2002.eko Abenduaren 13ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2002ko abenduaren 13an, 19:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE).

Ez dira bertan izan Pello Garbizu Azkue (EAJ), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA), Gurutze Sein Cordero (EA), Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ), eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE). Azken bi hauek ezin etorri izana adierazi dute.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Proposamena: Lezoko udal langileen lansarien igoera 2002 eta 2003 ekitaldietarako.

Alkateak azaldu du deialdiarekin bidalitako proposamena aldatu egin duela langileen ordezkaritza entzun ondoren. Atzo egiteko deitua zegoen Barne Batzordea quorum ezagatik egin ez bazen ere langileen ordezkaritzarekin aritu omen zen hitz egiten eta haiek horrela eskatuta proposamena berri aurkeztez omen dio osoko bilkurari.

Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"Sindikatuak eta Eudel ez dira akordio batera iritsi Herri Administrazioaren zerbitzurako langileen 2002 eta 2003 ekitaldietako lan baldintzei dagokienean.

Egoera ikusita, negoziazio mahaiak erakundez erakunde irekitzea eskatu dute sindikatuek eta EAJ/PSE/EA/PP alderdi politikoek, berriz, administrazio publikoko langileen lan baldintzak arautzeko akordio politikoa lortu dute 2002 eta 2003 ekitaldietarako.

Sortu den egoeraren aurrean, eta sindikatuen eta Eudelen artean EUFALEBAren inguruan lor daitekeen akordioaren kalterik gabe, hona EBAZPEN proposamena:

BAT: Eudeli negoziazio mahai globala berriro ireki dezan eskatzea, Toki Administrazioko langileen lan baldintzei buruz akordio bat lor dezan 2002 eta 2003 ekitaldietarako.

BI: EUFALEBA sinatu bitartean, subsidiarioki, EAJ/PSE/EA/PP alderdi politikoek lortutako akordioa aplikatzea, modu honetan:

2002/01/01era atzera eraginez

  • 2002ko lansariak: Administrazio publikoko langileen lansariak, oro har %2 igotzea eta %1gehiago lansarien egokitzapen-fondoa osatzeko.
  • %0,5 gehitzea langileek eta erakundeak Elkarkidetzari egiten dizkioten ekarpenak.
  • Erabaki hau hartu egunetik aurrera eraginez

    1. Lezoko Udaleko langileen ordezkaritzak eskatu bezala, EAJ/PSE/EA/PP alderdi politikoek administrazio publikoko langileen lan baldintzak arautzeko 2002 eta 2003 ekitaldietarako lortu duten akordioa aplikatzea.
    2. 2003ko lansariak: Ekitaldiari ezarri ahal zaion aurrekontu-araudian xedatutakoari kalterik egin gabe, fondoa eratuko da. Fondoa, aurreko ekitaldiko KPI estatala + %0,2ren eta oro har ezarritako ordainsari-igoeraren arteko aldearen baliokidea izango da.
    3. %0,5 gehitzea langileek eta erakundeak Elkarkidetzari egiten dizkioten ekarpenak.

    HIRU: Lezoko Udaleko langileen lan baldintzak arautzeko hartutako ebazpenak edota hobekuntzak mantentzea".

    Alkateak adierazi du Batasuna taldeak, EUFALEBA markoa, Udal eta Foru administrazioko langileen baldintzak negoziatzeko marko global bezala aintzat hartzen duela, beraz mahaiaren osaketa eskatzen dute.

    Era berean salatu du Batasuna talde politikoa baztertua izan izana EUFALEBAko negoziaziotik.

    Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez haren urgentzia bozkatu da eta bilkuran diren zortzi zinegotziek alde bozkatu dute.

    Proposamenak berak aldeko boto bat jaso du, Mikel Antxon Brusin Arrizabalagarena (PSE) eta zazpi abstentzio, alkatearena eta Batasuneko gainontzeko zinegotzi guztiena. Ondorioz, proposamena onartu egin da.

    2.- Proposamena: S1 eta S3 sektoreei buruzko hiri antolamenduko Arau Subsidiarioen aldaketaren dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriaren behin-behineko onarpena.

    Alkateak erabaki proposamena aurkeztu du. Honela dio hitzez hitz:

    "Lezoko Udalbatzak 2002ko urriaren 18an egindako Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman zion S1 eta S3 sektoreei buruzko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriari.

    Prentsa idatzian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko 210 zenbakian argitaratu zen aipatu akordioaren iragarkia 2002ko azaroaren 6an eta dokumentu osagarria hilabete batez informazio publikoan egon da udaletxeko Hirigintza Sailean. Epe horretan dokumentu honen inguruan ez da alegaziorik aurkeztu.

    ERABAKIA:

    BAT: S1 eta S3 sektoreei buruzko Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen aldaketa dokumentua zuzentzen duen dokumentu osagarriari behin-behineko onarpena ematea.

    BI: Akordio honen berri interesdun orori jakinaraztea.

    HIRU: Dokumentu osagarriaren eta espedientearen kopia Gipuzkoako Foru Aldundira igortzea".

    Proposamenak Hirigintza Batzordearen diktamenik ez duenez, gaurko bilkuran eztabaidatzeko urgentzia bozkatu da. Urgentziaren alde zazpi boto izan dira, alkatearena eta Batasuneko gainontzeko zinegotziena eta kontrako boto bat, Mikel Antxon Brusin Arrizabalagarena (PSE).

    Behin urgentzia onartuta, proposamena bera bozkatu da. Onartzearen alde zazpi boto eman dira eta kontra bat, Mikel Antxon Brusin Arrizabalagak (PSE) emandakoa. Ondorioz proposamena onartu da TOALeko 47,3 artikuluan eskatutako korporazio kideen gehiengoaren aldeko botoa jaso baitu hirigintza arau aldaketarako proposamenak.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:10 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.470.etik 310.472.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna