2000.eko Urtarrilaren 25ekoa

    Agiri mota
    Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2000ko urtarrilaren 25an, 19:05 orduetan eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKO BILKURA egiteko xedez, lehen deialdian, Aitor Sarasola Salaberria alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Mitxelena Iza, Nekane Artola Labordeta, Imanol Esnaola Arbiza, Juli Del Sol Bermejo, Inmaculada Muñoz Martinez, Iñake Urrestarazu Azurmendi eta Gurutze Sein Cordero.

    Aurrez ezin etorria jakinarazi dute Xabier Alegria Loinaz eta Kepa Garbizu Azkuek. Ez dira etorri, aurrez inolako arrazoirik jakinarazi gabe, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin eta Ainhoa Villanua Ayuela.

    Bertan izan eta egintzaren fede eman du udal idazkariak, Xabier Loiola Aristik.

    1.- Mozioa, Euskal preso politikoen egoerari buruzkoa eta 27ko grebaren aldekoa, EHko alkateak aurkeztua.

    Alkateak aurkeztu du mozioa, Euskal Herritarrok-eko alkate hautatu batzuek euskal preso politikoekin solidaritatez egindako gose-greba bitartean moldatua, Altsasuko herrian.

    Mozioak honela dio, hitzez hitz:

    “EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE 28 ALKATE GOSE GREBAN

    EUSKAL HERRIKO UDALBATZA GUZIEI ZUZENDUTAKO MANIFESTOA

    XXI. mendearen atarian gauden honetan, EUSKAL HERRIA behin betirako ASKATASUNA, mugarik gabeko DEMOKRAZIA eta letra handiekin idatziriko BAKEA eskuratzeko aukera historiko galduezinaren aurrean dago. Azkeneko hilabete hauetan Euskal Herriko gizarteak ezin nabarmenago adierazi du erantzunkizun historiko honi kemenez ekiteko borondatea, aurrerapauso ausartak emanez Herri gisa dituen erronka nagusiei askatasunetik erantzun egokiak emateko.

    Inolako zalantzarik gabe, ehundaka errepresaliatu politiko eragin dituen gatazka politiko baten iraupena da Euskal Herriak pairatzen duen arazo latz zein mingarrienetako bat; preso politikoen auzia behin betirako ez konpontzeak ezinezkoa egiten baitu demokrazia eta bakearen bidean urrats erabakior bezain atzeraezinak ematea. Hartara, zenbaezinak dira jada euskal gizarteak ia ahobatez Euskal Preso Politikoen eskubide zibil nahiz politikoen errespetoa aldarrikatzeko burutu dituen ekimenak. Gizarteko sektore anitzetatik eta gisa ezbedineko Instituzioetatik ozenki plazaratu da Euskal Herri osoaren garraxia: gizatasunaren gutxienezko arauak eskatzen dutelako, indarrean dagoen legediak agintzen duelako, Euskal Herriaren eraikuntzan beharrezkoak direlako eta batipat Euskal Herriak horrela erabaki duelako: EUSKAL PRESOAK EUSKAL HERRIRA!!

    Pasa dira kasik hiru hilabete dagozkien oinarrizko eskubideen aitortzan aurrerapausorik egon ezean, euskal preso politikoak gose greba mugagabe bati ekin diotela, preso askoren osasuna arrisku larrian dagoelarik. Euskal Herriak bere hitza eta erabakiaren defentsaren ardura preso politikoen bizkarrean ezin duela utzi pentsatuz eta gure herrietako gizartearen ordezkari izateak geureganatzen duen erantzunkizunari atxikituz astebeteko gose greba egitea erabaki dugu Euskal Herriko 28 alkatek. Baraualdi honetatik, Euskal Herriaren erdigunea den Altsasutik bertatik dei berezi bat egin nahi diogu euskal gizarteari presoen eskubideen aldezko jarduera indartu dezan.

    Modu oso berezian Euskal Herriko Udaletxe nahiz Udalbatza guziei zuzendu nahi gatzaizkio urtarrilaren 25ean ezohizko Osoko Bilkurak antolatuz.

    Idazki honetan jasotzen diren aldarrikapenak beregain hartu ditzaten eta presoen eskubideen alde ondoko neurri zehatzak bideratu ditzaten:

    1. Presoen oinarrizko eskubide zein aldarrikapenak biltzen dituen eta beraien defentsan herritarren partehartze zuzena eskatzen duen UDAL BANDOA kaleratzea.

    2. Presoen eskubideen alde herrian antolatzen diren ekimenekin bat egin eta Udal Ordezkaritza baten partehartzea ziurtatzea.

    3. Euskal Presoen Eskubideak bermatzeko udal Batzorde bat osatzea gizarte eragileekin batera lan egiteko.

    4. Presoen eskubideen urraketak eragiten duen zama ekonomikoa arintzeko dirulaguntza bat onartzea.

    5. Udalak argitaratzen dituen agiri nahiz inprimaki guzietan Euskal Presoak Euskal Herrira zigilua agertzeko erabakia hartzea.

    6. Udaletxeko balkoian eta Pleno Aretoan modu iraunkorrean Euskal Presoak euskal Herrira ikurrak modu iraunkorrean eskegitea eta Udal Bando baten bidez herritar guziei gauza bera egin dezaten eskatzea.

    7. Urtarrilaren 27rako euskal presoen defentsan gizarte eragile ezberdinek egin duten Greba Orokorrerako deialdiarekin bat egitea eta herritarren atxekimendua eskatzea”.

    Iñake Urrestarazuk eskatu du mozioa puntuz puntu bozka dadila, eta alkateak onartu egin du hori. Bozketa eginik hau izan da emaitza: Mozioaren lehen hiru puntuak aho batez onartu dituzte bertan diren zinegotziek. Laugarren puntua onartu egin da aldeko sei botoz (EH) eta bi abstentziorekin (EA). Bosgarren puntua onartu egin da aldeko sei botoz (EH) eta bi kontrakorekin (EA). Seigarren puntua onartu egin da aldeko sei botoz (EH) eta bi kontrakorekin (EA) eta zazpigarren puntua onartu egin da aldeko sei botoz (EH) eta bi kontrakorekin (EA).

    EA-koen botoaren zentzua ikusirik, eta kritika politiko gisa, Imanol Esnaolak azpimarratu du, EA-n beti hautematen duela aurkeztutako proposamenenen beherapenen bat. Talde horren azken hilabeteetako jarrera positiboki baloratu du baina kritikatu egin du haiek bere egiten ez dituzten ekintzen alternatibarik ez aurkeztea.

    Iñake Urrestarazuk esan dio ezen, orotan ados balira, talde politiko berean egongo liratekeela.

    Aktaren amaiera.

    Beste aztergairik geratzen ez denez, Alkate-lehendakariak 19:25 orduetan eman dio buru bilkurari. Eta nik, Idazkari naizen aldetik, akta 225333.etik 225335.era arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

    Eguna