San Tomas eguna bertan behera eta Gabonetako egitaraua aurrera neurri sanitarioei begira

Or, 2021-12-03 13:42

Unean uneko neurri sanitarioek aldaketak eragin ditzakete egitarauan. Literatura-bonoa ere aurkeztu da.

COVID-19ak sortutako pandemia dela eta, osasun krisialdiaren datuak begiratuta, Santomas eguneko ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du Lezoko Udalak.

Erabakia hartzeko, Jai Batzordeak aste honetan egindako bileran egindako hausnarketak kontuan izan ditu udalak. Ohiko hainbat jardueretan, segurtasun distantzia eta neurriak zaintzea zaila izanik, egoera honetan jende pilaketak saihestu nahi izan dira.

Hala ere, abenduan zehar eta Gabonei zuzenduak dauden beste ekitaldiekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu da momentuz. Aurrera bai, baina Osasun neurriak bermatuz. Horretarako, iaz bezala Lezo Herri Eskolako patioan izango dira 23an Olentzero eta Mari Domingi, 25ean opari banaketa eta urtarrilaren 5ean Errege “kabalgata”.

Hala ere, unean uneko neurri sanitarioek eta Eusko Jaurlaritzatik argitaratutako dekretuek, aldaketak eragin ditzakete egitarauan.

Bestalde, abenduan zehar eta urtarrilaren hasiera arte, hainbat jarduera antolatu nahi izan dira: dantza saioak, haur zinema, literatura solasaldiak, Musika Eskolako kontzertuak… guztiak, orain arte bezala: aforo neurtuekin eta neurri sanitarioak kontuan hartuta.

Abenduaren 17-24 bitartean, “Euskal Liburu eta Disko Azoka” izango da Kultura Aretoan.

Abenduaren 18an, Gabonetako Kontzertua ospatuko da Gezala Auditoriumean. 

Abenduaren 20 eta 22an Gabonetako Audizioak izango dira.

Abenduaren 23an, Gabonetako kontzertu Korala Sutargi eta Aiton Borda Abesbatzek eskainia.

Abenduaren 24ean, 12:00etan, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira egingo da.

Urteari amaiera emateko, abenduaren 31ean, San Silvestre Haur Krosa eta Urte Zaharreko Koplak izango dira.

Urtarrilaren 5a egun magikoa izango da ohi den bezala: goizean “Pirritx, Porrotx eta Marimototsen” bisitarekin, eta, arratsaldean, Errege Desfilearekin.

Egitaraua herrian zehar banatu egin da eta udaleko webgunean eskuragarri dago.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ekitaldien sarrerak

Ekitaldi honen sarreren salmenta lehenago egiten bada ere, aurten abenduaren 15ean egitea erabaki da. LABI-k erabakitzen dituen osasun neurri eta aforoetara itxaron nahi izan da.

Euskal literatura eskura!

Aurreko bi urtetan bezala, Lezoko Udalak liburu-bonuaren ekimena abian jarriko du gabon hauetan, helburua: euskaraz idatzitako literatura eta pentsamendu argitalpenak sustatzea. Euskal literaturari buruzko liburuak erosten laguntzeko, 20€-ko erosketagatik 6€ balio duen opari-bonua buzoian aurkituko dute herritarrek, eta gehiago behar izanez gero, Lezoko Liburu Azokan egongo dira eskuragarri.

Arloa edo saila
Eranskinak