2004.eko Abenduaren 14ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2004ko abenduaren 14ean 8:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Ez dira bilkurara etorri Isabel Lopez Aulestia (IU-EB taldea) eta Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Diktamena: Kale Nagusiko Hiritartze proiektuaren obra-kontratazio esleipena.

Alkateak aurkeztu dio osoko bilkurari Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak abenduaren 9an onartutako diktamena. Honela dio diktamenak hitzez hitz:

?Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2004ko abenduaren 9an egin zuen batzarraldia.

Hartan, soilik puntu hau tratatu zen: Kale Nagusiko Hiritartze Obren kontrataziorako esleipen proposamena.

Kontratazio mahaiaren aktaren berri eman zen, eta honela dio:

?2004ko abenduaren 2an, 8:00 orduetan Kale Nagusiko Hiritartze Obrak kontratatzeko prozeduran ari den kontratazio mahaia elkartzen da Lezoko Udaletxean. Kontratazio Mahaia ondorengo hauek osatzen dute:

Lehendakaria: Jesus Mari Martiarena

Bokala: Kepa Garbizu

Bokala: Aitor Mimendia

Bokala: Xabier Loiola

Bokala: Joseba Eizagirre

Idazkaria: Aitor Iztueta

KONTRATUAREN ESLEIPEN PROPOSAMENA

Azaroaren 25ean jendaurrean egindako ekitaldian ireki ziren kontratazio honetarako lehiaketan parte hartzera onarturiko entitateen proposamenak.

Kontratazio hau arautzen duen baldintza agiriaren 16. atalak xedatzen duena kontuan izanik, kontratazio mahaiak ondorengo puntuaketa irizpide hau onartzen du:

Proposamen ekonomikoaren hobekuntzan eta kontratua burutzeko epearen murrizketan, proposamen ekonomikoenari 60 puntu eta epe murritzenari 40 puntu ematea adosten da eta gainontzeko proposamenei, proportzioan, hoberenarekin parekatuz dagokien puntuaketa.

Horrela, irizpide honekin ondorengo puntuaketa hau dagokie proposamenak aurkeztu zituzten lehiakideei:

1.- ARKAITZA,S.A. ?KOBRA, S.A.:

Proposamen ekonomikoa: 879.359,89 euro, BEZ barne??????....... 60 puntu

Obra burutzeko epea: 6,5 hilabete?????????????????. 15 puntu

GutIra:????????????????????????????? 75 puntu

2.- ORSA, S.L. ?ARIAIN, S.A.:

Proposamen ekonomikoa: 895.257,93 euro, BEZ barne???????? 58,92 puntu

Obra burutzeko epea: 4 hilabete?????????????????? 40 puntu

Guztira:????????????????????????????? 98,92 puntu

3.- AMENABAR, S.A. :

Proposamen ekonomikoa: 923.157,22 euro, BEZ barne???????.. 57,02 puntu

Obra burutzeko epea: 6 hilabete?????????????????? 20 puntu

Guztira??????????????????????????. 77,02 puntu

Halaber, Kale nagusiko hiritartze proiektua idatzi duten eta obra honen lan-zuzendaritza egingo duten Arkitektoen txostenaren arabera ORSA S.L.-ARIAIN, S.A.ren proposamena da egokiena.

Hori dela eta, baldintza agiriaren 19. atalak xedatutakoari jarraiki, kontratazio mahaiak kontratazio organoari ondorengo akordio proposamen hau egiten dio:

BAT: Kale Nagusiko Hiritartze obra ORSA S.L.-ARIAN S.A. enpresei esleitzea?.?

Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak, Kepa Garbizu (EAJ), Jesus Mari Martiarena (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoarekin, aho batez onartu zuen ondorengo DIKTAMEN hau Udalbatzari onarpenerako aurkeztea:

BAT: Kale Nagusiko Hiritartze obra ORSA S.L.-ARIAN S.A. enpresei esleitzea.

BI: Esleipendunak, esleipenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita, egutegiko 15 egunetako epean honako hauek egin beharko ditu:

a) Behin betiko bermea eta berme osagarria jarri. Bi berme hauen zenbatekoa esleipenaren zenbatekoaren %10 izango da (behin betiko bermea %4 eta osagarria %6), hau da, 89.525,79 euro.

b) Jendaurreko zabalkunde ofizialean gastuak egin badira, aldizkari ofizial eta argitaraldietako gastuak ordaindu. Gastu horien zenbatekoa 1.000 ? izango da, gehienez.

c) Administrazio honen bulegoetara etorri, proiektuaren zuinketa berrikusteko eta dagokion akta izenpetzeko.

d) Azkenik, administrazio honen bulegoetara etorri, kontratua administrazio-agiri gisa formalizatzeko.

HIRU: ORSA, S.L.-ARIAIN, S.A.ren proposamenak banakako prezioen zerrenda ez dakarrenez, kontratu hau arautzen duen baldintza agiriko 3. atalak xedatzen duena kontuan izango da, horrela, Lehiatzaileak banakako preziorik aurkezten ez badu, Administrazioarenak oinarritzat hartzen dituela ulertuko da, baina lehiatzailearen prezio-proposamenean jasotako beherako portzentajea kenduta.?

Diktamena ahobatez onartu dute osoko bilkuran diren zinegotziek.

2.- Mozioa, Lezoko Etxeratek abenduaren 26rako antolatuko duen manifestazioari atxikimendu mozioa.

Alkateak dio, aurreko ohiko plenoan ahalegindu zela mozioa bilkuran eztabaidatzen baina, gai zerrendan egon ez eta behar diren botoak lortu ez zituenez, ezin izan zela eztabaida egin. Orain, aldiz, bere konpromisoari eutsiz gai zerrendan jasoa dago mozioa eta ondoren eztabaidatu egingo da. Alkateak dio, berak eta bere talde politikoak babestu egingo dutela mozioa.

Mozioak honela dio hitzez hitz:

?2004. urtea joan zaigu ia eta aurtengo balantzea iazkoa bezain latza da. Eguberrietan hainbat familia eta koadrilatan hutsunea sumatuko da: senide edo laguna ondotik falta dute / dugu. Eta urte asko dira, gehiegi, hutsune hori bizi dugula. Hogeitaka urte dira Jose Lorentzo Aiestaran etxetik falta dela, Juanito Trezetek ere laster egingo du bizitza erdia espetxean eta Jabier Garmendiak hogei urte bete berriak ditu espetxean.

Konponbiderik ekarri ez duen errepresio eta espetxe politika honek presoa txikitzea izan du helburu eta, horretarako, senide eta lagunok erabili gaitu. 2004. urtean zehar Lezoko senide eta lagunek bisita labur bat egiteko milaka kilometro egiten jarraitu dute, horrek dakarren guztiarekin. Esate baterako, herriko lau lagunek auto istripu larria izan zuten urtarrilean. Eta noiznahi gerta daiteke tragedia bat lehenbailehen politika honekin amaitzen ez bada.

Preso ditugun senideek ere ez dute urte gozoa izan, hamaika miaketa, murrizketa eta zigor sufritu dute eta bizi baldintzak ezin eskasagoak bihurtu dizkiete. Jabier Garmendiak, esaterako, legez kalean behar zukeen arren, espetxean jarraitzen du. Xabier Alegria laugarren espetxealdia sufritzen ari da epaitua izan gabe eta bere familiak milaka euro jarriak ditu bermetan dagoeneko. Juanito Alacant-eko espetxera urrundu dute. Imanol Esnaolak martxoaren 11ko gertaeren inguruan liskar larriak bizi izan zituen eta familiak dirutza ordaindu ondoren askatu zuten? Ez da urte gozoa izan, eta estatu espainol eta frantsesaren legediak gure senideen bizi-baldintzak eta senideon eskubideak nola zanpatzen dituen ikusten / sufritzen jarraitu dugu. Euskal preso politikoentzat ez dago eskubiderik.

Horregatik, Lezoko Etxeratekoek uste dugu badela egoera gaizto hau gainditzeko garaia, eta hori urratsak emanez bakarrik lortzen da. Bide horretan hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu dugu eta, besteak beste, honako hau eskatzen dizuegu:

Abenduaren 26an deituko dugun manifestazio isilari Lezoko Udalak babesa ematea.

· Aipatutako manifestazioan parte hartzea.

· Herritarrei bertan parte har dezaten deitzea.

· Aurreko urtean bezala, aurten ere zuen babesa jasoko dugulakoan, adiorik ez.?

Mari Luz Angladak ez du ulertzen alkatearen eta haren talde politikoaren jarrera, ohiko gai zerrendan mozioa sartu ez zutelako eta orain horretarako pleno berezia deitzen dutelako.

Mikel Antxon Arrizabalagak faltan eman du mozioan bizi-eskubideari buruzko aipamenik. Bestalde, ez omen du ulertzen alkatearen jokoa, horrela mozioak babestuz eta manifestazioak deituz. PSE talde politikoak aurka bozkatuko omen du.

Jendartetik Aitor Sarasolak PNV eta EAri leporatu die euskal presoen egoeran duten erantzukizuna: Ajuria Eneako Mahaian erabakitako dispertsioa babestu dutelako, eta, horregatik, astero-astero presoen senideek egin behar dituzten kilometroetan erantzukizun zuzena omen dute alderdi horiek. Gestoetatik ekintzetara pasatzeko eskaera egin die: gaur emango duten babesa pozgarria bada ere, joan den larunbatean izan zen Krokeren aldeko manifestaziora udal ordezkaritzarik azaldu ez izana gaitzetsi du, bi udal hautetsi preso izan direnean inolako atxikimendurik edo babesik eman ez izana leporatu die. Horregatik, benetako jarrerak eta ekintzak eskatu dizkie bi alderdi horiei euskal presoen afera konpontzeko.

Jendartetik, eta Etxeraten izenean, Itziar Goienetxea aritu da. Esan du, manifestazioa Etxeratek deitzen duela, urte garai honetan urtero egiten duen bezala, herri guztia gonbidatzen dutelarik parte hartzera eta, iaz Sararekin gertatu bezala, oraingoan ere, manifestazioak dispertsioaren eraginez hil den beste senide bat, Karmele, izango duela gogoan. PSE taldeko zinegotziari gogoratu dio alderdi horretako Euskadiko idazkaria den Lopezek egun hauetan esandakoa, alegia, bukatu egin behar dela senideei jartzen zaien zigorra. Azpimarratu nahi du, bere eskaera presoak Euskal Herrira ekartzea dela. Gogoratu du Lezoko presoen egoera zein den: Juanito Trecet Alacanteko espetxean eta Javier Garmendia ?Kroke? Ocañako espetxean azken 20 urtetan. Bien kasuan gurasoak adin handia dute eta distantziak bisitak eragozten dizkie. Lorenzo Mitxelena ?Fanekas? berriz, paper guztiak izatetik eta egoera erabat erregular batetik ?busca y captura? egoerara pasa omen da Venezuelan, horrek behartzen duelarik ezkutuan bizitzera, eta inongo epairik gabe. Aipatu du Xabier Alegriaren kasua ere, egoerak dituen kontraesanak agerian utzi nahian, zeren 51 urteko kartzela zigorra iragarri duten egun berean 15 milioiko fidantza pean atera omen baita espetxetik.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio, berak ez duela nahi inor errepidean hiltzea baina ez duela nahi auto bonba batez edo tiro batez kalean hiltzea ere. Bonbak jarri eta erasoak egin ordez, azkarragoa omen da bakea eginez bakea egitea. Barregura ematen omen dio kuestioa ez konpontzea PNVri leporatzeak, garbi baitago PNVk ez duela ezer konpontzen ezta ezer egiten ere; adibidez, ez omen du espetxetako eskumena bere gain hartu, ezta hartu nahi ere.

Itziar Goinetxeak dio, Etxeratek ez dituela bonbak jartzen ez tirorik botatzen, Etxeratek presoak Euskal Herrian nahi dituela, eta arazoa konpontzeko eskatu die alderdi politikoei, gogoratuz, senideak eta sufritzen dutenak direla gatazka konpontzea nahi duten lehenengoak.

Mozioaren bozketa egin da eta aldeko sei boto eman dira, alkatea eta EAJ eta EA taldeetako zinegotzienak, eta ezezko bi boto, PSE eta PP taldeetako zinegotzienak.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:00 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta xxxxx.etik xxxxx.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna