2011ko maiatzaren 18koa

Agiri mota

Mamia:

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2011ko maiatzaren hemezortzian, ezohikoa, 19:35ean, eratu da EZOHIKO OSOKO UDALBATZA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea Alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla:, Jon Legorburu Arrastua, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano, Jaione Lekuona Irazusta, Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa eta Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín.

Irati Aranburu Salaberria, Iñigo Esnaola Arbiza, Jesús María Martiarena Jaca eta Roberto Sánchez Sánchez ez dira bileran izan.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Lezoko Udal langileen lan baldintzen inguruko akordioa eta hitzarmena, 2010 eta 2011. urtekoak, onartzeko diktamena (2010PE290002).

Jon Legorburuk eta Alkateak azaldu dute diktamena. Honela dio diktamenak:

"Gobernu Talde honetako ordezkaritzak, eta Enpresa Komitearen ordezkaritzak, 2011ko apirilaren 15ean egindako bileran, Lezoko Udaleko langileen lan baldintzei buruzko hitzarmena adostu zuten, 2010. eta 2011. urteetarako baliagarria izango dena.

Akordioak, hiru puntu ditu. Lehenengoan 2010. urteko lan hitzarmena gauzatzen da, bigarrenak 2011. urteko soldata igoera jasotzen du, eta azkenik hirugarren puntuan, 2011. urterako baliagarriak izan daitezken beste zenbait akordio negoziatzeko aukera jasotzen da.

Barne Batzordeak, 2011/05/11an egindako bileran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren aldeko botuekin, hurrengo akordioa diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Ontzat hartzea Gobernu Talde honetako ordezkaritzak eta Enpresa Komitearen ordezkaritzak, Lezoko Udaleko Langileen lan baldintzak arautuko dituen hitzarmenerako sinatutako akordioa, 2010 eta 2011. urterako baliagarria izango dena.

BI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

  • § Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • § Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

  • § Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
  • § Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da."

Jon Legorburuk dio udaleko langileen ordezkaritzarekin hitzartutako akordioa dela aurkeztutakoa, ordezkaritza osatzen duten bi sindikatuen ongi emanarekin: ELA eta LAB. Legorburuk dio proposamen honek Zapateroren dekretuan agindutako soldata jaitsiera aplikatzen ez den arren, pertsonal arloan hartutako beste neurri batzuren ondorioz (lan orduak, ordezkapenak, postu batzuk ez betetzeak, ...) Lezoko udalak lortu dituela dekretu horren helburuak, I kapituluko pertsonaleko gastuak ia %7an jaitsi direlako.

Ildo beretik, Alkateak 2010eko aurrekontuaren likidazioaren datuak eman ditu eta haien arabera Jon Legorburuk aipatu jaitsieraren zenbatekoaren zehaztasuna eman du. Alkateak dio pertsonal gastua murrizteko eta eusteko lana Lezon, Zapaterok dekretua eman baino lehen hasita zegoela. Esan du sindikatuek proposatutako guztia ez dela onartu, eskaera batzuk hor gelditu direla eta soldataren azterketa oraindik egin gabe zegoela 2009 geroztik.

Kepa Garbizuk galdetu dio idazkariari egin duen oharpen txostenaren eraginaren inguruan. Idazkariak esan du, bere ustez, oharpen txostenean jasota geratu dela erabaki proposamena ez datorrela bat indarrean den lege eta araudiekin. Oharpena espedientean dagoela eta honekin bilkura-kide guztiak oharpenaren jakitun direla. Gaineratu du txostena ez dela loteslea zinegotzientzat eta haiek jakingo dutela zer bozkatu, oharpen hori dela eta, izan daitezkeen ondorioekin.

Mikel Antxon Arrizabalaga ez dago batere ados proposatutako erabakiarekin. Bere ustez egungo finatza publikoek duten egoera ikusita zentzugabekeria, diru-eralketa eta eskandalu bat da. Gogoratu du, sarrera publikoak %27a jaitsi izana eta zerbitzu publikoak mantentzea helburu izaki Zapatarerok hartutako erabakiak logikoak direla. Gogoratu du igoera kontuhartzailearen txostenean jasotzen dena baina altuagoa dela. Akordioa ez zaio elkartasunezkoa iruditzen Lezoarrekiko eta enpresa askotan beren soldata murriztua ikusi duten beste langileekiko.

Alkateak dio ulertzen duela dekretuaren zergatia, baina errepikatuz dio haren helburuak betetzen ari direla Lezoko udalean.

Bozketa egin da eta diktamena onartu da aldeko bost botorekin, bi abstentziorekin (Kepa Garbizu eta Enrique Figueroa) eta aurkako boto batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga).

2.- Altamirako auzoan aparkaldi mugatua arautzen duen Ordenantzan aldaketak egiteko diktamena (2011UD290001).

Alkateak eta Jon Legorburuk aurkeztu dute gaia. Honela dio diktamenak:

"Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegiren botoak alde direla eta, Barne Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Altamirako aparkaldi mugatuaren ordenantzan egindako aldaketak onartzea, eransten den Araudiaren arabera.

BI: Egindako aldaketak GAO ean argitaratzea hilabeteko epean, interesatuak espedientea aztertu eta alegazioak tarteratu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez balitz jasoko, Altamirako aparkaldi mugatuaren araudiaren aldaketak behin betiko onarpena izango luke."

Kepa Garbizu ados dago aldaketarekin, baina oso haserre konturatu delako indarrean dagoen araudian, GAOn argitaratutakoan, ez direla jaso araudia onartu zenean egindako aldaketak. Aldaketa hauekin batera haiek ere zuzentzea espero duela esan du.

Bozketa egin da eta diktamena aho batez onartu da.

3.- Gipuzkoako Foru Kontratazioaren Zentralari atxikitzeko hitzarmena onartzeko diktamena.

Alkateak azaldu du Ogasun Batzordeak onartutako diktamena. Honela dio diktamenak:

"Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2011ko otsailaren 22ko 3/2011 Foru Dekretuaren bitartez, kontratazio zentralizatuko sistemaren araudia onartu eta Foru Kontratazioen Zentrala sortu du, kontrataziorako laguntza izango dena, ondasun, zerbitzu eta horniduren kontratazioan, hain zuzen, kontratazio sistema honi askatasunez atxikitzen diren toki entitateei laguntzeko.

Hori ikusirik, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2011ko maiatzaren 13an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegi zinegotzien aldeko botoekin eta Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzien abstentzioarekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskuratze Zentralizatuko sistemari - Foru Kontratazioen Zentralari atxikitzeko hitzarmena sinatzea."

Eztabaidarik gabe bilkuran diren zortzi zinegotziek diktamena aho batez onartu dute.

4.- Tomas Garbizu Udalaren Musika Eskolako tasak eta hobariak onartzeko diktamena (2011KO290001).

Jon Legorburuk aurkeztu du gaia: % 3aren igoera, KPIren igoera, egitea proposatu dute bai Musika Eskolako Eskola Kontseiluak, bai Ogasun batzordeak.

Kepa Garbizuk dio tasa bat gaizki eguneratua dagoela, "Lezokoentzat Tresna + Talde + Osagarri 1" tasak 352,26 € behar duela izan, igoera %3arena bada.

Jon Legorburuk dio hala dela eta aldaketa hori diktamenean egin dela. Hau da onartzea proposatzen den diktamena:

"Xanti Espina Anduezak, Tomas Garbizu udalaren musika eskolako zuzendari gisa, 2011/2012 ikasturterako tasak eta hobariak onartzeko idazkia aurkezten du, aurreko ikasturteko tarifei KPI-aren %3ko gehikuntza aplikatuz.

Hori ikusirik, Kontu eta Hazienda Batzordeak, 2011/05/13an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu, Urko Lopetegi eta Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzien botoa alde dela eta Kepa Garbizu zinegotziaren abstentzioarekin diktaminatzen du:

BAT: Tasen eta hobarien aldaketa hastapenez onartzea Tomas Garbizu udalaren musika eskolarako, 2011/2012 ikasturterako, KPI-aren %3 gehikuntza aplikatuz.

BI: Aplikatuko diren tarifak hauek dira:

Musika Eskola 2011-2012

ASIGNATURA

TASAK

Lezokoak

Kanpokoak

Tresna + Talde

283,25 €

469,06 €

1go Maila

142,14 €

234,53 €

Osagarria+Talde

142,14 €

234,53 €

Tresna +Talde + Osagarri 1

352,26 €

581,23 €

2 Tresna + Talde

567,53 €

936,99 €

Osagarriak, Musika Mintzaira eta Hezkuntza Musikala dira.

HIRU:HOBARIAK, "TOMAS GARBIZU" LEZOKO UDAL MUSIKA ESKOLAKO MATRIKULA TASEN ORDAINKETAN

Eskatzaileek aldez aurretik bete beharreko baldintzak:

1.- Lezon erroldatuta egotea eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen.

2.- Udal zerga eta prezio publiko guztiak ordaindurik edukitzea.

MATRIKULA TASEN ORDAINKETAN HOBARIA HONAKO HAUEK IZANGO DUTE:

1.-Aplikazio arauetan dagoen taulan ageri diren diru sarrerak gainditzen ez dituzten ikasleak. Hobaria: tasa horien %75.

2.- Famili ugariak. Kide bakoitzaren hobari eskubidea: %25.

APLIKAZIO ARAUAK:

1.- Kideen zenbatekoa erabakitzeko Biztanleen Udal Erroldaren azken eguneratzean jasorik dagoen dokumentazioa hartuko da kontuan.

2.- Tasen hobari eskabideak Musika Eskolako Bulegoan aurkeztuko dira matrikula egiterakoan eta dokumentazio hau bateratuko zaie:

2.a) Bizikidetzaren Ziurtagiria

2.b) "Sarrera ekonomikoengatik" eskatuz gero, Errentaren azken deklarazioaren kopia aurkeztu beharko dute edota Foru Diputazioaren ziurtagiria, esanez ez dutela deklarazioa egiteko obligaziorik.

2.c) Errenta Deklarazioa aurkeztean "GUZTIRA OSAGARRI POSITIBOAK" zehazpena begiratuko da.

2.d) Obligaziorik ezaren ziurtagiria aurkeztuz gero, Deklarazio hori ez egiteko Foru Diputazioak gehieneko sarreratzat hartutako baremoak edukiko dira kontuan. Obligaziorik ezaren agiria bateratu (ogasuna) eta 10-T (enpresa) edo etekin gordinen ziurtagiria. (Errotaburu). Tlf: 902-100040.

2.e) Famili ugarien kasuan, famili ugariaren liburua, eguneratuta.

3.- Hobari eskubidea duten pertsonei, matrikula ordaintzerakoan aplikatuko zaie hobaria.

4.- Hobariek metatze-izaerarik ez dutenez, onuradunak gehien interesatzen zaiona aukeratu ahal izango du

5.- Hobaria ematea gertatzean, hori eskatu den ekitaldirako bakarrik izango da.

6.- Tasa-hobarietarikoren baten onura jasotzeko proposatzen diren baldintzak ikasle batek betetzen baditu, baina aurreko ikasturtean klaseetara asistentzia %85 baino gutxiagokoa izan badu, beste gabe automatikoki ukatu egingo zaio eskaera.

Sarrera ekonomikoengatiko hobariari dagokion taula.

Familiakiden kopurua

Sarrera ekonomikoak

Hobariak

1

15.271

% 75

2

26.067

% 75

3

35.383

% 75

4

42.020

% 75

5

46.966

% 75

6

50.701

% 75

7

54.394

% 75

LAU: Jendaurrean jartzea GAOn eta udaletxeko iragarki oholeko iragarki bidez, hilabeteko epean espedientea aztertu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Epe horretan alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke.

BOST: Erabaki hau tramitezkoa denez ezin da bere aurka errekurtsorik jarri."

Diktamena aho batez onartu da.

5.- 2011ko ordenantza fiskalak aldatzeko diktamena: Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak (2011KO290001).

Jon Legorburuk Ogasun Batzordeak onartutako diktamena onartzea proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Kultura, euskara eta kirola departamentuak, Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuen ordenantza fiskalaren aldaketari buruz aurkeztutako proposamena eta horri buruz kontuhartzaileak egindako txostena ikusirik,

Kontu eta hazienda batzordeak, 2011/05/13an egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Urko Lopetegi zinegotzien botoa alde dela eta Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzien abstentzioarekin, diktaminatzen du:

BAT.- Hasierako onarpena ematea ondorengo ordenantza fiskalaren aldaketari:

7-11. Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak.

Indarrean sartzea: Behin argitaratutakoan, 2011ko irailaren 1etik aurrera.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Diktamena aldeko zazpi botorekin eta abstentzio batekin (Mikel Antxon Arrizabalaga) onartu da.

6.- Euskararen mahai sektorialaren antolaketa eta funtzionamendurako araudia onartzeko diktamena (2011KU290001).

Alkateak diktamenaren onarpena proposatu du. Honela dio diktamenak:

"Kultura Batzordeak, 2011ko maiatzaren 11ean egindako bilkuran, Haritz Salaberria, Jon Legorburu eta Pili Legorbururen botoa alde dela behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea Euskararen Mahai Sektorialaren antolaketa eta funtzionamendurako araudiari.

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Kepa Garbizuri ez zaio momentu egokia iruditzen horrelako erabaki bat hartzeko legealdia bukatzeko 30 egun falta direnean. Hurrengo korporazioak ikusi beharko lukeen gaia dela iruditzen zaio.

Alkateak behar bada arrazoi duela dio, baina orain arte parte hartu duten herritar eta kideei protagonismoa eta legitimitatea emate aldera egin duela proposamena. Diktamenari gehitu nahi dio jendaurreko epean alegaziorik ez balitz jasoko, araudiak behin betiko onarpena izango lukeela.

Alkatearen eransketa horrekin diktamena onartu da aldeko bost botorekin eta hiru abstentziorekin (Kepa Garbizu, Enrique Figueroa eta Mikel Antxon Arrizabalaga).

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 20:05ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 929.772.tik 929.777.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna