Udal-marka eta aldizkaria aurkeztu ditu Lezoko Udalak

Or, 2010-04-16 12:46
Udal-marka eta aldizkaria aurkeztu ditu Lezoko Udalak apirilaren 14ean

Apirilaren 14ean Lezoko udal-marka eta udal-aldizkaria aurkeztu ditu Haritz Salaberria, Lezoko Alkateak. Biak udalaren komunikazioa hobetzeko burutu dituzte. Alkateaz gain, aurkezpenean Jon Legorburu alkateordea ere izan da.

Udal marka berria

Ongizate iraunkorra

Ongizate Iraunkorra izango da Lezoko udal-marka. Garenaren eta izan nahi dugunaren adierazpide sendoa da. Izan ere, udalaren egiteko nagusia lezoarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatzea da; gaurko eta biharko ongizatea.

Ongizatea da herritarren eta udalaren arteko topagunea, baina ongizateak dimentsio ezberdinak biltzen ditu, hala nola, ekonomikoa, ekologikoa, soziala... Baina, lezoarrak, oreka zailean bizi gara aspektu horietan guztietan, eta zailtasun horiek erabakitzen dute gure geroa. Bizi-kalitatea bilatzen du udalak, pertsonen ongizatea eta ingurumenarena bateragarri eginda.

Udal-markaren irudia oinatz bat da. Utzi nahi dugun aztarnaren kontzientzia osoa dugulako, lezoarren ordezkari, eta oina hutsik dago, lezoarrok inguruarekin izan nahi dugun harremanaren nolakotasuna adieraziz: konfidantzazkoa.

Bihotza ere bada irudiaren elementu. Geure burua geure inguruan maite dugulako ageri da, bizi nahiaren ordezkari unibertsala.

Hostoa berriz, ingurugiroaren ikurra da, gurekin bat eginda etorkizunerantz urratsak emango dituena.

Aldizkaria

Herriaren izen berdina darama aldizkariak: Lezo. Urtean lau ale aterako dira, eta udala, herria eta inguruaren arteko harremanen kronika da izateko asmoz jaio da.

Era guztietako gaiak izango ditu mintzagai aldizkariak: hezkuntza, kultura, herri-mugimenduak, herriko taldeak, obrak, proiektuak, ekonomia... Herritarrek udal jardunaren berri zuzena izatea da helburua, batez ere, interneten aritzen ez direnengana iristeko beharraz ohartuta. Aldizkari erakargarria eta ohiko moldeetatik urruntzen dena egitea bilatu da.

 Legegintzaldiari gainbegirada

Aipatutako aurkezpenak egiteaz gain, legegintzaldi honetako hiru urteetan egin diren lanei gainbegirada eman diote: Hirigintza Plana, Ingurumen aholkularia hartu izana, herriko azpiegiturak hobetzeko lanak, Jauregialdeko lanak (15 egun barru hasiko dira), herria biziagotzeko ekintzak...

Era berean, esku artean dituzten asmoen berri eman dute. Hala, hondakinak ahal den neurrian gutxitzeko neurriak aztertzen ari direla, eta gazteekin lan gehiago egin nahi dutela adierazi du Legorburuk. Ahaztu gabe, herritarren parte-hartzea sustatzen jarraitu nahi du udalak.

Arloa edo saila