak Kilometro Lezoren baitan egitekoa zen emanaldia bertan behera uztea erabaki du “azken egunotan Lezo herriko egoera larriagotu dela ikusita”.
Azken asteotan Kilometro Lezo programazioaren baitan bi kultur emanaldi izan ditugu bata ostiralean eta bestea larunbatean. Iraileko lehen asteburu hau da hain zuzen ere Kilometro Lezori amaiera emango diona eta herriko taldeentzat gordetzea erabaki zen. Horrela, ostiralean Murixka dantza taldearen emanaldia eta larunbatean Musika Eskolako rock taldearen kontzertua zeuden aurreikusita.
Murixka dantza taldeak jakinarazi du, ordea, ostiraleko emanaldia bertan behera uzten duela, beraz, asteburu honetan larunbateko emanaldia baino ez dugu izango Kilometro Lezon. Barkamenak eskatzen dizkizuegu dagoeneko gonbidapena jasotzeko eskaera egin zenutenei. Laster berriz ere Murixkako dantzariak Lezoko kaleak girotzen ikustea espero dugu.
Hauxe da, hain zuzen, Murixka Dantza taldetik jaso dugun iragarpena:
“Kultura emanaldi amaigabeko suspentsioen aurrean, Lezoko udaletxetik kultura ekitaldiak berpizteko asmotan, Kilometro Lezo proiektua martxan jarri dute. Murixka dantza taldeak proiektu honen muinean esku-hartzeko, parte hartzeko proposamena jaso zuen. Nahiz geure aldetik segurtasun neurriak bermatzen saiatu garen, azken egunotan Lezo herriko egoera larriagotu dela ikusita, Murixka Dantza Taldeak irailean 4an, ostiralean egin behar zuen ekimena bertan behera uztea erabaki dugu egoera ez larriagotzeko intentzioarekin. Egoera hobetzean berriro ikusiko dugu elkar plaza eta Lezoko kaleetan!”.