2008.eko Irailaren 3ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2008ko irailaren 3an, asteazkena, 19:05etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Silbia Folgueira Fernández, bilera hasi eta gero sartu da.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Ez dira etorri bilerara: Irati Aranburu Salaberria eta Roberto Sánchez Sánchez.

1.- Proposamena, Lezoko Udala eta Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ren arteko transakzio hitzarmena onartzeari buruzkoa (2007H0380001).

Alkateak dio gaia batzorde berriemailean diktaminatu gabe dagoela, gaur goizerako deitua zegoena egin ez delako. Diktaminatu gabe egonik, osoko bilkura honek gaia eztabaidatu eta bozkatu ahal izateko lehenik gaiaren urgentzia onartu beharko du bilkurak. Alkateak urgentzia ondorengo arrazoi hauetan oinarritzen du: zinegotziek ezagutzen dutela gaia, ekaineko osoko bilkuran gai zerrendatik erretiratu egin zela alde bien arteko akordiorik ez zegoelako. Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ren adostasuna bada orain, eta bi aldeen interesen mesedetan, alkateak dio gaia lehenbailehen tramitatu eta bukatzea dela egokiena.

Kepa Garbizuk dio gaiaren urgentzia ez dagoela justifikatua, eta horren adierazle nabarmena omen gaia diktaminatzeko gaur goizerako deitua zegoen batzorde berriemailea egin ez izana, quorum ezagatik, gobernu taldeko kideak agertu ez direlako bi deialdietan.

Alkateak dio bilkura hau aprobetxatu behar dela gaiarekin aurrera egiteko.

Alkateak proposatutako urgentzia bozkatu eta onartu egin da, alde bozkatu dutelako alkateak eta beste bost zinegotzik eta aurka lau zinegotzik bozkatu dutelako (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesús María Martiarena eta Miguel Antonio Arrizabalaga).

Une honetan etorri da bilkurara Silbia Folgueira.

Gaiaren urgentzia onartu eta gero, gaia bera eztabaidatzeari ekin zaio. Erabaki proposamenak honela dio:

1.- Lezoko udalak 2007ko martxoaren 12an egindako Tokiko Gobernu Batzordean 107 industri poligonoko konpentsazio proiektuko emaitzazko 2-A Lursailaren salmenta Kontratatzeko espedienteari hasera ematea erabaki zuen jardunbide ireki eta lehiaketa prozeduraren bitartez. Halaber kontratu hau arautuko duen Administrazio Baldintza Agiria onartzea erabaki zuen.

2.- Lezoko Udalak 2007ko maiatzaren 21ko tokiko gobernu batzordearen akordioaren bidez 107 poligonoko Jabetza publikoko 2-A lursailaren salmenta kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ri esleitu zion ondorengo baldintzetan: 318.000 € (BEZ barne) eta pabilioia eraikitzeko epea 12 hilabete.

5.- 2007ko ekainaren 13an Lezoko Udalak eta kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L. enpresak esleipena formaldu zuten kontratu batean.

Lezoko udalak 2008ko otsailaren 8ko 113 Alkatetza Dekretuaren bitartez adierazitako udal akordio hauek herri interesentzako kaltegarri deklaratzeko espedientea hastea erabaki zuen.

2008ko apirilaren 9an egindako osoko bilkuran Lezoko Udalak, besteak beste, ondorengo bi akordio hauek hartu zituen:

  • Arestian zehazturiko hiru udal akordioak herri interesentzako kaltegarri deklaratzea.
  • Dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegiaren aurrean aipatu hiru akordio horien aurkako helegitea tarteratzea.

6.- Lezoko Udalak Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegian, demanda bidez, 331 /08 prozedura arruntean izapidetzen ari den helegitea tarteratu zuen.

7.- Lezoko Udaleko ordezkariak kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ren ordezkariekin hitz egin ondoren egoki iritzi diote kontratuaren azkenaraztea adostasunez gauzatzea hitzarmen baten bitartez.

8.- 2008ko uztailaren 28an kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k , espedientean dagoen hitzarmena onartuz proposamena aurkeztu dute.

PROPOSAMENA

Aurkeztu den Hitzarmenean laburbilduz jasotzen dena zera da, kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k 107 poligonoko goian aipatu lursaila itzuliko dio Lezoko Udalari salerosketa bitartez eta honek 318.000 € ordainduko dizkio lursailaren truke.

Halaber Lezoko Udalak kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ri lehiaketa publikoaren ondorioz merkatal elkarte honek jasan behar izan dituen gastu zehatz batzuk ordainduko dizkio.

Bestalde kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k lehiaketaren parte hartzearen ondorioz ordaindu behar izan duen kopuru osoaren gaineko interes legala ere ordainduko du Lezoko Udalak.

AZTERKETA JURIDIKOA

Espedientean dagoen Transakzio Hitzarmenean jasotzen dena azken finean udalak eta kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k izenpetu zuten kontratua adostasunez suntsitzea da. Izenpeturiko kontratu hau Ondasunen Erregelamenduko eta Administrazio Publikoaren Kontratu Legearen Testu Bateratuaren araberako lehiaketa baten ondorioz esleiturikoa da.

Kontratu honen bidez Lezoko Udalak merkatal elkarte honi bere jabegoko lursail bat saldu zion. Kontratu hau administrazioaren kontratu pribatu bat da, hain zuzen ere Administrazio Publikoaren Kontratu Legearen Testu Bateratuko 9 artikuluan eta egun indarrean dagoen Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 21 artikuluan jasotzen dena. Kontratu pribatu hauek bere prestakuntza eta esleipenari dagokionez aipatu bi lege hauen arabera arautzen dira eta bere eragin eta azkentzeari dagokionean zuzenbide pribatuak adierazten duenaren arabera.

Horrela kode zibilak bere 1255 artikuluan xedatzen du, kontratatzaileek nahi dituzten hitzarmen, baldintza edo klausula zehaztu ditzaketela, legea, morala edo orden publikoaren aurkakoak ez badira. Honen harira gogoratu behar da Testu Bateratuko 111 artikuluan eta egun indarrean dagoen Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 206 artikuluan administrazioa eta kontratatzailearen artean adostasunez kontratazioari amaiera eman diezaioketela.

Adierazitakoa kontuan izanik, eta alkatetzak proposaturik, Osoko Bilkurak hemen heldu den erabakia hartu du:

BAT: Lezoko Udala eta kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.ren arteko transakzio-hitzarmena onartzea ondorengo baldintzekin:

1.-Transakzio Hitzarmen hau izenpetu baino lehen kontratua Mármoles Imaz y Gallardo, S.L.k lehiaketa publikoaren ondorioz merkatal elkarte honek jasan behar izan dituen gastuen ordainagiriak aurkeztu beharko ditu, originalak edo kopia konpultsatuak.

2.- Hitzarmenaren 3. Klausulan ageri den kopura berez 356.659,38 €takoa da eta ez modu okerrean adierazten dena (362.426,38 €), salmentaren kopurua (318.000 €) eta gastuena (38.659,38) gehituz gero ateratzen den kopurua aurrenekoa baita. Hori dela eta puntu hau adierazitakoren arabera zuzendu beharko da.

BI: Transakzio-hitzarmena izenpetu eta eskritura publikora jaso ondoren Lezoko udalak Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegian, 331/08 prozedura arruntean izapidetzen ari den helegitean atzera egingo du.

Kepa Garbizuk galdetu dio idazkariari gastuari buruzko txosten ekonomikoa espedientean izatea derrigorrezkoa ote den, ea espedientean txosten hori ba al dagoen eta, ez balego, ez egotearen ondorioak zein izan daitezkeen.

Idazkariak dio, gastua onartu aurretik txosten ekonomikoa izatea derrigorrekoa dela, espediente honetan ez dagoela horrelako txostenik eta, horrek, hartu nahi den erabakia baliogabea izatea suposatu dezakeela.

Alkateak dio, txostenik ez egon arren, kontu-hartzailea gastu honen jakitun dela eta, gastu printzipalerako, aurrez udalak jasotako dirua bueltatzea denez, ez dela behar aparteko kontsignaziorik, gainontzeko gastuetarako bai. Dena den, dio, garrantzitsuena osoko bilkurak landutako akordio honi buruzko erabakia ematea omen da, gaiarekin aurrera segi ala ez erabakiz. Horretarako proposatu du erabakiaren eragina aldeko txosten ekonomikoa izatearen baldintzapean ezartzea.

Eztabaidaren edukia gazteleraz laburtu du alkateak, Jesus Mari Martiarenak horrela eskatuta, jendartean dagoen Juan Francisco Gallardo interesatuak ulertu ahal izan dezan. Harekin batera dagoen abokatuak galdetu du ea kontsignaziorik gabeko akordio baliogabea hartzeak zer suposatu lezakeen, eta dokumentu eta baldintza horiek betetzeak noiz arte atzeratu lezakeen hitzarmenaren sinadura.

Idazkariak dio alkateak aipatutako baldintza betetzean izango duela eragina erabaki honek. Epeari buruz, alkateak dio guztion interesa dela gauzak lehenbailehen egitea.

Mikel Antton Arrizabalagak galdetu die interesatuei ea gauzak dauden bezala egonda (egin gabeko txostenen baitan, eperik gabe, ...) zergatik dauden akordiorako prest. Gallardo eta Imaz, S.L.ren abokatuak dio beraiek salerosketaren kontratua sinatu zutela udalarekin, dena ondo egina zegoenaren konfiantzan, eta, orain berriz, erabaki hura udal interesentzat kaltegarri deklaratzeak suposatuko duen auzian borrokatzea ez dutela bere gain hartu nahi, langileak direlako eta halako dirutza eta denbora arriskuan jartzeko ez dutelako eta, lehenbailehen, udalak berak sartu dituen buruhauste honetatik atera nahi dutelako.

Dena den, Mikel Antton Arrizabalagak dio, lurrak berreskuratzeko prezioa ona denaren aditu-txosten bat beharko lukeela udalak zeren, agian, negozio txarra egiten ari baita. Iñigo Esnaolak dio espedientean dagoen balorazio txostenak ez duela zalantzarako aukerarik ematen, ordaindu zena baino nabarmen altuago delako balorea. Txosten haiek gaurko egoerara eguneratu beharko liratekeela dio Arrizabalagak.

 

Alkateak jarritako baldintzarekin, hau da, gastua gauzatzerako aldeko txosten ekonomikoa izatearen baldintzapean, proposamena bozkatu eta onartu egin da, aldeko zazpi botorekin eta aurkako lau (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa, Jesús María Martiarena eta Miguel Antonio Arrizabalaga).

 

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:20etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna