2006.eko Urriaren 4ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2006ko urriaren 4ean, asteazkena, 8:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), Noemí Arberas Osés (EAJ taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea) eta Maria Luz Anglada González (PP taldea).

Ez dira bilkurara etorri Mikel Antton Arrizabalaga Brusín (PSE taldea), ezta Ainhoa Villanúa Ayuela ere (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Egoki irudituz gero, 2006ko ekainaren 7ko, uztailaren 14ko eta irailaren 18ko osoko bilkuretako aktak onartzea.

Lehen bi aktak zuzenketarik gabe aho-batez onartu dira. Hirugarrenari, irailaren 18koari, erdarazko bertsioan, 622541 orrialdeko 5. lerroaldea aldatu egin behar zaio eta bere ordez hau jaso "La Comisión de Urbanismo celebrada el 2 de agosto de 2006 con el voto favorable de Jesús Mari Martiarena (EAJ), Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), María Luz Anglada (PP) y Mikel Antxon Arrizabalaga (PSEE-EE)". Zuzenketa horrekin akta onartu da.

2.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak egin diren bileretako gai zerrenden kopiak banatu ditu. Horren inguruan informazio gehiago eskatuz gero emango dela adieraziz.

3.- Diktamena, bide publikoan ibilgailuak ibilgetu eta erretiratzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Alkateak Barne Batzordearen diktamena irakurri du eta haren onarpena proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Udal plenoak 2004ko urriaren 6an onartu zuen Bide publikoan ibilgailuak ibilgetu eta erretiratzea arautzeko Ordenantza eta 2004ko abenduaren 20an GAO-ren 242. zenbakian argitaratu ondoren behin-betiko onarturik geratu zen.

Ordenantza horretako 6. artikuluak seinalatzen du bide publikotik ibilgailuak erretiratzea zein inguruabarretan egin daitekeen.

Udaltzaingoak agindu ahal izango du ibilgailua bide publikotik erretiratzea eta ibilgailuen udal gordetegira hura eramatea, ondorengo inguru-abar hauen eraren baten aparkaturik dagoenean:

"1) Arriskua sortzen duen tokiren batean.

2) Oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa larriki eragozten duenean.

3) Zerbitzu publikoren baten funtzionamendua eragotzi edo oztopatzen duenean.

4) Ondare publikoan hondaketa edo kaltea eragiten duenean.

5) Abandonatu egoeran aurkitzen denean.

6) Soilik zirkulatzeko edota zenbait zerbitzu seinalaturen erabilpenerako (autobus, taxi, geltoki elbarritu e.a.-entzako)gordetako karriletan edo bide-guneetan.

7) Ibiltzeko bidea eragozten duten istripuen kasuan.

8)Ibilgetzea behartzeko heineko hondamen-egoeran dagoenean.

9)Ibilgailuaren ibilgetzea legez egin ondoren, ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioa oztopatu gabe hori gauzatzeko toki egokirik geratzen ez denean.

10) Segurtasun eta larrialdi zerbitzuetarako erreserbatutako tokietan.

11) Lehentasunezko atentzioko bide gisa katalogatuetan. (VAP).

12) Legean edota Ordenantza honetan aurreikusitako beste edozein balizkotan."

Baina ez du jasotzen zehatz-mehatz Zirkulazio Kodeko 292.III.b) artikuluan aurreikusten den balizkoa (1934ko irailaren 25eko Dekretua):

"13.- Toki berean ibilgailu baten geratze jarraikakoarengatiko salaketa egin zenetik hogeita lau ordu iragan direnean ibilgailu hark tokiz aldatu gabe segitzean, baldin eta udal xedapenetan hala arauturik aurkitzen bada."

Horregatik, Zirkulazio Kodean aurreikusitako egoera horietan ibilgailuak erretiratzeko aukera bideratzeko helburuz, Kepa Garbizu, Jesus Mari Martiarena, Iñake Urrestarazu eta Mari Luz Angladaren aldeko botoekin, Barne Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hasierako onarpena ematea bide publikoan ibilgailuak ibilgetu eta erretiratzea arautzen duen Ordenantzaren aldaketari, bere 6. artikuluan testualki ondoren zehazten den 13. balizkoa gehituz:

"13. Toki batean bertan jarraian geldirik egoteagatik salaketa egin zenetik hogeita lau ordu iragan izanik, ibilgailu hura halere tokiz aldatu ez denean."

BI: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen.

HIRU: Jendaurreko epean alegaziorik ez bada jasotzen, araudiak behin betiko onarpena izango luke."

Osoko bilkuran diren bederatzi zinegotzien aldeko botoarekin onartu da diktamena.

4.- Diktamena, 2007ko ordenantza fiskalen onarpena.

Alkateak Hazienda batzordearen diktamena onartzea proposatu dio osoko bilkurari. Honela dio diktamenak:

"Haziendako delegatuak azaldu ditu 2007. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontuhartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Iñake Urrestarazu (E.A.) eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Hasierako onarpena ematea ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketari:

  • 2007ko egutegi fiskala
  • 6-2 Ibilgailuen sarrerak eta ibiak
  • 6-4 Udal lokalak erabiltzearen tasa
  • 7-1 Ura
  • 7-3 Zaborra
  • 7-7 Jarduera lizentzia
  • 7-8 Establezimenduak irekitzea
  • 7-9 Hirigintza lizentziak
  • 7-10 Eskaera bitartez emandako dokumentuak
  • 7-12 Bekoerrota kiroldegia eta Altzate igerilekuak

BI: Ondorengo Ordenantza honi baja ematea:

  • 7-4 Etxez etxeko laguntza

HIRU: Informazio publikorako hilabeteko epea irekitzea, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta iragarki oholtzan iragarkia argitaratuz, alegazioak aurkez daitezen."

Jendartetik Aitor Sarasola, Lezoren Alderen izenean, zera dio: urtero egiten duen salaketa egitera datorrela gaur ere, erabakia hartzeko beharrezkoa den plan ekonomikorik ez dela aurkezten eta, horrela, datozen urteetan tasak eta zergak zer bilakaera izango duten ez dela argitzen, alegia, ea gaur proposatzen diren uraren eta zaborren %10eko eta %15eko igoerak datozen urteetan mantendu behar diren ala ez. Uraren kasuan, Jaizkibelgo urak ez erabiltzeak behar diren uren %50a Añarberi ordaindu beharra suposatuko du eta igoerak mantendu egin beharko direla usten du. Zaborraren kasuan berdin, udal gobernuak pentsatua duen kontratuak gastuen igoera nabarmena ekarriko du eta, ondorioz, zergak ere igo egin beharko dira.

Osoko bilkuran diren bederatzi zinegotzien aldeko botoarekin diktamena onartu egin da.

5.- Diktamena, Hiriguneko lokalak etxebizitzetara aldatzeko jardueren udal ordenantzak indarrean jarraitzea.

Alkateak diktamena irakurri du eta haren onarpena proposatu du. Honela dio diktamenak:

Lezoko Udalak 2003ko apirilaren 13an Hiriguneko lokalak etxebizitzatara aldatzeko jardueren udal ordenantza onartu zuen.

Ordenantza honen testua 2003ko urriaren 10an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Ordenantzaren azken xedapenaren arabera " ordenantzaren iraupen epea hiru (3) urtetarako jarri da Une horretan Udalak berraztertu egingo ditu etxebizitzaren arazoari dagokionez udalerrian biltzen diren gorabeherak eta, lokalen erabilpen-aldaketaren esperientzia baloratu ondoren, Ordenantza honek indarrean jarrai ala ez erabakiko du. "

Hiru urteko aipatu epea datorren urriaren 10an betetzen denez, Lezoko Udalak ordenantza honek indarrean jarraitu behar duen ala ez erabaki behar du.

Ordenantza onartu zenetik erabileraz aldaturiko lokalen kopurua eta sortu diren gora beherak aztertu ondoren.

Jesus Mari Martiarena (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA) eta Maria Luz Anglada (PP)ren botoa alde dela Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Batzordeak behean heldu dena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Hiriguneko lokalak etxebizitzatara aldatzeko jardueren udal ordenantzak egungo edukiarekin indarrean jarrai dezan onartzea.

Alkateak zehaztu egin du diktamena, indarrean edukitzea beste hiru urtetarako dela esanez.

Jendartetik Aitor Sarasolak dio joan den legealdiko erabakia dela hau, gaur diktamena babestu duten alderdien babesik gabe onartua. Luzapena erabaki behar den momentu honetan ez omen dago beharrezko den baloraziorik, kuantitatiboaz aparte ordenantzaren helburuak bete diren edo ez aztertuko lukeenik, hain zuzen lokal hutsak merkaturatuz etxebizitza merkeak eskaintzea. Egia bada demanda handia dagoela, prezioaren inguruko balorazioa ez da hain positiboa eta udalak paso egin du espekulazioaren kontrolari dagokionez. Luzapena besterik gabe proposatzea, beste inongo hausnarketa eta neurririk gabe, alderdiek auzi honetan paso egiten dutenaren ondorio dela dio.

Diktamena aho-batez onartu dute bilkuran diren bederatzi zinegotziek.

 

6.- Proposamena, Jaizkibia S.A.ren estatutuen aldaketa eta ordezkaria izendatzea.

Alkateak gaia urgentziaz aurkeztearen arrazoiak eman ditu: duela urtebete onartutako estatutuetan aldaketa batzuk egin nahi dira eta sozietatearen eratze eskritura datorren ostiralean sinatu.

Urgentzia, bilkuran direnetarik, zazpi zinegotzik onartu dute eta bi abstenitu egin dira (IU-EB eta PPko zinegotziak).

Alkateak deialdiarekin bidalitako balizko bi proposamenetatik udal ordezkaria izendatzeko proposamena jasotzen duen bakarra aurkezten dio gaurko bilkurari eta ordezkari bezala alkatea bera proposatu du. Ondorioz, hau da proposatzen duen erabakia:

" Lezoko Udaleko osoko bilkuran, 2005eko urriaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, erabaki zen eratzea Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostia, Errenteria, Irun, Pasaia, Hondarribia eta Oiartzungo udalekin batera JAIZKIBIA SA izeneko sozietate anonimoa eta sozietatearen xede bezala hau azaltzen zen:

a) Azterketak, plangintzak eta proiektuak egitea, Pasaialdeko eta haren inguruko area geografikoan hiri eremua osorik berritzeko eta ingurumenaren nahiz egoera sozio-ekonomikoaren kalitatea hobetzeko egokiak diren hirigintzako, azpiegituretako eta beste zernahiko jarduerak antolatu eta burura eraman daitezen.

b) Kudeaketa tresnak sortzea aurreko paragrafoan aipatutako jarduerak zehaztutako lurralde esparruan aurrera eramateko.

c) Lurralde Ereduaren Eskema Gidatzailean eta Jardueren Plan Integralean parte hartzea eta bertan erabakitako ekintzak burura eramatea.

Gainera, aipatutako pleno-erabakiaren laugarren paragrafoan sozietatearen estatutuen proiektua onartu zen, bertako bigarren artikuluan xede soziala seinalaturik ageri zelarik.

Alabaina, gaur egun, sozietatea eratu behar duten administrazio publikoei beharrezkoa iruditzen zaie estatutu sozialen proiektuko bigarren artikulua aldatzea, xede sozialari hemen ondorengo d) paragrafoa erantsiz:

"d) Lanen planifikazioa, azterketa, proiektua eta haiek burutzea Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo artikulu honen a) paragrafoan adierazietako esparruko udalen eskumena denean, herri administrazio horiek eskatutako laguntza ematea jarduera haiek aurrera eramateko".

Bestalde, pleno-akordio horren hirugarren atalean onartu zen, sozietatea eratzeko momentuan bertan, Udalak izenpetu bide dituen partizipazio sozialei dagokien nominalaren %25 jartzea.

Gaur egun, iragan den denbora kontuan izanda, proiektaturiko sozietate hori sustatzen duten administrazio publikoei beharrezko iruditzen zaie eraketa eskritura egiterako momentuan bertan kapital sozialaren %100 jartzea, eta beraz beharrezkoa gertatzen da akordioko hirugarren atal hori aldatzea.

Beste ildo batean, seinalatu beharra dago etorkizuneko sozioek erabaki dutela Administrazio Kontseilua hasteko hamabi kontseilarik osatzea, horietarik hiru Estatuaren Administrazio Nagusiak izendatuko dituelarik, beste hiru Erkidego Autonomoko Administrazioak eta beste hiru Gipuzkoako Foru Diputazioak.

Falta diren gainerako beste hiru kontseilariak, hamabiko kopurua osatzeko, sozietatean parte hartu behar duten zazpi udaletatik hiruk izendatu behar dituzte, alegia, Donostia-San Sebastián, Errenteria, Irun, Lezo, Pasaia, Hondarribia eta Oiartzun, horien artean adostu dutelarik hiru kontseilari horietariko bat Lezoko Udal honek izendatzea.

Hori guztia dela eta, esandako hori ikusirik, eta alkatetzak proposaturik, Osoko Bilkura honako ERABAKI hauek hartu ditu:

BAT: Aldatzea, erabaki honen azalpen zatian adierazitakoaren arabera, 2005eko urriaren 5ean osoko bilkurak onartutako "Jaizkibia SA" izeneko sozietate anonimoaren estatutuen proiektuaren bigarren artikulua, honela idatzita geratuko delarik:

"2. artikulua.- Xedea.

 

Sozietatearen xedea hau da:

a) Azterketak, langintzak eta proiektuak egitea, Pasaialdeko, Jaizkibelgo garraiobide anitzeko korridoreko eta Bidasoa Beheko area geografikoan hiri eremua osorik berritzeko eta ingurumenaren nahiz egoera sozio-ekonomikoaren kalitatea hobetzeko egokiak diren hirigintzako, azpiegituretako eta beste zernahiko jarduerak antolatu eta burura eraman daitezen.

b) Kudeaketa tresnak sortzea aurreko paragrafoan aipatutako jarduerak zehaztutako lurralde esparruan aurrera eramateko.

c) Lurralde Ereduaren Eskema Gidatzailean eta Jardueren Plan Integralean parte hartzea eta bertan erabakitako ekintzak burura eramatea.

d) Lanen planifikazioa, azterketa, proiektua eta haiek burutzea Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo artikulu honen a) paragrafoan adierazitako esparruko udalen eskumena denean, herri administrazio horiek eskatutako laguntza ematea jarduera haiek aurrera eramateko.

Aipatutako jarduerak ondoko eran egin ditzake sozietateak: oso-osorik edo zati batean, zuzenean edo zeharka, antzeko helburua edo berdina duten sozietateetan partaidetza izanik".

BI: Era berean, Udal honek 2005eko urriaren 5ean egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren hirugarren atala aldatzea, honela idatzirik geratuko delarik:

"HIRU.- Partizipazio sozialei dagokien nominalaren %100 jartzea sozietatea eratzen den unean bertan, aurrekontuko 174 partidaren kargura".

HIRU: Proiektaturiko sozietatearen Administrazio Kontseiluan Lezoko Udalaren ordezkari gisa partaide izateko alkatea izendatzea."

Idazkariak udal kontu-hartzailearen oharpenaren berri eman du, non esaten den akordioa ilegala dela ez dagoelako kontsignaziorik aurrekontuetan. Alkateak dio kontsignazioa jasotzen duten aurrekontuak jendaurrean daudela hasierako onarpena jaso ondoren.

Mari Luz Angladak dio abstenitu egingo dela elkarte hori eratzearen aurka izan delako beti.

Jendartetik Aitor Sarasolak hitz egin du, Lezoren Alde taldearen izenean. Horrelako elkarteetan parte hartzea kritikatu du, elkarte horrek bultzatuko dituen megaproiektuen aurrean udalaren iritzia garbi izan gabe (kanpoko portua, intermodalak, ...). Lezotik lurrak eta eremuak nahi omen dituzte, besterik ez, eta gobernu taldeak proposamen honekin Lezo defenditu ordez erraztu egiten omen du beste handi horien jokoa.

Alkatearen proposamena onartu egin da aldeko zazpi botorekin (Alkatea eta EAJ eta EAko zinegotziena) eta bi abstentziorekin (IU-EB eta PPko zinegotzienak).

7.- Mozioa, IU-EBk aurkeztua Altamira auzoko adin txikikoen harrera etxeari buruzkoa.

Isabel López Aulestiak azaldu du, joan den irailaren 29an erregistratu zuela eskaera Altamirako Altzate Auzo Elkarteak joan den uztailaren 24an (sarrera erregistroko zk. 1905) aurkeztutako mozioa plenoan trata dadin. Argitu du ezen, bere konpromisoa mozioa pleno honetara aurkeztekoa dela eta haren eztabaida bideragarri egitea.

Mozioaren mamiari dagokionez, Isabel López Aulestiak hiru ikuspuntutatik azaldu du bere jarrera. Lehenik eta behin, iruditzen zaio adingabekoen harrera-zentroen existentzia solidaritatezko obligazio bat dela, barneko nahiz kanpoko arrazoirengatik, adibidez etorkinen kasua, gure gizartean dauden beharrak betetzeko. Zentro hori 4tik 12 urtetara bitarteko txikientzat denez, ez du uste segurtasun arazorik sortuko denik hura kokatuko den ingururako. Bigarren puntu gisa, erabilpen hori araudi urbanistikoarekin bat ote datorren ala ez, aldeko bi informe tekniko daudela esan du eta, baldin eta hala ere zalantzarik geratuko balitz, proposaturiko kokapena aldatu egin beharko litzatekeela edota, bestela, araudia aldatu. Gaiaren hirugarren analisi-ikuspegia, eta bere iritzirako garrantzitsuena, Altamirako auzoa jasaten ari den abandonu-egoera da, sarbideei, zerbitzuei e.a. dagokienez. Arazo horri ez dio inork aurre egin, ez oraingo korporazioak ez lehenagokoek. Arazo hori konponduko duten proiektu-promesen aurrez aurre, bera ez dago ados proposatutako irtenbidearekin zeren helburua beste bat baita eta ez Altamirako auzoaren arazoak konpontzea. Edonola ere, adingabekoentzako harrera-etxeak sor daitezen IU-EBk daukan politika bere gain hartuz, ekipamenduaren alde eta mozioaren kontra bozkatuko duela esan du.

Mari Luz Angladak esan du bera instalazioaren alde dagoela, baldintza legalak betetzen baititu, eta gaur egun Donostiako erdi-erdian funtzionatzen ari baita komunitatearekin inolako arazorik izan gabe. Ez zaio iruditzen Udalak inolako erantzukizunik daukanik lokal horretan komertzio bat inork jarri ez izanagatik, gustatuko litzaioke jakitea zergatik ez duen inork iniziatiba horrenik izan.

Alkateak adierazi du lizentzia legala dela eta ez ematea, hori bai, ilegala litzatekeela; bere iritzirako plenoa ez da organo eskuduna jarduera lizentziaren eskaera ebazteko, eta ez diola mozioari sostengurik emango, inoren prekariotasunik sustatu nahi ez duelako.

Aitor Sarasolak, Lezoren Alderen izenean, esan du lotsagarria dela auzo-elkarte batek alderdi politiko bati amen egin behar izana, aurkeztu duen mozioa udalbatzan eztabaidatu ahal izateko. Esan du hori ez dela partizipazioa, txantajea baizik. Zentzu horretan gogora ekarri du, mila sinadura baino gehiagok izenpeturiko beste mozio bat badela oraindik plenoan tratatu gabe.

Altamirako auzoa korporazio honek eta aurrekoak abandonatu izanari buruz Isabel Aulestiak adierazitakoari dagokionez, Aitor Sarasolak esan du ezen, aurreko agintealdian alkate izaki, berak parte hartu izan duela zenbait bileratan Eusko Jaurlaritzako etxebizitza saileko jarraikako kontseilariekin, EBkoarekin, EAkoarekin eta PSEkoarekin, auzorako behin-betikoz plan bat aurkez zedin eskatuz, eta berak ez duela hauteman zehatz-mehatz gauzaturiko inolako borondaterik auzo horretako arazoa konpontzeko. Gogoratu du, azken ekintza horma konpontzea izan dela, erortzen ari zelako.

Bere iritzirako mozioaren gai nagusia zera argitzea da, ea udalak nahi dituen ala ez lokal komertzialak. Hari iruditzen zaio, informeek arau-testuaren interpretazio hertsia eta murriztailea egiten dutela eta beti izango dela beste interpretazio eta iritzi batzuetarako aukera lortu nahi den helburuaren funtzioan. Zentzu horretan gogoratu du ezen, araudi urbanistikoaren azken aldaketak ere lokal komertzialak eraikitzeko xedea zuela. Horregatik iruditzen zaio korporazio honek argitu egin behar duela zein den bere borondatea zeren, lizentzia hori ematean, lokal horien erabilpen komertziala kondenatu egingo bailuke. Era berean iruditzen zaio ezen, EAJ eta EA alderdiek ez dutela nahi lokal horientzat erabilpen komertzialik zeren, Arau Ordezkatzaileen berrikuntza dokumentuan, hastapenez onartu den horretan, egoitza-erabilpena ematen baitzaie lokalei eta, beraz, esaten du, baten bat arduratu dela komertziala zena egoitzatarako bilakatzeko.

Aitor Sarasolak zehaztu du lokal horiek hasieran 8.000 €tan erosi zirela eta gero 160.000 €tan saldu zirela, azkenik udalak proposatu diren arau urbanistikoetan etxebizitza-erabilpena eman nahi zaiolarik, eta horregatik, korporazioari galdetu dio zer babesten ari diren.

Harrera-zentro baten beharrari dagokionez, Aitor Sarasolak kritikatu du ekipamendu horri buruz gizarte-zerbitzuen inolako txostenik ez izatea, eta ondorioz iruditzen zaio inor ez dela arduratu horren komenigarritasunaz.

Jendartetik adierazpenak egin dituzte zenbaitek. Lehenak dio ezen, nahiz eta bere garaian egindako arau subsidiarioen aldaketak espresuki lokal komertzialak sortu nahi zituen arren, orain elkarte horri baimena eman nahi zaio erabilpen ez-komertzial horretarako eta, gero, arau urbanistikoen hurrengo berrikuntzan horien egoitza-erabilpena baimendu.

Jendearen artetik, beste bigarren adierazpen batek kritikatu du ezen baimen posible hori oinarritzen dela, txosten teknikoek, arau ordezkatzaileen testuko "eta abar" batean oin hartuz, jarduera espresuki debekaturik ez dagoela esaten dutenekoan, eta baina esan ahal izango zuketela, ordea, hori ez dagoela espresuki baimenduta, jolas, kultura... erabilpenak dauden bezalaxe. Hor lehenago komertzio bat ez jarri izanaren zergatiari dagokionez, esan du lokal hori esku pribatutan egon dela espekulatzeko asmoz, hasieran garajeak berak baino ere prezio merkeagoan eskualdatuz eta bigarren eskualdatzean nabarmenki garestiago eta benetan planteatu zaien edozein ekimen komertzialak galaraziz. Lokala erabiliko dutenen adinei dagokienez adierazi du izatez benetan ez dela 4-12 urte bitartekoentzat zeren proiektuan 4-18 urte bitartekoez hitz egiten baita, langabezia kasuetan bertako egoitza beste urte t´erdiz luzatzeko aukera emanez. Altamira auzoaren abandonu-egoera kritikatu du, eraiki zenetik aintzakotzat hartzeko adinako inolako inbertsiorik egin gabe. Udala itxurazko legalitateaz baliatzea kritikatzen du, eta entitate pribaturen faboretan eskaera tramitatzea, auskalo zein interes ezkuturengatik, jakinarazpenetan prozedura-akatsekin, interpretazio interesaturekin eta betiere auzo afektatuei bizkarra emanez.

Alkateak esan dio, gai horretan korporazioak ez daukala inolako interes partikularrik, bere nahia idatziz adieraziko duela eta behar diren jakinarazpenak egingo direla.

Isabel López Aulestiak erantzun dio Aitor Sarasolari esanez berak ez diola inori txantaje egin ezta inor amen egitera behartu, egin duena soilik Auzo Elkarteari aukera eskaintzea izan dela haien mozioa plenoan trata zedin. Prest dagoela esan du Altamirako auzoan ekintza urbanistikoen eskaera Eusko Jaurlaritzara eramateko. Argi utzi du berak ez daukala gai horretan inolako interes partikularrik, haur horien beharrez aparte. Eta informatu du ezen, Foru Diputazioko Gazteri Zuzendariaren adierazpenen arabera, lokal hori 4-12 urte bitarteko neskato eta mutikoentzat bakarrik erabiliko dela.

Publikoaren artetik Mikel Mitxelena mintzatu da, Altamirako "Altzate" Auzo Elkarteko lehendakaria alegia. Eskerrak eman dizkio Isabel Lópezi mozioa plenoan eztabaidatzea posible egin duelako. Eskerrak eman dizkie Isabel Lópezi eta Aitor Sarasolari Auzo Elkarteari harrera egin eta elkartekoekin eseri diren bakarrak izan direlako formazio politikoen ordezkarien artetik. Eskerrak eman dizkie alkateari, PNV, EA, PP eta PSEri ez dituztelako hartu, herrian manifestazioak egin behar izanagatik, plenoa goizez egin izanagatik eta horrela auzokoen partehartzea saihestu izanagatik eta arazo honi eta beste zenbaiti buruzko iritzia Altamirako auzoari galdetu izanagatik. Proposaturiko lokal horietan zentroa kokatzearen kontra aurrez beste batzuek egindako adierazpenak azpimarratu ditu: indarrean dauden arau urbanistikoek lokal horietarako xedatzen dituzten erabilpenak ez betetzea, lokalaren jabeek bilatzen zuten espekulazioa sostengatzea, auzoko mugakideei jakinarazpenik egin gabe prozedura akasduna burutuz, e.a. Udalari kritika egin dio gorabehera honetan eta beste zenbait arazotan Auzo Elkartearen hizketakide-lana ez aitortzeagatik. Iragarri du, mugako garajeen jabeek auzitara jotzea erabaki dutela, baldin eta udalak lizentzia ematen badu.

Jendearen artetik galdetu dute ea nolaz, lehen okupaziorako lizentziarik ez daukaten garaje eta lokaletan, jarduera lizentzia eman daitekeen eta, gainera, jabekideen estatutu pribatuetan lokalek xede komertziala daukatela kontuan izanik, galdetu du ea nola udalak, hainbeste zalantza arrazoiturekin, interes orokor eta publikoen aurretik interes partikularrak babesten segitzen duen.

Beste adierazpenik gabe mozioa bozkatu da eta zinegotzi guztiak abstenitu egin dira eta, beraz, ez da onartu.

8.- Galde-eskeak.

Ez da ezer galdetu.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 10:10etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 622.548.etik 622.556.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.


Eguna