Salgai oraindik abenduaren 3ko ekitaldi solidariorako sarrerak

Og, 2016-11-24 18:25

Sarrera solidarioen salmentarekin Duchenne gihar-distrofia gaixotasuna ikertzeko dirua bildu nahi da. Horregatik, Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkarteak laguntza eskatu du eta parte-hartzera deitu ditu herritarrak. Ekitaldian hainbat musika eta dantza taldek hartuko dute parte eta Errealeko eta Bartzelonako futbol jokalariek sinatutako bi kamiseta ere zozketatuko dira. Sarrerak Bekoerrotan eskuratu daitezke kiroldegiko ordutegian

Salgai daude oraindik abenduaren 3an Bekoerrota kiroldegian ospatuko den ekitaldi solidariorako sarrerak. Ekitaldia Asociación ayuda enfermedades raras solidaridad y esperanza elkarteak antolatu du Lezoko Udalaren laguntzarekin.

Ekitaldi solidarioak eta bereziki sarreren salmentak helburu dute Duchenne gihar-distrofia gaixotasuna ikertzeko dirua biltzea. Izan ere, Duchenne gihar-distrofia haurrengan gehien diagnostikatzen den eta soilik gizonezkoei eragiten dien gihar-distrofia gaixotasuna da. Gaixotasun hau genetikoa eta hereditarioa da, eta egun ezin da sendatu. Hori dela eta ikerketa eta ikerketarako dirua lortzea ezinbestekoak dira.

Elkarteak laguntza eta elkarlana eskatu du, izan ere, ez dira uste bezain beste sarrera saldu. Horregatik, beren proiektuarekin bat egiteko eta ekitaldi solidarioan parte hartzeko eskaera egin die elkarteak herritarrei.

Ekitaldia, esan bezala, abenduaren 3an Bekoerrota kiroldegian ospatuko da arratsaldeko 18:30ean eta hainbat musika eta dantza taldek parte hartuko dute. Era berean, bi kamiseta zozketatuko dira, bata  Errealeko jokalariek sinatutakoa eta bestea, Bartzelonako jokalariek sinatutakoa, beste ticket batzuk erosita.

Sarrera solidarioak Bekoerrota kiroldegian eskuratu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera 8:15-21:45 bitartean, larunbatetan 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00tara eta igande eta jai egunetan 9:00etatik 13:30ra.

 

Arloa edo saila