2003.eko Urtarrilaren 17ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2003ko urtarrilaren 17an, 18:00 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria (EH) alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza (EH), Imanol Esnaola Arbiza (EH), Juli Del Sol Bermejo (EH), Inmaculada Muñoz Martínez (EH), Iñaki Zabaleta Zabala (EH), Iñaki Labaka Loperena (EH), Pello Garbizu Azkue (EAJ), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE), Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA) eta Gurutze Sein Cordero (EA).

Ez dira bertan izan Jesus Mª Martiarena Jaka (EAJ) eta Ainhoa Villanúa Ayuela (PSE).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkari Xabier Loiola Aristik.

1.- Egoki irudituz gero, 2002ko azaroaren 8an eta abenduaren 13an egindako bilkuretako akten onartzea.

Inongo aldaketarik gabe onartu eta sinatu egin dira bi aktak.

2.- Alkatearen erabakien kontu ematea.

Alkateak ez du ezer ezeren konturik eman.

3.- Diktamena, hasierako onarpena emateko beheko solairuetan bizitegirako erabilera ahalbideratzeko ordenantzari.

Alkateak udalbatzari proposatu dio Hirigintza Batzordearen 2002-12-02ko diktamena onartzea. Diktamenak honela dio:

"Lezoko Udalak abenduaren 4ko 267 Ebazpenaren bitartez Kasko Zaharra, Hiri Kaskoa eta honen kanpoaldea, 3, 5 eta 30 poligonoei zein 1 eta 2 Sektoreetako guneei dagokien Arau Subsidiarioen aldaketaren aurrerapena onartu zuen.

Aurrerapen dokumentu honen xedea aipatu guneetako sailkapen xehatua aldatzea da. Ain zuzen ere beheko solairuetan bizitegirako erabilera ere ahalbideratzea.

Hori horrela izanik ere aipatu aurrerapen dokumentuaren hitzaurrean bertan agintzen da sailkapen xehatuaren aldaketak suposatzen duen erabilera aldaketa aurrera eramateko prozedura eta beste baldintzak udalak ordenantza batean arautuko dituela.

Agindu hori betetzeko Lezoko Udaleko zerbitzu teknikoek Beheko solairuen erabilera aldaketa arautzen duen ordenantza prestatu dute.

EBAZPENA:

BAT: Beheko solairuen erabilera aldaketa arautzen duen ordenantzari haserako onarpena eman.

BI: Aipatu dokumentua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera kontaturik hogeita hamar lan egunez jendaurreko informazioan ezartzea, interesdun orok alegazioak aurkezteko modua izan dezan."

Pello Garbizuk argitu du gai zerrendarekin batera bidalitako dokumentazioan proposamena aipatzen dela eta berez erabaki proposamena diktamena dela. Aipatu du ordenantza funtsean Errenteriakoan oinarritzen dela nahiz eta beste herri batzuetakoaren antzik izan. Ondo kopiatzearekin konforme omen dago. Halere akats batzuk ba omen daude testuan: 2. orrialdeko 4. lerroaldean " ha redactado" esan behar omen du; 6. orrialdeko 6.2 gaian "j" esan behar omen du "ii" ordez; 9. Orrialdeko 5. lerroaldean 3. Lerroan " y la autorización provisional de uso" esan ordez "y la autorización provisional de cambio de uso" esan behar omen du; 12. orrialdean "Articulo 10" esan behar omen du eta ez "Artículo 01". 3.6 artikuluan jasotzen den lege aipamena zuzen ez ote dagoenaren zalantza ere azaldu du, 211/1996 dekretua izan ordez 214/1996 ez ote den.

Bestalde, Pello Garbizuk dio ordenantzak zein esparru eta eremuetan izango den aplikagarri argitu behar omen luke. Alkateak dio hori Arauen Subsidiarioen kontua dela eta ez ordenantzena.

Baita ere kritikatu du ordenantza erdara hutsean aurkeztu izana. Kritikatu du ere abenduko hirigintza batzorderako ez omen zuten ordenantza ikusterik izan eta oraingo deialdiarekin ere ez bidaltzea.

Bere azalpena bukatu du esanez ez dagoela herritarrari eskatzerik udalak berak betetzen ez duenik.

Alkateak erantzun dio esanez abenduaren 2ko batzordea deitu geroztik dagoela zinegotzien eskura ordenantza. Baita ere dio ordenantza Errenteria eta Arrasatekoak kontuan izan baditu ere, eduki teknikoa baita nagusi, ba duela haiekiko berrikuntza garrantzitsu eta nabarmena: erabilera aldatuko duten lokalen salmenta prezioa mugatzea, etxebizitza hauek udalak ahal duen neurrian espekulazio saretik kanpo utziz. Funtsezko berezitasuna omen da hau. Ez batzordean ez hura egin zenetik gaur egun arte ezer esan ez eta orain Pello Garbizuk esan dituenak esatea tokiz kanpo jo ditu alkateak.

Imanol Esnaolak dio oraindik ez duela ezagutzen EAJren iritsia proposamenari buruz: zuzendu beharreko forma akatsak aipatzea besterik ez baitu egin. Euskararen normalizazio kontuan, ordenantzaren itzulpena bukatu aurretik aurkeztea, ados egonik ere fribolizazio saio bat iruditu zaio bere jarduna kontutan izanik EAJ dagoen administrazioetan eta arduretan askotan betetzen ez duena eskatzen. Adibide bezala Ertzaintza jarri du.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio konforme dagoela proposamenaren ideiarekin baina testua ezagutu bitarte abstenitu egingo dela.

Pello Garbizuk dio gaia diktaminatu zela zinegotziek testua eskuratzeko aukera izan aurretik. Dena den Plenoa aproposa omen da kritika egiteko eta horrela egin omen du inor iraindu gabe eta inongo fribolizaziorik gabe.

Beste parte hartzerik gabe diktamena bozkatu da. Aldeko hamar botoekin (Alkatea, Batasuna, EAJ eta EA zinegotziak) eta abstentzio batekin (PSEko Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinena) diktamena onartu da.

Alkateak esan du herritarrei ordenantzaren inguruko informazio emateko bilera izango dela datorren otsailaren 3an.

4.- Proposamena, 3. Sektoreko Plan Partziala behin behinekoz onartzeko.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"Lezoko Udalak 2002ko abenduaren 4an Alkatearen 265., Dekretuaren bitartez haserako onarpena eman zion S3 sektoreko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialari.

2002ko abenduaren 17an aurreko dekretuaren iragarkia argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 238 zenbakian, hain zuzen ere.Halaber, prentsa idatzian ere argitaratu zen aipatu dekretuaren iragarkia.

Informazio publikoak iraun duen 15 egunetan ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu zion S3 sektoreko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialaren aurrean.

17/94 legearen 6., artikulua aintzat hartuta

EBAZPENA.-

BAT: S3 sektoreko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partzialari behin behineko onarpena ematea.

BI: S3 sektoreko zehaztapenak garatzen dituen Plan Partziala eta izapidetu den espedientea Gipuzkoako Foru-Aldundira igortzea, honek, behin betiko onarpena eman diezaion."

Pello Garbizu proposamenaren aurka azaldu da: alor horretako lurrak 2. Poligonoko dentsitatea arintzeko eskuratu omen zituen udalak eta oraingo proposamenarekin arazoa konpondu ordez areagotu egiten omen da. Hirigintza Diagnostiko dokumentuak ere horrela omen dio: "no se hizo estudio pormenorizado del Polígono 2, de su alta densidad". Elortegi aldeko lur erosketarekin arazoa makilatu egiten omen eta ez benetan egin behar dena egin, hau da, edo etxebizitza gutxiago eraiki edo 3. Sektore ondoan lur gehiago erosi.

Alkateak dio 3. sektore ondoan dagoen 1. sektoreak oso dentsitate gutxikoa dela; 3. Sektorean, nahiz eta dentsitate altukoa dela onartu, auzoak gaur egun ez duen plaza eder bat izango du. Lurra non erosi eta etxebizitzak non eraiki ahal diren proposatzeko eskatu dio Pello Garbizuri.

Mikel Antxon Arrizabalaga kokapenarekin ez dago ados. Lezon eraikitzeko egokiagoak diren beste terreno batzuk ba daudelako. Bere ustez udalak egiteko duen planeamendu orokorraren bidez egiten da lur horien aukeraketa.

Iñake Urrestarazuren ustez hirigintzan medikuntzan bezala, diagnostikoa egin bai baina tratamentuarekin hasi ezean gaixoa ez omen da sendatzen. Horrela hirigintza diagnosiari bakarrik komeni denean egiten bazaio kasu lehengo akatsak edo beharrak areagotu egiten omen dira. Kasu honetan ez dago ados 2 Polígono lur libreetan etxebizitzak eraikitzearekin.

Alkateak dio ez dagoela konparatzerik auzoak izango dituen espazio libreak orain dituenarekin, auzoak nabarmen irabaziko duela: lehen eraikinetatik libre geratu ziren lur sobranteak, retalak, inongo planifikaziorik ez duten lurrak orain aldiz planifikatutako eta erabilgarriak izango diren espazio publiko libreak eraikiko baitira.

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez, haren urgentzia bozkatu da. Urgentziaren alde zazpi boto izan dira, alkatea eta Batasuneko zinegotziena, aurkako hiru, EAko bi zinegotziena eta PSEkoarena eta abstentzio bat, EAJko zinegotziarena.

Proposamenak aldeko zazpi boto jaso ditu, alkatea eta Batasuneko zinegotzienarenak, aurkako bi, EAko Gurutze Sein eta PSEko Mikel Antxon Arrizabalagarena eta bi abstentzio, EAJko Pello Garbizu eta EAko Iñake Urrestarazurena. Beraz, proposamena onartu da, TOAL eskatzen duen korporazioa osatzen duten zinegotzi kopuruaren gehiengoaren aldeko botoarekin.

5.- Proposamena, 110 Industrialdean dagoen udal jabego lursail baten erabilera Etxemar, S.L.ri esleitzeko.

Alkateak proposamena aurkeztu du. Proposamenak honela dio hitzez hitz:

"2002ko urriaren 18an buruturiko Udalbatzarrean Lezoko Udalak 110 Industrialdean dagoen udal jabegoko lursail baten erabileraren emakida esleitzeko proiektua eta baldintza plegua onartu zituen.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2002ko azaroaren 4ean, 208 zenbakidun alean, hogeita hamar lan egunetako epean interesdun orok proposamenak aurkez zitzan .

Aipatu epean proposamen bat baino ez zen aurkeztu, hain zuzen ere ECHEMAR, S.L.rena.

Abenduaren 11an kontratazio mahaia bildu eta ECHEMAR, S.L.k aurkezturiko proposamenaren bi kartazalak aztertu ziren. Lehen kartazala, hau da, dokumentu administratiboei dagokiena, osatua zuen eta ontzan eman zen. Bigarrenari dagokionez proposamen ekonomiko eta teknikoa ere baldintza pleguarekin bat zetorren.

ECHEMAR, S.L.ren proposamen ekonomikoa urtean aipatu lursailaren erabileraren truke 8.352 euro BEZ barne ordaintzearena izan zen, 20 urtetan zehar.

Kontratazio mahaiak 110 Industrialdean dagoen udal jabegoko lursail baten erabileraren emakida behin behinekoz ECHEMAR, SL.ri esleitzea erabaki zuen 7/1985 legearen 21 atalak dionarekin bat etorriz

EBAZPEN PROPOSAMENA:

BAT: 110 Industrialdean dagoen udal jabegoko lursail baten erabileraren emakida behin betikoz ECHEMAR, SL.ri esleitzea 20 urtetarako, urtean 8.352 euro BEZ barne ordaintzearen truke.

BI: Aipatu diru kopurua urtez urte eguneratuko da baldintza pleguan jasotzen den moduan.

HIRU: Hogeita hamar egun naturaletako epean kontratua izenpetu beharko dute ECHEMAR, S.L.k eta Lezoko Udalak, hori baino lehen ECHEMAR, S.L.k 942.75 euroko bermea Lezoko udalaren alde kontsignatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du Lezoko Udaleko informazio bulegoan, hain zuzen ere esleitzen den lursailaren balioaren %5ri dagokiona."

Alkateak azpimarratu du dirua kultur erabileretarako erabiliko dela eta udal aurrekontuetan horrela jasoko dela.

Pello Garbizuk dio aurtengo aurrekontuetan horrela jasota behar zuela eta zalantzak dituela hala dagoen. A la carta egindako lehiaketa izan dela dio. Faborezko tratua jaso omen enpresa horrek nahiz eta beste arloetan arazoak izan obrak gelditu bai zitzaizkion, lehen erabilera baimena ezin lortuaz ibili, e.a..

Alkateak dio bi aukera zeudela edo lur eremu hori zegoen bezala utzi, udalak ez bai zuen kirol instalaziorik bertan egiterik aurreikusten edo etekin bat atera. Eta azken aukera hau hartu da. Batzordean lehiaketarako esleipen irizpideak azaldu zirenean eta poligonoan beste aktibitate bat sortu ahal izatea ekiditu nahiak ez omen zuen inongo ekarpenik edo kritikarik izan eta orain guztia kuestionatzea ez zaio jarrera iruditzen alkateari.

Pello Garbizuk dio bere libre dela bere irizpideak batzordean zein plenoan egiteko.

Adjudikazio mahaiak egindako proposamena bozketara jarri da. Alde zazpi boto izan dira, alkatearena eta Batasuneko zinegotziak, aurka hiru boto izan dira, EAJ eta EAko zinegotziak eta abstentzio bat izan da, PSEko zinegotziarena.

Alkateak aurka bota dutenei boto esplikazioa emateko eskatu die. Iñake Urrestarazuk ez duela emango esan du.

6.- 2003ko Ordenantzen aldaketa: O.O.Z. industrialaren tipo aldaketa.

Alkateak aurkeztu du proposamena. Honela dio hitzez hitz:

"Aurtengo urtarrilaren 14rako aurreikusitako hazienda batzorde informatzailean nahikoa quorumik ez eta aipatutako gaia diktaminatu gabe geratu denez, alkatea naizen aldetik Udalbatzari proposatzen diot honako ebazpen hau hartzea:

Lurzoru industrialean edo tertziarioan kokaturiko ondasun higiezinen gaineko zerga dela-eta 2003ko karga-tipoaren aldaketa onartzea eta tipo hori 1.000ko 5ean finkatzea."

Alkateak dio zuzenketa honekin azken urteetan zerga honek izandako beherakada zuzendu nahi dela dio.

Mikel Antxon Arrizabalagak esan du aurten ondasunen balorazioetan eta IAE zegan aldaketak izango direnez, haiek nolakoak diren jakin bitarte abstenitu egingo dela.

Gaiak batzorde berri emailearen diktamena falta du, horretarako deitu zen Hazienda Batzordeak quorumik izan ez zuelako, eta horregatik gaiaren urgentzia bozkatu da. Urgentziaren alde zortzi boto izan dira, alkatea, Batasunako zinegotziak eta EAJkoarena, boto bat aurka EAko Gurutze Seinena eta bi abstentzio, EAko Iñake Urrestarazu eta PSEko Mikel Antxon Arrizabalagarena.

Proposamena onartu da aldeko zortzi botorekin ( alkatea, Batasunako zinegotziak eta EAJko zinegotzia), aurkako bi botorekin (EAko bi zinegotzienak) eta abstentzio batekin, PSEko zinegotziarena.

8.- Galde eskeak.

Ez da inongo galde eskaerarik egin.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 18:50 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.480.etik 310.485.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna