2010.eko Martxoaren 5ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2010eko martxoaren 5ean, ostirala, 19:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Haritz Salaberria Goikoetxea alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Jon Legorburu Arrastua, Iñigo Esnaola Arbiza, María Pilar Legorburu Echegaray, Urko Lopetegi Campano eta Jaione Lekuona Irazusta.

Irati Aranburu Salaberria beranduago sartu da bilerara, deialdiko bigarren gaia tratatzen hasi direnean.

Ez dira bilerara azaldu Kepa Garbizu Azkue, Enrique Figueroa Laboa, Jesús María Martiarena Jaca, Miguel Antonio Arrizabalaga Brusín eta Roberto Sánchez Sánchez.

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

1.- Proposamena, 345/08 Administrazio auzi-helegitean atzera egiteko.

Alkateak azaldu du gaur goizeko Hirigintza Batzordeak diktaminatutako proposamena. Honela dio:

"2008ko otsailaren 19an Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak hasierako onarpena eman zion "Pasaiako Portuko zerbitzugunearen antolamendurako Plan Bereziari". Horri dagokion administrazioarekiko auzi-helegitea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Sala bideratzen ari da 345/08 zenbakiarekin.

Bestalde, Pasaiako Portu Agintaritzak 2009ko apirilaren 22an plan berezi horren berridazketa onartu zuen eta Gipuzkoako Foru Aldundira igorri bere izapidetzerako.

Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2009ko ekainaren 23an Pasaiako Portu Agintaritzak berridatziriko Plan Bereziari haserako onarpena ematea erabaki zuen.

Izan ere, 345/08 zenbakia duen helegitearen gaia ondoren berridatzi den Plan Bereziaren aurrekari huts bilakatu da. 345/08 helegiteak jada ez du xederik Gipuzkoako Foru Aldundiak haren behin behineko onarpenean atzera egin zuelako. 2008ko otsailaren 19an haserako onarpena jaso zuen plan berezia 2009ko ekainaren 23an haserako onarpena jaso zuen berridatziriko plan bereziak ordezkatu du.

Halaber bi prozedurak onartzeko egoerak ere oso desberdinak dira.

Hori dela eta, gure iritzian ez du zentzurik Plan Berezi baten haserako onarpen akordio baten aurkako helegitean jarraitzeak, ondorengo beste haserako onarpen batek ordezkatu duenean.

Horregatik, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2010eko martxoaren 4ean egindako batzarraldian Jon Legorburu, Haritz Salaberria eta Iñigo Esnaolaren aldeko botoarekin eta Jesus Mº Martiarenaren abstentzionarekin DIKTAMINATZEN DU:

LEHENA: Atzera egitea Gipuzkoako Foru Aldundiak "Pasaiako Portuko Zerbitzugunearen Antolamenduko Plan Berezia" onartzearen aurka jarritako administrazioarekiko auzi-helegitean. Helegite hori Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Sala bideratzen ari da 345/08 zenbakiarekin."

Diktamena bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin onartu da.

Irati Aranburu zinegotzia sartu da osoko bilkurara. Berarekin zazpi dira bilkuran diren zinegotziak.

2.- Mozioa, Emakumeen mundu martxarekin bat egitearen aldekoa.

Pili Legorburu zinegotziak irakurri du mozioa. Honela dio mozioak:

"Aurtengo honetan Euskal Herriko mundu martxa eta Martxoak 8 eguna eskutik helduta datozkigu. Emakumeon eskubideen aldeko aldarrikapen eta borrokarako eguna mundu osoan eta baita Euskal Herrian ere. Euskal Herriko mundu martxa indartzea eta edukiz betetzea izango da aurtengo apustu nagusia. Zentzu horretan 4 izango lirateke landuko diren aldarrikapenak:

  • Emakumeon aurkako indarkeria jendartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da.
  • Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak ez daude bermatuta. Emakumeon sexualitatea, genero aginduek arautzen jarraitzen dute.
  • Prekarietateak oraindik ere emakume aurpegia du. Egun, sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredu ekonomiko kapitalista, liberalista eta patriarkara dugu.
  • Elikadura burujabetza, herriek beren nekazaritza eta elikadura politiken gainean erabakitzeko eskubidea da.

Emakumeon eskubideen aldeko borroka ezin da egun edota aste batera mugatu, are gehiago, egungo marko juridiko politikoak bigarren mailako herritarrak izatera behartzen gaituenean. Emakumeok pairatzen dugun zapalkuntza estrukturala da eta egungo markoak zapalkuntza hau mantentzeaz gain emakumeok gure buruaren jabe eta dagozkigun eskubideen jabe ez izatera kondenatzen gaitu. Horregatik da beharrezkoa marko aldaketa, emakume eta gizon askez osatutako Euskal Herri aske batean bizi nahi dugulako. Aldaketa politikoa lortzera bideratutako fase honetan emakumeontzat ezinbestekoa da aldaketa soziala ere bultzatzea, berdintasuna, askatasuna eta elkartasunean oinarritutako jendarte eredu bat nahi dugulako.

Beraz, Irekitzera goazen fase berri honetan emakumeok subjektu politikoak izan behar dugu, prozesu demokratikoaren fase ezberdinetan aukera berdinetan parte hartzeko. Erabaki gune guztietan emakumeen parte hartzea bermatu behar dugu. Bestalde, ildo honetan mugimendu feministak subjektu gisa jokatu beharreko paper aktiboa bultzatuko dugu.

Hau guztia kontuan izanik ondorengoa eskatzen zaio Lezoko udal batzarrari:

  • 1. Erronka handia dugu aurrean baina gure konpromisoa sendoa da, emakumeen eskubideen gutuna erreferentzi bezala hartuta lanean jarraitzeko konpromisoa berrestea.
  • 2. Emakumeen Euskal Herriko mundu martxaren baitan zein Martxoak 8an antolatutako ekimenekin bat egitea.
  • 3. Ekimen guzti hauetan parte hartzeko deia luzatzea Lezoar orori eta bereziki emakumeei."

Mozioa ahobatez onartu da.

Alkateak gogoratu du aipatutako martxa datorren ostegunean izango dela eskualdean, eta ongi etorria eta harrera egitea gonbidatu ditu zinegotzi eta herritarrak, arratsaldeko zortziretan Altamirako errotondan eta gero, Errenterian egingo den ekitaldian.

3.- Mozioa, Jose Lorenzo Aiestaranen atxiloketaren inguruan.

Alkateak irakurri du mozioa. Honela dio:

"Lorentxo Aiestaran Fanekas askatu!

Aurreko igandean Frantzia iparraldeko Cahan herrian Lorentxo Aiestaran Fanekas Lezoarra atxilotu zuten.

Frantziako poliziak lege antiterrorista aplikatu eta inkomunikazio egoeran izan dute. Modu berean, terrorismoaren aurkako Parisko epaitegitik pasa dute.

Honek guztiak sortu duen egonezin eta eskubide zapalketarekin.

Fanekas 1976an izan zen lehenengo aldiz atxilotua, beste 5 Lezoarrekin batera, eta hilabete batzuk pasa zituen Martuteneko espetxean. 1978ko abenduan Ipar Euskal Herrira ihesi joan behar izan zuen. Bertan, 1985ean Frantziako Poliziak atxilotu eta Venezuelara deportatua izan zen. 2000 urtean lan istripu batean hanka puskatu zuen eta bihotzekoak eman zion. Eta 2002an Espainiako gobernuaren presioaren ondoren Venezuelako gobernuak atxilotze agindua zabaldu zuen. Azkenik 2006 urtean Venezuelan naziotasuna eskatu zuen beste 3 errefuxiaturekin batera, baina ukatua izan zitzaien.

Guztira 31 urte pasa ditu Fanekasek Herritik urrun, familiatik urrun eta ihesean.

Fanekasena ez da kasu bakarra hala ere. Hau bezalako kasuak ugariak dira eta luzeegi jo du gatazkak.

Eta Lezoarrok ondo baino hobeto dakigu errepresioaren bidea ez dela konponbide bidea. Errepresioak ez dio gatazkari konponbidea ekarriko, guztiz kontrakoa, sufrimendua dakar. Gatazka gainditzeko errepresioaren aldeko apustuak gainditu behar dira.

Gatazkaren konponbidea demokraziaren aldeko apustu bat eskatzen du, guztion aldetik. Gatazkaren muin politikora jo eta konponbide demokratiko bat eman behar zaio gatazkari. Euskal herritarroi hitza eta erabakia zor zaigu, gure etorkizuna askatasun osoz eta egitasmo politiko guztien artean erabakitzeko eskubidea errespetatzean datza konponbidea.

Egoera bereziki larria da testuinguru politikoa ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenean jasoriko iniziatibarengatik baldintzaturik dagoelako. Prozesu Demokratikoa lehenbailehen errealitate bihur dadin bere jarduera guztia indar metaketaren eta herri aktibazioaren mesedetan jartzeko konpromiso berretsi du ezker abertzaleak. Nazioartean zein Euskal Herrian ebazpen honek oniritziak jaso ditu.

Baina, eta agerikoa da hau, ezinezkoa da Euskal Herrian konfrontazioa termino politiko hutsetan emango den eskenatoki demokratikori berri bat sortzea ezker abertzaleak soilik urratsak emanda. Honela, eragile guztion ekarpena ezinbestekoa izango da. Halaber, estatu espainolak errepresio bideari uko egin behar dio.

Hori guztia dela eta, honako mozio hau aurkezten dugu Udal Osoko Bilkurak eztabaida eta onar dezan:

  • 1. Fanekasen atxiloketa eta gainontzeko atxiloketa guztietan beharrezko ikusten dugu ondorengo neurriak betetzea:
  • Inkomunikazioaren amaiera eta berau onartzen duten arauen desagerpena.
  • Atxilotuen eskubideak murrizten dituzten arau guztien desagerpena. Zehazki Prozedura Kriminaleko Legearen 520 eta 527. artikuluen ezabaketa.
  • Entzutegi Nazionalaren eskumenen desagerpena eta epaile naturalaren eskubidea bermatzea.
  • Atxilotu guztiek konfiantzazko mediku baten bisita pribatua edukitzeko eskubidea, bai komisaldegian zein auzitegian.
  • Atxiloketa aldi osoa irudi eta soinu bidez grabatua izatea, eta grabazio horiek defentsako abokatuen eskura egotea.
  • Atxilotu guztiek beraiek izendatutako abokatu bat izateko eskubidea bermatu eta errespetatzea eta honekin elkarrizketa pribatu bat izateko eskubidea bermatzea.
  • 2. Gatazka politikoa gainditzeko bide polizial-judiziala guztiz antzua da. Horren aurrean, alternatiba bakarra prozesu demokratikoa da. Euskal Herritarren gehiengoaren nahiari eta eskariari erantzunaz, herri honen hitza eta erabakiaren errespetuan oinarritutako prozesu demokratiko baten eraikuntzan indarrak biltzeko garaia dela aldarrikatzen dugu.
  • 3. Honela, eszenatoki demokratiko eta prozesu demokratikoaren aldeko urratsak eman eta indarrak bilduz konpromisoak hartzeko deialdia luzatu nahi diegu euskal herritarrei. Garai bateko makinaria juridiko eta errepresiboa indargabetzeko unea iritsi da, alderdien legea barne. Hori egin ezean prozesu demokratikoa garatzea ezina izango delako.
  • 4. Proiektu politiko guztiak defenda daitezkeela aldarrikatzen dugu. Bide demokratiko eta politikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatzea bermatu eta ahalbideratuko duen prozesu demokratikoaren aldeko apustua egiten dugu.
  • 5. Azkenik, onartutakoaren berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea erabakitzen dugu."

Jendartetik atxiloketaren inguruko azken berriak eman dituzte: Paris inguruko kartzelara eraman dutela; 2 hilabetetan bakartuta egongo dela, ez dei ez bisitarik. Epaitu bitarte bakarrik juezak baimendutako bisitak izan ahalko dituela. 86 urteko bere ama afektatua dagoela oso.

Aktan jasotzea nahi dute bilera etorri ez diren zinegotziei luzatzen dieten kritika: 31 urte herritik kanpo dagoen lezoar baten egoeraz kezkatzeko azaldu ez izana. Adibide txarra omen da hori, hitza bidez gatazka konpondu nahi izateko ematen den mezuarekin.

Mozio, bilkuran diren zinegotzi guztien aldeko botoarekin onartu da.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 20:00etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta .etik .ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna