Aipatu kontratazioak Oarsoaldea eta Lanbiderekin elkarlanean, eta Enplegu Planaren baitan gauzatu ditu Udalak urtero helburu horrekin aurrekontuetan jasotzen duen diru lerroa erabilita
Urteroko aurrekontuetan pisu garrantzitsua izaten du Enplegu Planak, izan ere, Udal gobernuarentzat lehentasunezko gaia baita enplegua sustatzea eta pertsonen ongizatea bermatzea; lanak azken batean pertsona duintzen duelako eta enplegua pertsonen ongizatearen eta autonomiaren berme nagusia delako.
Gauzak horrela, 2019rako aurrekontuetan ere diru kopuru zehatza jaso da enplegu sustapenerako eta 2018ko soberakinekin handitu egin da diru lerroa 2018ko kopuru bera bideratzeko aurten ere enplegu sustapenera, esan bezala, lehentasunezko gaia baita Udalarentzat.
Langabezian dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin, Oarsoaldea eta Lanbiderekin elkarlanean, epe mugatu baterako eta lan zehatz batzuk gauzatzeko 3 pertsona kontratatu ditu Udalak.
Kontratatutako pertsona horiek, hain zuzen ere, mantenu lanak egiteaz arduratuko dira. Zehazki hiri altzariak berritu eta txukunduko dituzte, pintaketa lanak gauzatu eta beharrezkoak diren lokalak ere pintatuko dituzte.
Halaber, eta esan bezala, Enplegu Planerako diru lerroa handitu denez, pertsona gehiago kontratatzeko aukera ere aztertzen ari da Udala.