1998.eko Uztailaren 16ekoa

Agiri mota

Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hamaseian, 19:30 orduetan bildu da, Udaletxeko biltzar areto nagusian UDALBATZA OSOA bere EZOHIKO ETA PREMIAZKO BILKURA egiteko, lehen deialdian, Mikel Arrizabalaga Pikabea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jose Luis Ruiz Navarro, Joana Mª Salaberria Lizarazu, Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Rafael Salaberria Etxezurieta eta Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea.

Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jesus Mª Martiarena Jaka eta Pello Garbizu Azkue ez dira bilkurara etorri.

Mirari Rekalde Gonzalez oporretan dago.

Xabier Loiola Aristi aritu da idazkari gisa eta Patxi Apalategi Mendizabal itzultzaile gisa.

1.- BILKURAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

Alkateak azaldu du deialdiaren premiazkotasuna: Xabier Alegria, lezoarra, eta beste hamar pertsona atxilotu izanak eta Egin egunkaria itxi izanak, bere iritzirako, adierazpen askatasunaren kontrako eraso larria suposatzen dute, eta gainera beldur izatekoa da atxilotuak tratu txarrak jasaten aritzeko posibilitatea.

Horregatik, laguntza juridikoa eskaintzeko helburuz eta atxilotuei eta Egin egunkariari sostengua eskaintzeko xedez, bertan diren zinegotziei eskatu die deialdiaren premiazkotasuna berrets dezaten . Bertan diren zinegotziek ahobatez, udalbatza osatzen duten hamahiruetatik zazpik, berretsi egin dute deialdiaren premiazkotasuna.

2.- LEZOKO HERRI BATASUNAK AURKEZTUTAKO MOZIOA.

Agustina Pontestak mozioa irakurri du, honela dio:

"Gaur, hilak 15 Policía Nacional-ak Garzón epailearen aginduz burutu duen operazioak Xabier Alegria lezoarra eta beste hainbat euskal herritarren atxiloketa eragin du. Operazio berean Egin egunkaria itxi eta mihatu dute.

Horren aurrean oso kezkaturik gaude. Izan ere, ezagunak dira espainiako indar polizialek euskal herritarrak atxilotzean ematen dizkieten tratu txar eta torturak. Urtea hasi zenetik 89 tortura kasu daude dagoeneko.

Halaber, kezka eta larritasuna eragiten digu berriro ere Egin egunkariaren kontrako operazioa dela ikusteak. Ugari eta oso gogorrak izan dira Egin egunkariaren kontra agintari eta politikariek esan eta egindakoak eta behin eta berriro epaitegiek Egin errugabea dela onartu behar izan dute. Hala ere, salaketa eta kontrako ekintzek jarraitu dute egunkari hau auzibidez ez bada ekonomikoki edo beste edozein modutan itotzeko. Oraingoan ere antzeko zerbaiten aurrean gaude: Egin egunkariaren kontrako kanpaina, aldi batean itxi eta ekonomikoki itotzeko asmoa besterik ez duena.

Horregatik uste dugu oraingo honetan ere herri honetan giza eskubideak eta adierazpen askatasuna daudela auzitan. Honelakoek ez diote ezer onik ekartzen herri honetan bizi dugun egoerari, zapalketarena baino elkarrizketarena delako benetako irtenbidea.

Hori guzia kontuan hartuz Lezoko udal batzari honako puntuok onartzea proposatzen diogu:

  1. Xabier Alegria lezoar atxilotuak jasotzen duen tratuaren jarraipen zorrotza egitea eta tratu txarrik, torturarik edo ez-legezko prozedurarik somatuz gero horren berri ematea herriari eta epaitegietan salatzea, bai eta herritar honek behar izan dezakeen laguntza juridikoaren gastua udalak bere gain hartzea ere.
  2. Adierazpen askatasuna aldarrikatuz eta Egin egunkariak jasandakoa salatuz agiria kaleratzea herriari zuzendua bando zein prentsa bidez. Halaber, egunkaria itxita dagoen birtatean Egin egunkariarekin dituen harpidetzak ordaintzen jarraitzea.
  3. Herri osoari elkarrizketa bidezko konponbidearen eta Euskal Herriak bere etorkizuna demokratikoko erabakitzeko duen eskubidearen aldeko manifestua kaleratzea."

Alkateak azpimarratu egin du bilkuraren premiazkotasuna arrazoitzeko aurrez adierazi duena. Beste talde politikorik bertan ez denez, eta arazoa eztabaidatzerik ez dagoenez, bertara bildu den jandea gonbidatu du hitza hartzera.

Publikoaren aldetik auhendatu egin dute gainerako taldeen ausentzia, haien jokaeraren zabarkeria.

Idazkariak ohartarazi du ezen, aurkeztutako akordioak, laguntza juridikoaren gastuak udalak bere esku hartzea barne izanik, ez daukala gastu horretarako aurrekontu-kontsignaziorik izatearen aldeko txostenik, eta gainera ohartarazi du, hiritarren asistentzia juridikoa ez dela Udalaren eskumenekoa, eta beraz, akordioa ez litzaiokeela zuzenbideari egokitu.

Alkateak esan du, planteatutako akordioa bere gain hartzen duela ondorio guztiekin.

Bozketa eginik, mozioa ahobatez onartu dute bertan diren zinegotziek, udalbatza osatzen duten hamahiruetatik zazpik.

AKTAREN AMAIERA.

Eta beste aztergairik ez dagoenez, 19:40 orduetan lehendakaritzak amaitutzat eman du batzarraldia. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziek izenpetu dugun akta honi.

Eguna