LEGEGINTZALDIKO LEHEN URTEKO BALANTZE POSITIBOA

Or, 2024-06-14 08:32

EH Bilduren Gobernu taldeak positibotzat jo ditu kudeaketaren lehen hamabi hilabeteak. Udal barrura begirako jardueretan egin behar izan duen ahalegina handia izan den arren, norabide argi bat ezartzea, eta bide horretan lehen urratsak egiten hastea lortu da.

  • Udala gaur egungo eta etorkizuneko herritarren beharrei erantzuteko prestatzen ari dira, besteak beste Udal antolaketa egokituz eta Udal zerbitzuen kontratuak eguneratuz.
  • Zergak eta udal-aurrekontua egokitu dira, bai aberastasuna behar bezala banatzeko, bai legegintzaldiko planaren erronkei aurre egiteko.
  • Udalgintza, eragileekin eta herritarrekin batera egiteko bidea abiatu dute. Herri eragileen eta Udalaren lankidetza proiektuen bidez, elkar zainduko den Lezo eraikitzeko eta herri atseginagoa egiteko.

Mikel Arruti Lezoko alkateak, Iker Salaberria eta Eneritz Arruti zinegotziekin  batera, hedabideen aurrean hitz egin zuen atzo Udal Gobernuak legegintzaldiaren lehen 12 hilabeteetako kudeaketari buruz balorazioa egiteko. Era berean, urtea amaiera bitartean dituzten asmo nagusien berri eman zuten.
 
Hedabideekin egindako bilera honetan, batez ere, Legealdi Planean jasotzen diren 5 ardatz nagusiei buruz hitz egin zen: herritarren ongizate emozionalaren hobetzea; Lezo herri berde eta urdin bihurtzea; Lezo kulturalki zein sozialki herri bizi bihurtzea; elikadura eta energia burujabetza lortzea; eta herrian euskararen erabilera sustatzea eta hobetzea.

UDALARENTZAT NORABIDE ARGI BAT
 
Eneritz Arruti zinegotziak, bere hitzaldiaren hasieran, Udalaren norabidea definitzeko herritarrengana hurbiltzeko egindako ahalegina azpimarratu du: "Herritarren beharren, arazoen eta lehentasunen berri jasotzeko inkesta zabala egin zen (360 erantzun jaso ziren)”.
 
Oinarri hori aintzat hartuta, legegintzaldi-plana osatzea izan zen hurrengo urratsa, misio bat eta bost erronka jasotzen dituen norabidea-mapa. Eneritzek azaldu duen bezala “Enpatiatik komunitatea eraikiz pozik bizi den herri koxkorra” jarri dute misio gisa. Eta horren baitan, ondorengo bost erronka definitu dira:

  • Ongizate emozionala hobetzea, zaintzen duen herria eraikiz eta haur eta gazteen ongizate emozionalean arreta berezia jarriz.
  • Elikadura eta energia burujabetzarantza, nekazaritza ekologikoaren ekoizpenean erreferentea bihurtzea, eta energia trantsizioaren bidean lehen urratsak burutzea
  • Euskararen erabilera handitzea eta herritarren atxikimentu maila indartzea
  • Oinezkoen Lezo berde eta urdina eraikitze bidean, oinezko eta bizikletentzako guneak handitzea eta ingurune naturalak birgaitzea
  • Elkar- ezagutza eta herri bizitzarako atxikimendua indartzea, eta parte-hartze komunitarioa handitzea

Horrela, erronka horiek garatzeko proiektuak eta neurriak ere zehaztu dira.
 
Ondotik, azaldu du udal zerbitzu nagusiei lotutako kontratuak eguneratu beharra izan dutela, jada iraungita baitzeuden.. Hala, eguneratu egin dira eraikinak garbitzeko kontratua, 2021aren abuztutik amaitua, kaleak garbitzeko zerbitzua (2022aren martxotik amaitua) eta zaborrak biltzeko kontratua (2022ko abendutik amaitua); lorezaintza zerbitzua (2023ko abuztutik), Plazeta (2023ko abendutik) eta Aiton Borda tabernaren esleipena.
 
Udalaren norabidetze-prozesuaren lehen fase honetan, udalaren funtzionamenduan ere aldaketak egin dituzte, batez ere, langile guztiek ikuspegi orokorra edukitzeko, helburu partekatuak adosteko, eta departamentu desberdinei eragiten dieten gaiak egoki koordinatzeko. Zentzu berean, une honetan, antolaketa zein organigramari lotutako moldaketak prestatzen ari dira.

UDAL-BALIABIDE EKONOMIKOAK HERRITARREN BEHARRETARA EGOKITZEKO NEURRIAK

Udal baliabide ekonomikoak herritarren beharrei erantzuteko, bi tresna nagusi dituela azaldu du Iker Salaberria zinegotziak. Batetik, diru balibideak eskuratzeko zergen ordenantza legoke. Eta, bestetik, baliabide horien erabilera zehazten duen aurrekontua.
 
Lehenari dagokionez, 2020tik tasa eta zerga gutziak (batzuk lehendik ere) izoztuta egon direnez, eta bien bitartean KPIak gora egin duenez (%11a epealdi horretan)  Udal zerbitzu egokiak eskaintzeko mugak egon dira. Horren adibide gisa, 2023an zabor-bilketak eta udalaren ur-zerbitzuek 200.000 euroko defizita pilatu zutela azaldu da. Beraz, aberastasunaren banaketa birrorekatzearen ikuspegitik bi neurri nagusi hartu dira. Batetik, zergak eta tasak eguneratzea dira Bestetik, berriz, gutxien dutenek gutxiago ordaindu ahal izateko, ura, estolderia eta zabor-bilketaren tasetan errenta mailaren araberako hobariak ezarri dira. Azkenik, jakinarazi da, Lezoko errenta mailaren gaineko azterlan bat martxan dagoela, eta horrek ematen dituen emaitzen arabera egingo dira ondorengo urteotako zerga ordenantzaren eguneraketak.
 
Aurrekontuei dagokionez, baliabide ekonomikoak legegintzaldi-planak ezarritako misioari eta erronkei erantzutera bideratzeko ahalegina egin da, bai azaroan onartutako aurrekontuan, eta are nabarmenago, martxoan eginiko egokitzapenean. Horrela zerrendatu ditu, Iker Salaberria zinegotziak arloz arlo aurreikusitako aurrekontu partidak, eta horien baitan jasotako egitasmo nagusiak.

1. Lezoko herritarren ongizate emozionala hobetzea: 963 mila €
Ekintzak: ADIF eraikina, Berdintasun Plana, Haur-parkeak hobetzeko prozesua, Etxebizitza Plana eta tenkatutako eremuaren katalogazioa, GLL, lezoarren errenta aztertzeko prozesua.
2. Oinezkoentzako Lezo berdea eta urdina: 474 mila €
Ekintzak: Altamirako parkea, saneamendua eta estolderia, Gaintxurizketako markesinak, Zubitxo kaleko espaloiaren irisgarritasuna hobetzea.
3. Lezo kulturalki zein sozialki herri bizia bihurtzea: 215 mila €
Ekintzak: Arraitokiko aurreproiektua eta Saldiseko estalkia.
4. Elikadura eta energia subiranotasuna: teknikari bat kontratatzea + 12 mila €
Ekintzak: energia plana eta energia komunitatea.
5. Lezon euskararen erabilera sustatzea eta hobetzea: 20 mila €
Ekintzak: euskararen plan estrategikoa,
 
Amaitzeko 2024. urterako aurrekontuari lotutako azken bi datu adierazgarri eman nahi izan dira: gizarte larrialdietarako laguntzetarako 200 mila euro bideratu dira, Lezoko biztanle bakoitzeko 33 euro; eta Lezoko azpiegiturak txukundu eta  hobetzeko inbertsiora, berriz, azken urteotako partida handienetakoa onartu dira: 2,5 milioi euro.

ERALDAKETA PROZESUA ETA GOBERNANTZA EREDUA

Mikel Arruti, herriko alkatea, izan da hitza hartu duen azkena. Euskal Herria Bilduren gobernu taldearentzat egiteko moduak garrantzia handia duela adierazi du: “Beste gobernantza eredua behar genuela argi genuen. Gobernantza eredu irekia, zabala eta parte hartzailea. Horrela, hasieratik argi genuen, udaleko erabaki gune guztietan EAJk eta PSEk ere parte hartu behar zutela, gaur egun oposizioan egonagatik ere”. Gobernantza ereduarekin jarraituz, herritarren eta eragileen parte hartzearen garrantzia aipatu du. Bide horretan, udal gobernu honek abiatu dituen parte hartze prozesuak azaldu ditu, hala nola haur parkeen aldaketa prozesua, Lezo Euskaragarri prozesua, hezkuntza foroa, BIBE proiektua, herrian energia komunitate bat sortzeko proiektua edo herritarren artean zabaldu eta 360 herritarrek erantzun zuten inkesta.

Mikel Arrutik azaldu duenez, herritarrekiko hurbiltasuna oso garrantzitsua dute. Horregatik, herritarrek alkatearekin eta gobernu taldearekin gertuko harremana izateko, zuzeneko kanala ireki dute. Horrela, herritarrek aukera dute asteazken arratsaldetan eta ostiral goizetan gobernu taldearekin zuzenean hitz egiteko. Kanalen irekiera oso probetxugarria izan da: "2024 urtean hogeita hamar bileratik gora izan ditugu lezoarrek eskatuta. Kargua hartu genuenetik oso argi izan genuen, gure politika egiteko modua da. Ezinbestekoa da jendearengandik eta elkarteengandik hurbil egotea, Lezori bizia ematen diotenak eta herria hobekien ezagutzen dutenak direlako. Entzun egin behar zaie, eta kontuan hartu. Eta, batez ere, herritarrekin eta eragileekin batera aritu".
 
Amaitzeko, alkateak azpimarratu du "herriaren alde eta herriarentzat lan egiten duen taldea" dela, “egungo eta etorkizuneko erronkek herri gisa aritzea eskatzen baitute” eta gainerako udal taldeekin lankidetzan aritzeko prest egon direla, daudela eta egongo direla, "siglen gainetik lezoar guztien ongizatea dagoelako".

AGERRALDI OSOA IKUSI

 

Arloa edo saila