Datorren hilaren 25ean inauguratuko da Lezoko Kultura Aretoan 18:00etan Leire Aranburu, artista Lezoarraren erakusketa. Ordutik aurrera eta urriaren 2ra bitarte, edonork bisitatu ahal izango du Lezoko Kultur Aretoan goiz eta arratsaldez.
Leire Aranburu, 1992ko urtarrilaren 15ean jaio zen eta Bilboko Arte Ederretako fakultatean graduatua dago. Azken ikasketetako urtea Mexikoko UNAM unibertsitatean eman du.
Egonaldian, bertan ikusi eta bizitako esperientziek eragin handia izan dute beregan eta Leirek ordurarte zuen gizarte errealitatearen ikuspuntua zeharo aldatu zen.
Aldaketa prozesu horretan hasi zen “El pan de cada día” proiektua jaiotzen, oraindik Mexikon zegoenean. Ordukoak dira “Triangulo real”, “Mientras tanto” eta “La RED” artelanak eta azken lanaren tamainan ere, Mexikoko artista muralistek eragina izan zuten; artelan mota honetan marrazkien bitartez istorioak kontatzen dituztelako eta berak ere lan horren bitartez istorio bat transmititu nahi izan duelako. Gainontzeko lanak Euskal Herrian eginak dira.
Ia bi urte eman zituen Leirek proiektu hau burutzen. Izan ere, artelan guztiak BIC boligrafoarekin eginak daude eta horrek dedikazio handia eskatzen dio. Artistak dio marrazketa tresna hau aukeratzearen arrazoia horien prezio merkea izan zela: “papera eta BIC-ak ia edonoren eskura dauden baliabideak dira eta edonork eskura dituen baliabideekin egin nahi nuen lan hau”.