2001.eko Azaroaren 30ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2001eko azaroaren 30ean, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (Batasuna) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (Batasuna), , Juli Del Sol Bermejo (Batasuna), Inmaculada Muñoz Martinez (Batasuna), Iñaki Zabaleta Zabala (Batasuna), Iñaki Labaka Loperena (Batasuna), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Jesús Mª Martiarena Jaka (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

Ez da bertan, etorri ezin izanaren berri aurrez eman gabe, Imanol Esnaola Arbiza (Batasuna).

Bertan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi, udal idazkariak.

1.- Alkatearen erabakien berri ematea.

Alkatearen hiru ebazpenen berri eman da: 165., 183. eta 184. erabakien berri eman zaio osoko bilkurari. Mikel Antxon Arrizabalagak protesta egin du pleno arruntak ez egiteagatik, urtean zehar egin beharreko seiak asko ez eta haietako batzuk ez egitearekin ez dago ados.

Alkateak dio 183. dekretuan ohiko osoko bilkura ez deitzearen arrazoiak azaltzen direla.

2.- 2002 ekitaldirako udal aurrekontuari onarpena emateko diktamena.

Alkateak deialdiarekin bidalitako aurrekontuari buruzko diktameneko zenbakietan aldaketak egin behar direla dio, pezeta eta euroen artean koadratu beharrak omen du aldaketaren arrazoia. Aldaketa jasotzen duen diktamen egokitua eman zaie zinegotzi guztiei.

Hau da diktamena, zenbaki zuzenduekin:

OGASUN ETA KONTUETARAKO BATZORDEAREN DIKTAMENA

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, azaroaren 21ean egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (E.H.) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (P.N.V.) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (E.A.) abstentzioekin, Osoko Bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

"Hasierako onarpena ematea 2002eko Udal Aurrekontuari. Hona hemen aurrekontua atalez atal zehaztuta:

Alkateak dio aurrekontuen ildo nagusiak memorian eta ekimen planean jasotzen direla. Ildo horiek legislaturako ardatzen jarraipena omen dira: herri kultura eta ongizatea indartzea, baztertuei laguntzea, lurralde antolaketa, Euskal Herrirako demokraziaren eta eraikuntza nazionalaren alde lan egitea.

Udal aurrekontuen egoera ekonomikoa estua omen da, kirol azpiegituran egindako azken inbertsioengatik. Iazko aurrekontuarekin alderatuta aurtengoaren igoera %12 da. Ez omen dago proiektu erraldoirik baina aberatsa omen da ekimenetan.

Mikel Antxon Arrizabalagak, PSEko zinegotzi eta taldeko bozeramailea, aurkeztutako aurrekontuen aurka dagoela dio: inbertsio ahulak eta sinpleak jasotzen omen dira; arazoei konponbiderik ez omen zaie ematen: Ongizate Zerbitzukoei, hirigintza planeamendu orokorraren errebisioa egiteko, babes ofizialeko etxebizitzak non eraiki ahal izateko lurra erosteko. Erabateko desadostasuna omen du zenbait helbururekin. 32 orduko lan astea erokeria omen da. Transferentzi arruntak egiteko moduarekin ez omen dago batere ados; auditoriorako partidarekin ez omen daude ados beste behar garrantzitsuagoak badirelako.

Pello Garbizuk, PNV-EA taldeen izenean, aurrekontuari aurkezten dizkioten hiru emendakinen azalpena egin du. Emendakin hauek diktamenarekin batera banatu dira bilkurako deialdian. Emendakinak hauek dira: 189 milioiko partida tutoretzako etxebizitzak eta eguneko zentroa egiteko; 5 milioiko partida irisgarritasun plana egiteko eta dirulaguntza partida igogailuak jarri ahal izateko. Gastu proposamen hauek badute bere finantzazio proposamena (mailegua, kanpoko dirulaguntzak eta zenbait partidetan gastu gutxiago).

Alkateak erantzun dio. Eguneko zentroa eta tutoretzako etxebizitzak eraikitzeko kreditua eta Diputazioaren dirulaguntza finantzazio bide planteatzea ez dela proposamen erreala dio. Hazienda Batzordeko partaide guztiek, eta horrela talde politiko guztiek, ezagutzen omen dute 2001-2005 bideragarritasun plana. Bertan esaten denaren arabera, eta zorpetze maila egun %23koa izanik, ez da beste mailegurik hitzartzea aholkatzen. Bestalde, Aldundiak azkeneko aurrekontua baimentzerakoan besterik ez hitzartzea gomendatu zuen. Hori guztia ezagutu ondoren zuhurtziagabekeria handia deritzo mailegu berria eskatzeari eta oposizioak egin duen bezala, proposatzeari.

Dirulaguntzari buruz dio ez dakiela zein datu duten esateko Aldunditik dirulaguntza izango dela esateko.

Eguneko zentrorako gobernu taldeak ba omen du proposamenik, gerontologia planean omen dago: 3. sektorean proposatzen omen da ekipamendu integrala, eraikinaren finantzazioa sektore beretik lortzen omen da, eta instalazioen ekipamendurako bai Aldundiaren laguntza eta baita Donibane kaleko SO5 eta UAD 6 aprobetxamenduen monetarizazioa izango omen dira diru iturri. Beraz, etorkizun horrekin ezin omen dute emendakina onartu nahiz eta eguneko zentroa gure ekimen nagusietako bat izan.

Bere erantzunarekin jarraitzen du alkateak. Irisgarritasun plana eta igogailuentzako dirulaguntzak ezin omen dira saneamendu gastuak murriztuta finantzatu, gastu hauek eginda baitaude. Udalbiltza partidatik kentzeari buruz dio azken plenoko erabakiari jarraiki kuota hori ordaintzea onartu zela. Beraz, edo erabakia aldatzen da edo planteatutako finantzazioa ezinezkoa da.

Iirisgarritasun plana Aldundiak eta Once erakundeak sinatuko duten hitzarmenaren barruan Lezoko herria ere aztertuko omen dute. Eta plan horretatik ateratzen diren akzioak gauzatzea omen dagokio Lezori. Datorren urte bukaera aldera jakingo omen dira eta bitartean antzua omen da zenbateko diru partida erabakitzen aritzea. Igogailuarena ere irisgarritasun planarekin aztertu omen daiteke. Alkateak dio diruaz hitz egin aurretik, badagoela lana non egin eta egoera aztertzeko, irizpideak argitzen joateko.

Horregatik guztiagatik emendakina ez onartzea bozkatuko dutela dio alkateak.

Pello Garbizuk dio zorpetze maila % 23koa bada, emendakinak proposatzen duen mailegua hitzartzeko aukera badagoela. Foru Aldundiaren dirulaguntza ez omen dago garbi, fondo forala garbi ez dagoen bezala. Eguneko zentroaren kokapenari buruz Pleno honek erabakitako batzordeak ez omen du oraindik erabaki kokapenik. Saneamenduko gastua egina badago, ez omen da ez legezko ez demokratiko plenoak ezer ez jakitea hortaz. Udalbiltzari aurten milioi bat eman omen zaio eta beraiei aurten bi ematearekin nahiko igoera badela iruditzen zaie eta datu horiekin 11 milioietatik 9 kentzea ez omen da eskandalagarria. Irisgarritasun plana eta igogailuentzako dirulaguntzak aurrekontuetan sartzeak ez omen du inongo kalterik suposatzen.

Alkateak proposamenak batzordeetan landu behar direla gogoratu duenean, eztabaida piztu da. Pello Garbizuk eta oposizioko gainontzeko zinegotziek gogoratzen diote osoko bilkurari gaiak zuzenean aurkezteko duten eskubidea eta Gerontologia Plana lantzen ari den batzordea ez dela maiatzetik urrira bitartean bildu.

Alkateak emendakinaren bozketa planteatu du. Emendakinak sei boto izan ditu alde, EAJ, EA eta PSEko zinegotzienak, eta sei aurka, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak. Berdinketa dagoenez, bigarren bozketa egin da eta boto berdinak eman direnez alkatearen kalitatezko botoagatik emendakina ez da onartu.

Aurrekontu testuari buruz, Pello Garbizuk osotasunarekiko emendakina irakurri du, 2002 aurrekontu proiektuari EAJ/PNV eta EA talde politikoetako kontzejalek aurkezten diotena. Emendakina aurrekontu espedientean jaso da. Proiektua hobeagotu daitekeelako alkatetzara itzul dadin eskatu dute.

Alkateak osotasunarekiko emendakinari buruz dio iazko aurrekontuari egindako kritika berdin berdinak direla. Oposizioari leporatzen dio ez duela inongo parte hartzerik izaten, ez duela ezagutzen udala zertan ari den. Bere ustez parte ez hartzearen arrazoia da tajuz eta edukiekin lan egiteko kapazitaterik ez izatea. Joan den urteko berriketa ez omen dute berrituko eta ekimen planeko ekintza guztietarako aurrekontua dutela gogoratuz bukatu du bere hitz saioa.

Pello Garbizuk dio proposamenak egiten dituztela, baina ez direla aintzat hartzen. Alkateak ez omen ditu informatzen.

Aurrekontuen bozketa egin eta aldeko sei boto eman dira, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak eta aurkako sei, EAJ, EA eta PSE taldeetako zinegotzienak. Berdinketa eman denez, bigarren bozketa egin da eta boto berdinak eman direnez, alkatearen kalitatezko botoari esker hasierako onarpena eman zaio 2002ko aurrekontuari. Hamabost laneguneko epea irekiko da jendaurrean jarri eta alegazioak aurkeztu ahal izateko. Alegaziorik aurkeztu ezean behin betiko onarpena izango du dokumentuak haren berri herrialdeko aldizkari ofizialean emango delarik.

3.- 2002 ekitaldirako lanpostuen zerrenda eta plantila organikoa onartzeko diktamena.

Alkateak Barne Batzordeko diktamenaren onarpena proposatu dio osoko bilkurari. Diktamenak honela dio:

DIKTAMENA. 2002. URTERAKO UDAL PLANTILA ORGANIKOAREN ETA 2002. URTERAKO LANPOSTUEN ZERRENDAREN HASIERAKO ONARPENA

Udal aurrekontua onartzerakoan eta indarrean dagoen legerian oin hartuz, Udal Batzarrari dagokio urtero aurrekontuaren bidez udal plantilla eta lanpostuen zerrenda onartzea.

Barne Batzordeak 2001eko azaroaren 27an eginiko batzarraldian izan zen diktaminatua proposamena, Aitor Sarasola Salaberriak eta Mikel Mitxelena Izak alde botatu zutelarik eta Pello Garbizu Azkue abstenitu.

Horiek guztiak horrela, Osoko Bilkurari honako ERABAKI hauek hartzea proposatzen diot:

BAT: 2002. urterako udal plantilla organikoari hasierako onarpena ematea.

BI: 2002. urterako lanpostuen zerrendari hasierako onarpena ematea.

Besterik gabe bozketa egin da. Diktamenaren alde sei boto jaso dira, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak; lau boto kontra, EAJ eta EA taldeetako zinegotzienak eta bi abstentzio, PSE taldeko zinegotzienak. Ondorioz diktamena onartu da.

4.- 2001eko udal aurrekontuen kreditu aldaketarako 30002/2001 espedientea onartzeko diktamena.

Alkateak Hazienda Batzordearen diktamena onartzea proposatu dio bilkurari. Honela dio diktamenak:

OGASUN ETA KONTUETARAKO BATZORDEAREN DIKTAMENA

Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, azaroaren 21ean egindako bilkuran, Aitor Sarasola Salaberriaren (E.H.) boto ponderatua alde zelarik, eta Pello Garbizu Azkueren (P.N.V.) eta Iñake Urrestarazu Azurmendiren (E.A.) abstentzioekin, Osoko Bilkurari erabaki hau hartzea proposatzen dio:

Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, Gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziarengatik, identifikazio zk. 30002/2001, data 2001-11-21, eta zenbatekoa 35.268.611,- pta.

Aldeko sei botorekin, alkatearena eta Batasunako gainontzeko zinegotzienak, aurkako lau, EA eta PSEko zinegotzienak eta EAJko bi zinegotzien abstentzioarekin diktamena onartu da.

5.- Galde eskeak.

1.- Pello Garbizuk, EAJ eta EA taldeetako zinegotzien izenean, bilkura aurretik idatziz egindako galdera, bilkurako espedientean jaso dena, erantzutea eskatu du. Galdera Gerontologia Planari buruzkoa da, hura burutzeko epeei buruzkoa hain zuzen ere.

Ongizate gaietarako zinegotzi delegatu Inma Muñozek erantzun dio. Proiektuarekin lanean ari omen dira, kokapen eta eraikuntzari buruz alkateak bilkura honetan esandakoa ekarri du gogora. Epeak ez badira bete, dio, teknikari berri bat kontratu berri delako dela eta martxorako interbentzio plana bukatua egotea espero duela. Ondoren, Gestio Plana egingo omen da, zerbitzuaren diseinu hobe bat nahi omen da.

2.- EAJko zinegotzi Jesus Mari Martiarenak hiru galdera egin ditu. Lehenik, galdetu du ea nola dagoen futbol zelaiko desjabetzapen-espedientea. Alkateak erantzun dio. Ez omen du berririk, espedientea lehen zegoen tokian egongo dela dio. Agian J. M. Martiarenak hobeto dakiela espedientea nola dagoen bera Hazienda batzordeko lehendakari zela hartu baitzen erabakia.

Bigarren, galdetu du 103 Poligono inguruan, lur ez urbanizagarrian, eraiki nahi den karakol granjarako obra baimenaren tramitazioa nola dagoen. Alkateak dio azken Gobernu Batzordean baimena eman zitzaiola. Espedientean, Aldundiaren, Behemendiren, Oarsoaldearen eta udal arkitekto aholkulariaren txostenak omen daude, guztiak aldekoak.

Hirugarren galderan itaundu du ea beharrezkoa den 485.000.- pezetako ordularia jartzea Altamirako Auzo elkarteko etxearen fatxadan. Alkateak zer esan nahi duen galdetu dio, berak merkeago jarriko zuela edo ez zela beharrezkoa. Ea inbertsioak erabakitzeko irizpiderik duen zer den beharrezkoa eta zer ez.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:20 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.265.etik 310.270.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna