2020KO MAIATZAK 28

Agiri mota

Lezoko Gezala Auditoriumean, 2020ko maiatzaren 28an, 19:00ean, eratu da OSOKO UDALBATZA, Ohikoa egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Laura Martinez Vizuete, Irlentz Ortega Ugalde, Laura Muñoz Aguado, Ion Pombar Hospitaler eta Miguel Angel Sanchez Antunez (Lezoko EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Miren Ormazabal Urkizu, Aitzol Saizar Viaña, Ainhoa Inxaurrandieta Ezkurra, Axier Irastorza Alustiza eta Mireia Cuesta Unzain (Lezoko EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (udal talde Sozialista – grupo municipal Socialista).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik. Eta bertan da ere udal kontuhartzailea den Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. 2020ko otsailaren 5an ohiko izaerarekin (2020ID200001) eta martxoaren 9an ezohiko izaerarekin (2020ID200002) egindako bileren aktak onartzea

Otsailaren 5eko aktan, 9.4.2 gaian, mendi lasterketaren datan akatsa zuzentzea eskatu du Mikel Arrutik “martxoaren 16an” dioenaren ordez “otsailaren 16an” esan behar du.

Beste aldaketarik gabe bai otsailaren 5ekoa eta baita martxoaren 9ko aktak onartu dira.

Alkateak dio gaurko bilkura Auditoriumean egiten dela, Covid-19ak eragindako osasun larrialdian bilkura-kideen artean gorde behar diren distantziak gorde ahal izateko. Udaletxeko Biltzar Aretoan behar bezala bildu ezingo genukeenez, Gezalara etorri gara, gaur hemen gauden 15 pertsonak. Arrazoi beragatik bilera ateak itxita egitea erabaki duela dio alkateak.

Bilkurako gaiekin hasi aurretik Mikel Arrutik dio martxoan egitekoa zen osoko bilkura bertan behera gelditu zenez, aspaldi ez dela osoko bilkurarik egin. Bitarte honetan Covid-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko alarma egoerak eta konfinamendu luzeak ezinezkoa edo zaila egin duela gaixo zeudenak edo hildakoen senideak babestea. Guzti horiei besarkada bat bidaltzen die.

Baita ere esan du, kartzeletan dauden presoen egoera okertu eta zaildu egin dela, senideen bisitarik gabe eta osasun arazoekin. Horren adierazgarri omen da etxetik 2.000 kilometrotara (joan-etorria) dagoen Puerto I espetxeko Julen Atxurra euskal presoak izandako buruko isuria. Besarkada bat luzatu dio beraiei ere.

2. Udal ondasunen inbentarioan 51 zenbakiarekin ageri den herri bidearen mugak aldatzeko diktamena (2020H0570003)

M.A.L.A.k, A.M.L.ren izenean Patxiku-enea jatetxetik Aingeru-enea etxera doan bidea udal ondasunen inbentariotik baja ematea eskatzen du.

Eskaerarekin batera jabetza eskriturak eta bi plano aurkeztu ditu.

Aipatu bidea udal ondasunen inbentarioan 51 zenbakidun herri-bidea bezala agertzen da. Bidearen hasiera Lezotik Gaintxurizketara doan GI-2638 errepidean dago eta Patxiku-enea jatetxean bi adarretan banatzen da, bata iparraldera Barrios etxea ingurura doana eta bestea Mendebaldera Aingeru-enea etxean amaitzen dena.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera azken adar hau, hau da Patxiku-eneatik Aingeru enea doan hori, pribatu da, horrela ageri da aurkeztu den jabetza tituluan. Bestalde aurkezturiko planoen arabera bide hori Aingeru-enea etxea eraiki zenean egindako dela egiaztatzen da.

Beste hainbeste esan dezakegu argazki historikoak aztertzen baditugu, garbi dago bide hori 1977an egin zela (etxea eraiki zen urtean), lehenagoko argazkietan adar hori ez baita inondik ere ageri. Errepidetik Barrios etxea ingururaino doan herri bidea berriz bai ageri dela aurkeztutako plano eta argazki historikoetan.

Ondorioz egindako eskaera aintzat hartu eta onartzea proposatzen du.

Hori dela eta, 1372/1986 Errege Dekretua Toki Entitateetako Ondasunen Araudi Orokorra onartzen duenak, bere 34 artikuluan xedatzen duena kontuan izanda, Batzorde Informatibo Orokorrak 2020ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez erabaki du:

BAT: Udal ondasunen inbentarioan 51 zenbakiarekin ageri den herri bidearen mugak aldatzea eta Patxiku-enea Jatetxetik Aingeru enea etxea doan adar hori ezabatzea, bide hori pribatua baita. Horrela herri bidearen amaiera bakarra Barrios etxearen inguruko ur biltegia izango da.

3. Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren HAE 31 SAGASTIREN aldaketa puntualari hasierako onarpena emateko diktamena (2018HO310001)

Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 31 SAGASTI eremuari dagokion Aldaketa Puntualaren dokumentua aurkeztu du DISOLARE SLk.

2019ko abuztuak 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak aipatu HAPOaren aldaketa puntualari buruzko Ingurumen Txosten Estrategiko eman zuen eta ebatzi zuen ez dela egingo Lezoko Hirigintza Plan Orokorreko HIE 31 SAGASTI eremuari dagokion Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta, ondorioztatu baita ez duela ondorio negatibo adierazgarririk sortuko ingurumenean.

Hori dela eta, 2/2006 Lurzoruaren eta Hirigintzaren 85, 90, 102 eta hurrengo artikuluetan jasotakoa kontuan hartuz, Batzorde Informatibo Orokorrak 2020ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez ondorengoa erabaki du:

LEHENA: Lezoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren HAE 31 SAGASTIREN aldaketa puntualari hasierako onarpena ematea, aurkeztutako dokumentuaren 3. ERANSKINEAN jasotako herritarren partaidetzarako programarekin batera, ondoko baldintzarekin:

Behin-behineko onarpenerako dokumentuak udal-arkitektoaren txostenean finkatutako balioa jaso beharko du, hau da, 216,67 euro m² (t)-ko lurzoru industrialeko lurzoru urbanizatuaren eragin-balioa.

BIGARRENA: Erabaki hau sektore-eskumenak dituzten herri-administrazioei jakinaraztea.

HIRU: Espedientea jendaurrean jartzea, udal honetako Hirigintza, Obra eta Zerbitzu Sailean, hilabeteko epean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, nahi duen orok azter dezan eta egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

LAUGARRENA: Dagokion iragarkia argitaratzea lurraldean hedapen handiena duten egunkarietan.

BOSGARRENA: Dokumentuaren ale bat bidaltzea Lezoren mugakide diren udalerriei, hau da, Errenteria, Pasaia, Hondarribia, Irun eta Oiartzungo udalei.

4. 2020. urteko Plantilla Organikoaren eta Lan Postu Zerrendaren aldaketa onartzeko diktamena (2020PE290002)

Udalbatzak 2019ko azaroaren 28n 2020. urteko udal Plantilla Organikoa eta Lan Postuen Zerrenda onartu zituen.

Plantilla Organikoak eta Lan Postuen Zerrendak administrazio publikoetako organizazio arloko pertsonaleko beharrak jasotzen dituzte, hala nola entitatea osatzen duten lan postu guzien ezaugarriak, eta garaian garaiko organizazio beharrei erantzuna emateko eta aldaketak jasotzeko tresnak dira.

Horiek horrela, eta ordezkaritza sindikalarekin gai tratatu ondoren, 2020. urteko plantilla organikoan eta lan postuen zerrendan hurrengo aldaketak jasotzea proposatzen dira:

  1. Hizkuntza eskakizunen aldaketak:
  • Udaltzaingoko agente postuei 3. Hizkuntza Eskakizuna jartzea.
  • Kontuhartzailetza, Errenta, Zerga-bilketa eta Gizarte Ongizateko administrari postuei 3. Hizkuntza Eskakizuna jartzea.
  1. Postu baten izen aldaketa.
  • Brigadako Ofiziala lan postua aurrerantzean Ur Zerbitzuen Arduradun postu gisa izendatzea.
  1. Administrari plaza bat hutsik deklaratzea.
  • Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 63/67. artikuluen arabera administrari plaza bat hutsik deklaratzea.

Horiek horrela, 2020. urteko Plantilla Organikoa eta Lan Postu Zerrendaren lehenengo aldaketarako espedientea azterturik, Batzorde Informatibo Orokorrak 2020ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez ondorengoa erabaki du:

BAT: Behin behineko onarpena ematea 2020. urteko Plantilla Organikoaren eta Lan Postu Zerrendaren lehenengo aldaketari jarraian zehazten diren aldaketak jasoz:

  • Udaltzaingoko agente postuei eta Kontuhartzailetza, Errenta, Zerga-bilketa eta Gizarte Ongizateko administrari postuei 3. Hizkuntza Eskakizuna ezartzen zaie, derrigortasun data 2020/03/26.
  • Brigadako Ofiziala lan postua aurrerantzean Ur Zerbitzuen Arduradun postu gisa izendatuko da.
  • Administrari plaza bat hutsik deklaratzea.

BI: Jendaurrean jartzen da espedientea, iragarki hau GAOn argitaratzen denetik hamabost egun balioduneko epean

Adierazitako epea igaro eta inolako erreklamaziorik egin ez bada, aipatutako aldaketak behin betikoz onetsiko dira beste erabakirik hartzeko beharrik gabe eta argitaratu egingo dira.

5. Gurasotasun lizentzia onartzeko diktamena (2020PE290003)

Joan den urrian Eudelen organo eragileak eratu ondoren, auzi horiek aztertzeko ardura duen Gobernantza Batzordeak egin zuen lehen jardueretako bat izan da semea edo alaba jaiotzeagatik, adoptatzeko asmoz zaintzeagatik, hartzeagatik edo adoptatzeagatik hartutako baimenen egoera aztertzea, baimen horren gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua –emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunerako premiazko neurriei buruzkoa– eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateginaren (EPOETB) (urriaren 30eko 5/2015 Errege Lege Dekretua) 49c) artikuluan egin beharreko aldaketa indarrean sartu ondoren.

Agindu horretan egindako aldaketarekin bat etorriz, eta EPOETBren bederatzigarren xedapen iragankorrean jasotako luzapen progresiboaren babesean, 2019an jaiotako haurren kasuan, baimena 8 astekoa izango da; 2020an 12 astera luzatuko da, eta 2021ean, 16 astera.

Araudi horrek aurrerapen handia dakarren arren, Eudelek uste du komeniko litzatekeela haren aplikazioa aurreratzea, eta bi gurasoek dituzten jaiotzagatiko baimenen iraupena parekatzea; izan ere, botere publikoek ezin diote ezikusia egin gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealaren eta eraginkorraren alde, erantzunkidetasun-printzipioaren alde, eta bizitza pertsonalaren eta familiarraren kontziliazioa sustatzearen alde dagoen eskaera sozialari.

Horregatik guztiagatik, eta gure inguruko beste instituzio publiko batzuek hartutako erabakiekin bat etorriz, Eudelek egokitzat jotzen du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren bederatzigarren xedapen iragankorrean baimen horretarako jasotako araudiaren aplikazioaren aurrerapena sustatzea, eta, iraupenari dagokionez, 126 egun naturalera arte luzatzea (18 aste), horrela, legegileak lortu nahi duen amatasun-baimenarekin parekatu ahal izateko. Dagokigun kasuan, bat dator aipatutako 126 egunekin, gure Udalhitz akordio arautzaileko 54. artikuluan jasotakoaren arabera.

Aurrekoari jarraiki, Eudelek Euskadiko udalei gomendatzen die, udal- autonomiari kalterik egin gabe, eta negoziazio kolektiboaren esparruan, dagozkion akordioak har ditzatela bi gurasoentzat seme-alabaren jaiotza, adopzio aurreko zaintza, harrera edo adopzioagatik dauden baimenen iraupena parekatzeko.

Horiek horrela, eta ordezkaritza sindikalarekin gaia tratatu ondoren, eta negoziazio kolektiboaren esparruan lortu daitezken akordioen kalterik gabe, Batzorde Informatibo Orokorrak 2020ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez ondorengoa erabaki du:

BAT: Ama biologikoa ez den beste guraso baten baimenaren iraupena 126 egun naturalekoa izango da, seme edo alaba baten jaiotza, adopzio aurreko zaintza, harrera edo adopzioagatik; horietatik, gertaera eragilearen ondoko sei asteak nahitaezko atsedenaldia izango dira. Baimen hori bi aste luzatuko da, aste bat guraso bakoitzarentzat, seme edo alaba ezindua bada, eta seme edo alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, jaiotza, adopzio aurreko zaintza edo harrera anizkoitza bada; eta jaiotza-datatik, adopzio aurreko zaintzaren edo harreraren administrazio-erabakitik, edo adopzioa eratzen duen ebazpen judizialetik aurrera hartu beharko da.

BI: Aurreko puntuan aurreikusitakoa urratzen ez duen guztian, seme edo alabaren jaiotzagatik, adopzio aurreko zaintzagatik, harreragatik edo adopzioagatik ama biologikoa ez den gurasoaren baimena hartzeko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bateginak 49 c) artikuluan jasotako estipulazioak bete beharko dira, eta, ondorio horietarako, ez dira aplikatuko baimen hori arian-arian aplikatzeko aipatutako lege-arauaren bederatzigarren xedapen iragankorrean aurreikusten diren epeak. Aurrekoa gorabehera, lanaldi irregularra duten langileek, haien lanaldia ziklikoki ondoz ondoko egun batzuetako oporraldiak ezartzen dituzten lan-egutegien bidez banatzen bada, etendako baimena hartu ahal izateko, gutxienez bi aste natural osoko gutxieneko aldiak eskatu beharko dituzte, edo, bestela, proportzionaltasun-printzipioari eutsiko dioten antzeko beste formula batzuk erabili ahal izango dituzte.

HIRU: Akordio honek xurgatu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioak (Udalhitz 2008-2010) 48. artikuluan ezarritakoa, bai eta beste edozein akordio, itun edo xedapenetan ezarritakoa ere, baldin eta baimen gehigarriak ezartzen badira ama biologikoa ez den gurasoarentzat, seme edo alabaren jaiotza, adopzio-helburuko zaintza, harrera edo adopzioagatik.

LAU: Aplikazio-eremua: Akordio hau Lezoko Udaleko langileei aplikatuko zaie.

BOST: Akordioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. D20/0391 alkate dekretuaren kontu ematea, 2020ko egutegi fiskala aldatzen emandakoa (2020ALO30006).

Osoko Bilkuran dagoen eta udal kontuhartzailea den Pedro Etxarri Ollokiegik, 2020ko maiatzaren 21ean Batzorde informatibo orokorrean egin zuen moduan, Alkateak 2020ko maiatzaren 18an onartutako D20/0391 dekretuaren kontu eman dio osoko bilkurari. Dekretu horrekin, Alkateak 2020 ekitaldirako egutegi fiskalaren aldaketa onartu zuen.

Mikel Arrutik Batzorde Informatibo Orokorrean esandakoa berretsi du, hau da, udal talde politikoen bozeramaileekin izandako bileretan ordainketa epeak irailaren 15a bitartekoak izango zirela adostu zela eta gero, alkateak, aldebakarrez, bozeramaileei inongo azalpenik eman gabe onartutako epeak beste batzuk izan direla.

7. Ordenantza fiskalen aldaketarako diktamena (2020KO290002)

Udal kontuhartzaileak, Batzorde Informatibo Orokorrean egin bezala, udal sail ezberdinetatik proposatutako aldaketen ondoren onartuko diktamena azaldu du.

Udal arkitekto teknikoak proposamena aurkeztu du, “07-04 Herriko hilerria” ordenantza fiskalean “Panteoiak” izeneko 95,03 €-ko kuota eransteko.

Bestalde, hurrengo kuota gehitu behar da “07-08 Lizentzia urbanistikoak” ordenantza fiskalean:

  • Lehen-okupazio lizentzia, etxebizitza edota lokal bakoitzeko (E.Z/g): % 5

Era berean, Tomas Garbizu Udal Musika Eskolako zuzendariak proposamena aurkeztu du, Eskola Kontseiluak onartutako 2020/2021 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko.

Aztertu ondoren eta kontu-hartzaileak egindako txostena ikusirik, Batzorde Informatibo Orokorrak 2020ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran emandako aldeko diktamenarekin, Udalaren Osoko Bilkurak ahobatez erabaki du:

BAT.- Hasierako onarpena ematea ondorengo ordenantza fiskalen aldaketari:

  • 07-04.- Herriko kanposantua
  • 07-08.- Lehen-okupazio lizentzia
  • 07-10.- Musika Eskola

BI: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholean, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, ordenantzek behin betiko onarpena izango lukete.

HIRU: Izapide-egintza denez, ezin da erabaki horren aurkako errekurtsorik jarri.

8. 2019ko udal aurrekontuaren likidazio onartzen emandako dekretuaren kontu ematea (2020KO080001)

Osoko Bilkuran dagoen eta udal kontuhartzailea den Pedro Etxarri Ollokiegik, 2020ko maiatzaren 21ean Batzorde informatibo orokorrean egin zuen moduan, Alkateak 2020ko martxoaren 18an onartutako D20/0298 dekretuaren kontu eman dio osoko bilkurari. Dekretu horrekin, Alkateak 2019ko aurrekontuaren likidazioa onartu zuen.

9. Aurrekontuaren aldaketen kontu ematea:

Alkateak onartutako aurrekontu aldaketen kontu eman zaio osoko bilkurari, maiatzaren 21eko batzorde informatibo orokorrean egin bezala. Zehazki aldaketa hauena:

  • 2020 ekitaldiko aurrekontuaren aldaketa, kreditu gaikuntza, 2020-KALD-000001-00 (2020KO090001)
  • 2020 ekitaldiko aurrekontuaren aldaketa, kreditu transferentziak, 2019-KALD-000008-00 (2020KO010001)
  • 2020 ekitaldiko aurrekontuaren aldaketa, kreditu-gerakinen txertaketa (2020KO040001)
  • 2020 ekitaldiko aurrekontuaren aldaketa, kreditu gaikuntza, 2020-KALD-000003-00 (2020KO090002).
  • 2020 ekitaldiko aurrekontuaren aldaketa, kreditu gehigarriak, 2020-KALD-000004-00 (2020KO050001)

10. Udal Kontuhartzailearen txostenen berri ematea

Udal kontuhartzailearen txostenaren berri eman zaio osoko bilkurari, maiatzaren 21eko batzorde informatibo orokorrean egin bezala. Hau da banatutako txostena:

  1. 2020ko 1. hiruhilekoari dagokion ordaintzeko bataz besteko epeari (OBE) buruzko txostena.

11. 2017-2019 dirulaguntzen plan estrategikoaren memoriaren kontu ematea (2017KO290002)

2017-2019 dirulaguntzen plan estrategikoaren memoriaren kontu eman zaio osoko bilkurari, maiatzaren 21eko batzorde informatibo orokorrean egin bezala.

12. 2020-2023 dirulaguntzen plan estrategikoaren kontu ematea (2020KO29001)

2020-2023 dirulaguntzen plan estrategikoaren kontu eman zaio osoko bilkurari, maiatzaren 21eko batzorde informatibo orokorrean egin bezala.

Mikel Arruti kexatu da kontu emate guzti hauetan ez dela inolako azalpenik eman osoko bilkuran. Dio tarteka azalpenen bat eskertuko litzatekela.

13. Gipuzkoako Senideak Elkarteak aurkeztutako mozioa: Adinekoen arreta (2020AL050003) EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozio alternatiboa

Deialdiarekin Gipuzkoako Senideak Elkarteak aurkeztutako mozioa bidali zen. Honela dio:

“Idazki honen bidez, Gipuzkoako Senideak elkarteak Udal honi eskatu nahi dio (zu zara ordezkari gorena) Osoko Bilkuraren moziora gai hauek aurkez ditzala:

  1. Gure adinekoen arreta lehentasunezko gaia da, eta, aldi berean, presako kontu bat, irizpide politiko sindikalen gorabeheren mende egon ezin dena.
  2. Gipuzkoako Foru Aldundiari dei egitea behar diren neurriak har ditzan laneko gatazka hori konpontzeko, gatazka horrek erabateko eragin pasiboa/aktiboa baitu. Era berean, Foru Aldundiari eskatzea kobratutako kuoten eta eman gabeko zerbitzuen ehuneko zatiak itzultzeko konpromisoa bete dezala, eta hori ukatzen ari zaien eskubide gisa espero dute egoiliarrek eta mendekotasuna duten pertsonek. Era berean, Foru Aldundiari eskatzea arreta-ratioak berriz azter ditzala, ez errentagarritasun ekonomikoaren irizpideen arabera, baizik eta mendekotasuna duten eta ahulak diren pertsonei zerbitzua emateko, zerbitzu instrumentalizatu bat baino zerbait gehiago behar baitute.
  3. Gaur egungo lan-gatazka konpontzeko, Foru Aldundiari eskatzen diogu mahai bat deitzeko, non inplikatutako alderdiak eseriko baitira gatazka hori amaitzeko helburu bakarrarekin.
  4. Bere Udaletik Gipuzkoako Egoitza eta Eguneko Zentroen Hitzarmen Kolektiboan gatazkan dauden sektoreko patronalei dei egitea, aurrerapauso bat eman eta arazo hori konpontzeko benetako ahalegina egin dezaten, beste pertsona batzuek gainditu ezin izan duten bizitza- luzera baitu.
  5. Udaletxe honek konpromisoa hartzen du zentro publiko eta itunduetan dauden egoiliarrei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko gutxieneko kanonak nabarmen urratzen dituzten enpresen aurka jotzeko.

Azkenik, zure Udalari eskatzen diogu, Osoko Bilkuran goian adierazitako puntuak onartu ondoren, ondorio horiek lehenbailehen Gizarte Politikako foru diputatuari helaraz diezazkiola.”

EAJ eta PSE-EE-k beste mozio alternatiboa aurkeztu zuten, hau ere deialdiarekin bidali zen. Honela dio testuak:

“Gipuzkoan adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetan irekita dagoen lan-gatazkak sortzen duen kezkaren aurrean, Mozio hau eztabaidatu eta onartu dezan proposatzen diogu udalbatzari,

  1. Lezoko Udalak bere kezka adierazten du adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetan irekita dagoen lan-gatazkagatik, gatazkak luze irauteak zerbitzua gauzatzerakoan erabiltzaileen eta haien senitartekoen artean eragin ditzakeen gorabeherak direla-eta.
  1. Lezoko Udalak lan-gatazka honetan inplikatutako sindikatuetako eta patronaletako eragile guztiei eskatzen die bilatzeko gatazka amaituko duen akordio bat, Gipuzkoako adinekoentzako egoitza zentroen lan-hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren esparruan.
  1. Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio, bereziki greba-aldietan eta haren ikuskaritza-zerbitzuen bitartez, zaintzeko ematen den zerbitzuaren kalitatea eta bermatzeko greba-deialdietan parte hartzen duten zentroetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzen direla.”

Mikel Arrutik dio ohikoa bihurtu dutela EAJk eta PSEk udal taldeek gustuko ez dituzten mozioen aurrean testu alternatiboa aurkeztea eta, lehenik, alternatiboa bozkatuz eta onartuz, saihestea aurkeztutako lehen mozioaren eztabaida eta bozketa. Ez zaio zuzena iruditzen prozedura hori.

Ondoren, EAJ eta PSEk aurkeztutako testu alternatiboa bozkatu eta onartu da, aldeko zazpi botorekin, alkatearena eta Lezoko EAJ-PNV udal taldeko bost zinegotzienak, eta Udal talde Sozialista – grupo municipal Socialista taldeko zinegotziarena, eta aurkako sei boto, Lezoko EHBILDU udal taldeko sei zinegotzienak.

14. EHBilduk aurkeztutako mozioa: Aldundiak udalei egiten dien diru-banaketan % 20ko murrizketa aplikatzearen erabakiari buruzkoa (2020AL050004) EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako mozio alternatiboa

Deialdiarekin EHBilduk aurkeztutako mozioa bidali zen. Honela dio:

“Maiatzaren 14an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Aldundiak udalei egiten dien diru-banaketan % 20ko murrizketa aplikatzeko Diputatu Kontseiluaren aldebakarreko erabakia. Horrelako erabakiei buruz hitz egiteko toki beharko zukeen Gipuzkoako Finantzen Kontseilua hurrengo egunea bildu zen eta dagoneko hartuta zegoen erabakiaren berri emateko izan zen.

Udalak, herritarren beharretatik gertuen dauden erakundeak izateaz gain, lehen mailako erakundeak dira, Udal Legeak aitortzen duen bezala. Zentzu honetan, euskal erakundeen arteko diru-banaketan aldaketarik egon behar bada, erakunde guztien artean eztabaidatua eta adostua izan behar luke, aldeek informazioa modu gardenean partekatu ondoren eta inola ere ez aldebakarrez.

Zerbitzu publikoak garatzeko ezinbestekoa den finantzazioaz ari gara hizketan, udalen eguneroko kudeaketan eta herritarren bizitzan eragin zuzena duten erabaki politikoez. Horregatik, honako eskariak egiten dizkio Lezoko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari:

  1. UFFFri buruzko elkarrizketaren aldeko apustu irmoa egitea.
  2. Berraztertu dezala aldebakarrez hartutako erabakia eta udalekin elkarlanean adostasun bat bilatu dezala udalen egonkortasun finantzarioa ere helburu izango duena.
  3. Elkarlana inoiz baino beharrezkoagoa dela sinetsita gaudenez Udalekin kogobernantzarako foro bihur dezala Gipuzkoako Finantzen Kontseilua. Bertan informazioa partekatu dadila, proposamenak aztertu eta adostasunak lortu daitezen, ondoren Gipuzkoako udalen finantzaketari buruzko Foru Arauan beharrezko isla izan dezaten.

Lezoko Udalak erabaki honen berri emango dio Gipuzkoako Aldundiko Diputatu Nagusiari, Ogasun Diputatuari, Gipuzkoako Batzar Nagusietako alderdi guztiei eta EUDELeko Gipuzkoako eta EAEko zuzendaritzei.”

EAJ eta PSE-EE-k beste mozio alternatiboa aurkeztu zuten, hau ere deialdiarekin bidali zen. Honela dio testuak:

“MOZIOA, GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO UDALEN ARTEKO ELKARRIZKETA-GUNE BAT SORTZEARI BURUZ

Zioen azalpena

Joan den maiatzaren 14an, EUDELeko Batzorde Betearazleak proposamen bat egin zuen Foru Aldundiak eta Lurralde Historiko bakoitzeko Udalek osatutako elkarrizketa-gune edo Erakundearteko Mahai bat sortzeko eta artikulatzeko.

COVID-19aren pandemiaren ondorioz bizi dugun salbuespenezko egoerak euskal ogasunen diru-sarrera fiskalei zuzenean eragiten ari die, Euskadin enpresek eta familiek ekonomian duten eraginagatik.

Alarma-egoeran erabakitako ekintzek diru-sarrera fiskaletan duten eraginak erakunde guztiei eragiten die, eta horien artean, euskal Udalei; izan ere, zerga itunduetan duten partaidetzan ez ezik, haien ordenantza fiskalek eragindako diru-sarreren gutxitzean ere murrizketak izango dituzte, osasun-krisiak krisi ekonomikoa eragin baitu.

Joan den 2020ko maiatzaren 12an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 3/2020 Foru Dekretu-Araua onartu zuen. Horren bidez, aldatu egin dira Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak 2020an kontura egindako entregak, eta aurrekontu- eta zerga-arloko hainbat neurri ezartzen dira, toki-erakundeek erabaki-marjina handiagoa izan dezaten kreditu gehigarriak onartzean, bai eta Covid19ak sortutako egoeragatik tasen hobarian ere.

Maiatzaren 15ean, Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluak 3/2020 Foru Dekretu-Arau hori aztertu zuen, bai eta horrek udal-finantzetan dituen ondorioak ere, Gipuzkoako udalen Udal Finantzaketarako Funtsaren bidez.

Gaur egun, inoiz baino gehiago, erakundeen arteko elkarrizketa beharrezkoa da pandemia honi modu koordinatu eta eraginkorrean erantzuteko.

Horregatik, EUDELeko Batzorde Betearazlean jorratutakoa jakinarazten da, eta erabaki hauek hartzea proposatzen da:

MOZIOA

  1. Eskatzea Gipuzkoan elkarrizketarako mahai instituzional bat sor dadila Foru Aldundiaren eta EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordearen artean, lurralde-eremu instituzionaletatik krisiari erantzuten dioten ekimen eta planetan koordinazioa bultzatzeko, lankidetza eraginkorra garatuz, herritarrentzat erakundeen arteko gobernantza hobea lortzeko.
  1. 3/2020 Foru Dekretu Arauak Finantzen Lurralde Kontseilua aipatzen du azaroko konturako entrega jorratzeko. Hala ere, euskal erakunde-mailen arteko finantza-harremanak arautzen dituzten krisialdiaren intentsitatea eta arrisku partekatuaren printzipioa direla eta, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da egoera ekonomikoari, diru-bilketaren aurreikuspenei eta udalen egoerari buruzko informazioa maiztasun handiagoz partekatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diogu Finantzen Lurralde Kontseilua hiru hilean behin deitzeko.”

Bilkurako aurreko gaian esan bezala Mikel Arruti kexatu da EAJ eta PSE udal taldeak gustuko ez dituzten eztabaidak saihesteko erabiltzen duten testu alternatiboak aurkezteko estrategiarekin.

Miguel Angel Sanchezek dio EAJk eta PSEk aurkeztutako testua Eudelek proposatu duena dela, guztion arteko elkarrizketa ahalbideratuko duen erakundeen arteko mahaia osatuz.

Mikel Arrutik dio oso penatua dagoela ez dituelako ikusten EAJ eta PSEko udal zinegotziak Lezoko udalaren eta herritarren interesak lehenesten. Lezoko Udalak erabakia hartzerakoan ez du kontuan izan herritarren parte hartzea. Aldebakarrez hartutakoa erabakia da, inongo mahai eta aurre kontsultarik gabe. Aldundiak erabakitako murrizketak, zalantzan jarri gabe hartutako erabakia da. Aldundiak eta Jaurlaritzak Udalak bigarren mailan uzten dituztela dio.

Jose Angel Sanchezek dio mahaia gaur bildu dela eta EHBilduk albiste ona dela esan duela, lehen aldiz udalak entzun direlako eta elkarlanerako borondatearekin egin direlako.

Hala ere, Ainhoa Intxaurrandietak dio %20ko murrizketa Covid19ren aurretik erabakia zutela, benetako dirubilketa galera zein izango den jakin aurretik. Gogoratu du 2019ko urrian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean EHBilduk aurreikusi zuela Udalak Finantzatzeko Foru Funtsak %15-%20 bitarteko jaitsiera izango zutela onartutako zergen baitan, gutxiago bilduko zuelako Aldundiak. Eta guzti horri orain Covid-19ak eragingo duen dirubilketa galerari gehitu behar zaiola dio, udalak kaltetuak suertatuko direlarik. Uste du arazoa ez dela berez zuzenduko, eta gutxiago gehien dutenei gutxiago kobratzen bazaie. 2008ko krisian gertatu bezala, galerak beste guztiok, udalak barne, ordaindu beharko ditugula dio.

Alkateak dio bera eta bere taldea Lezo eta Lezoko herritarren interesen alde daudela eta behar den tokian defendituko dituela. Gaur testu alternatiboa onartzea ez dagoela horrekin kontraesanean.

EAJk eta PSEk aurkeztutako testu alternatiboa bozkatu eta onartu da aldeko zazpi botorekin, alkatearena eta Lezoko EAJ-PNV udal taldeko bost zinegotzienak, eta Udal talde Sozialista – grupo municipal Socialista taldeko zinegotziarena, eta aurkako sei boto, Lezoko EHBILDU udal taldeko sei zinegotzienak.

15. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

15.1.- Miguel Angel Sanchezek, obra eta azpiegituretako zinegotzi delegatuak, dio bi obra daudela martxan: kiroldegiko hainbat gelatan egokitzapen lanak eta igerilekuan haur jolasak jartzeko obrak.

Garazi Kuestak galdetu dio ea udarako irekiko diren kiroldegia eta igerilekua. Miguel Angel Sanchezek esan dio espero duela baietz, nahiz eta data ezin aurreikusi oraindik.

15.2.- Jose Angel Sanchezek, Ingurumena eta trantsizio ekologikoko zinegotzi delegatuak, dio:

15.2.1.- San Marko Mankomunitateko eta Behemendiko batzarrak bertan behera gelditu direla Covid 19rengatik.

15.2.2.- Udala, Agenda 2030ra atxikitu dela eta baita Mugikortasun Planera ere.

15.2.3.- Zarataren aurkako ekimen planaren ekintzetako bat gauzatuz udalak sonometro bat erosi duela dio.

15.2.4.- Ura Agentziarekin lanean ari dela udala, eta lehen esku-hartzea Zubitxo errekan egin dutela.

15.2.5.- Aldundiak Oarsoaldeari 50.000 eurotako dirulaguntza eman diola gehitu du. Diru-laguntza hau energia plana garatzeko da.

15.2.6.- Klimaren astearen ekitaldiak bertan behera utzi ziren Covid19arengatik eta aurrez egin zen Eguzkiren erakusketa arrakastatsua izan zela.

15.3.- Ion Pombarrek, Euskera, kultura, liburutegia, Musika Eskola, Herri eskola eta Institutuetako zinegotzi delegatuak, aurreko osoko bilkura batean egindako galdera bat erantzun du: udalak programatzen dituen antzerki eta kultur ekitaldien hizkuntzei buruzkoa. Haurrei zuzendutakoak guztiak euskaraz egiten direla. Helduei zuzendutako antzerkiei buruz berriz, 2017 urtean 10 euskaraz izan zirela eta 1 gazteleraz; 2018an 12 eta 7; 2019an 10 eta 6 eta 2020an, orain arte egindakoak, 2 eta 2. Hau da, euskara da nagusi. Bai Mikel Arrutik, bai Miren Ormazabalek esan diote 2020rako programatutakoetan gehiago daudela gazteleraz euskaraz baino. Eskatu dute joera hori aldatu eta lehentasuna bertako eta euskarazko antzerkiari emateko.

15.4.- Alkateak dio udalak lokal bat alokatuko duela, Donibane kalea 16koa, lehen banketxe bat zena. Laster hasiko diren egokitzapen obra txiki batzuk egin eta uztaila erdialdera bertan Gizarte Zerbitzuetako bulegoak jarriko direla. Gaur egun bulegoak eraikin ezberdinetan sakabanatuak daude eta hemen denak elkarrekin egongo lirateke. Horrezaz gain, Covid 19ak dela eta, behar diren distantziak eta tarteak gordetzen lagunduko du. Ainhoa Intxaurrandietak galdetu dio ea beste lokalik begiratu den. Baietz dio alkateak, baina hau egokitzea oso erraza izango dela. Urtebeteko alokairua da, hiru urtera bitarte luzatu daitekeena. Denbora baterako da laster Kale Nagusiko Sistiagaenea berreraikitzen denean beheko solairua udalarena izango delako.

16. Galde-eskeak.

16.1.- Miren Ormazabalek eta Mikel Arrutik galdetu dute berdintasun teknikariaren baja ez al den ordezkatuko. Laura Martinezek dio ordezkapenerako beste erakundeetako lan poltsetara jo dela, baina ezinezkoa izan dela norbait aurkitzea. Lanean laster hasiko dela espero da.

16.2.- Mikel Arrutik dio, ez duela oraindik jaso aurreko osoko bilkuretan eskatutako eta agindutako EAJ eta PSEren arteko gobernu akordioa.

16.3.- Mikel Arrutik galdetu du zertan diren osoko bilkuran eztabaidatzeko, eta oraindik ekarri ez diren, Aralar kaleko bizilagunak egindako eskaera eta Zaldunbordako merkatal guneari buruzko eskaera. Baita ere, galdetu du bere garaian EHBilduk osoko bilkurak bideoz grabatzeko eskaera zertan den.

16.4.- Alkateak aipatu du uztailaren 12ko hauteskundeetan arituko diren hautes mahaietako kideak izendatzeko zozketa osoko bilkuran egin behar dela. Aipatu osoko bilkura ekainaren 11n egingo da, goizeko 9:00etan.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:10ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1432784tik 1432796ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna