Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualde mailako turismo errelato berria aurkeztu zuen atzo, Oiartzungo Arizmendienea etxe-museoan. Ekitaldira bertaratuko ziren Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udaletako ordezkariak, Mikel Arruti Lezoko alkatea izan zen bertan, eta turismo eragile eta enpresak.
“HEMEN, OARSOALDEA” izenburupean, eskualdeko turismo eragileek elkarrekin landu eta adostutako kontakizuna aurkeztu zuten. Prozesu partekatu baten emaitza da, eskualdearen nortasuna, balioak eta etorkizuneko ikuspegi bateratua islatu nahi dituena. Helburua da marka eta kontakizun berri hau guztiona egitea eta aurrerantzean turismo-komunikazioan modu koherente eta bateratuan erabiltzea.
Turismo eredua eta komunikazio plana
2024an eskualdeko Turismoaren Marketin Plana landu zen, eta bertan zehaztu ziren Oarsoaldearen posizionamendu turistikoa gidatzen duten hiru ardatz nagusiak: itsas ondarea, natura eta kultura bizia. Ardatz horiek kontakizun bateratu batean txertatzeko komunikazio plan baten beharra identifikatu zen, eta horren emaitza da orain aurkeztuko den proposamena.
Prozesua parte-hartzailea izan da: bost focus talde egin dira, herri bakoitzean bana eta eskualde mailako beste bat, eta guztira 26 eragile publiko zein pribatuk hartu dute parte.
Eskualdeko turismo eredura egokitutako kontakizuna
Oarsoaldeak turismo jasangarri eta kalitatezko baten aldeko apustua egiten du, herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatuko duena, eta hizkuntza, kultura, ondarea eta ingurunea errespetatuko dituena. Kontakizun berriak eredu horrekin bat egin nahi du, eskualdearen benetakotasuna, aniztasuna, ondarea, natura eta komunitatea oinarri hartuta.
Kontakizunaren bost ardatzak
Oarsoaldearen kokapen geografikoak aukera eta erronka bat dakar: bisitari askok eskualdea zeharkatzen dute eta helburua da bisitariek Oarsoaldearen balioa ere ezagutzea, postal polit batetik harago.
Sortu den errelato berria bost ardatzetan oinarritzen da:
- Lekuak eta jendea: kaleak, auzoak, baserriak, fabrikak eta itsasontziak.
- Sormena eta kultura: jaialdiak, dantza, arte eszenikoak, bertsolaritza, museoak, festak eta musika.
- Ondarea: historia, memoria historikoa, industria, portua eta euskara, ondare bizi gisa.
- Jasangarritasuna eta natura: naturguneak, bide berdea.
- Komunitatea eta parte-hartzea: aniztasuna, herrigintza, emakumeen lana eta eskualde bizia.
Aurkezpena amaitzeko, kontakizun berriaren funtsa eta energia laburbiltzen dituen bideoa proiektatu zuten.