Trapujaleren eta Inauterien zain, Lezon

Az, 2024-01-31 17:10

2024 urteko egitaraua aurkeztu da eta Lezoko Dantzazaleak taldeak jasoko du aurtengo oroigarri berezia.

Lezoko Udalak 2024 urteko Inauteriak aurkeztu ditu gaur goizean. Jon Legorburu, Kultura zinegotziaren esanetan “Inauteriak iritsi dira herrira eta aurten Lezoko Dantzazaleei emango zaie oroigarri berezia, azken 15 urteetan Inauterietan parte hartu dute eta ospakizunari herri balorea eman diote beti”.

Gurutze Alberdiren, Lezoko Dantzazale elkarteko kidearen hitzetan, “eskerrak eman nahi dizkiogu Trapujale taldeari oroigarria emateagatik. Oso urte berezia da guretzat, 15. urteurrena ospatzen dugulako. Helburu batekin sortu ginen, Lezoko plazetan eta ekintzetan dantzatuz parte hartzea. Kultura herritik eta herriarentzat egitea atsegin dugu”. Lezoko Dantzazale taldeko Mila Goyaz ere prentsaurrekoan izan da.

Hala, otsailaren 8tik 13ra bitarte 20 ekitaldi antolatu dira, herriari kolorea emango diotenak:

Ostegunzuriari hasiera Lezoko Herri Eskolan emango zaio. Bertan, Trapujale txikiari harrera eta ongi etorria eginez. Ondoren, 19:30ean, Trapujarelen jaitsiera egingo da. Ohi bezala, Martizkone baserritik aterako da Tomas Garbizu Musika Eskolako taldeak alaiturik eta Alde Zaharreko Joaldunen laguntzarekin. Gurutze Santuaren Plazara iristean, Trapujaleren lagunak omenduko dira. 

Ekitaldi guztien artean ondorengoak azpimarratu daitezke:

  • Lezoko Institutuaren eta Lezoko Herri Eskolaren “Ekosistema” ikuskizunaren emanaldia Bekoerrota Kiroldegian.
  • Trapujale festa, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen eskutik.
  • Sorgin dantza eta Zirikuen kalejira.
  • “Lorezainen dantzak” Lezoko Dantzazaleen eskutik.
  • Larunbatgorrian gazteek izango dute protagonismo handiena aurten ere. Ekitaldi desberdinen artean desfilea, karro-poteoa, mozorro festaren aurkezpena, mozorro afari herrikoia eta elektrotxaranga antolatuko dira.
  • Otsailaren 12an, astelehenarren, desfilea egingo da herriko kaleetan zehar eta ondoren dantzaldia.
  • Eta Lezoko inauteriei asteartebeltzean emango zaie amaiera, ohi bezala.
    • Lehenik eta behin Trapujale txikiaren epaiketa antzeztuko da Lezoko Herri Eskolako jolastoki estalian.
    • Ilunabarrean, Trapujaleren epaiketa eta herio-bidaia Gurutze Santuaren plazan.

“Azpimarratu nahiko genuke larunbateko desfilean LIBREA izango dela aurtengo gaia. Adin guztietako lezoarrak animatu nahi ditugu desfile honetan parte hartzera. Azkeneko urteetan indarra hartu du desfileak eta giro aparta sortzen da. Familiak, gazteak, helduak... animatu nahi ditugu bertan parte hartzera” amaitu du Legorburuk.

Lezoko Udalak herritar guztiei ekitaldiez gozatzeko gonbita luzatzen die. Ez ahaztu kolore desberdineko egunetan, dagokion trapua lepoan eta balkoietan jartzea.

Egitaraua herriko etxeetan banatzen hasi da eta webgunean eta Udaleko app-an kontsulta daiteke.

Arloa edo saila
Eranskinak