Lezoko Institutuak anfibioentzako urmael bat sortu nahi du

Ar, 2023-10-03 14:25

Urmaela Altamiran egongo litzateke; hortaz, auzoko bizilagunekin bilera antolatu du urriaren 5ean proiektua aurkezteko.

Lezoko Institutuak Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako Eskoletako Urmael Sarea proiektuan parte hartzeko interesa du, eta horretarako bere instalazioetatik gertu urmael bat sortzeko proiektua aurkeztu du Lezoko Udalean.

Urmaela Altamira parkeko eremu publikoan egongo denez, Lezoko Udalak eta Institutuak ezinbestekotzat jotzen dute auzoko bizilagunek ekimenaren berri izatea, eta sortu daitezkeen zalantzak eta kezkak argitzeko hurrengo bilera deialdia egin da:

-  urriaren 5ean , ostegunean, 18:30ean Lezoko Institutuan.

Eskoletako Urmaelen Sarea eskola inguruan urmaela edo putzua duten eta eremu hori erabilera didaktikorako erabiltzen duten Euskal Herriko ikastetxeen sarea da. Bere helburu nagusia eskola horien arteko lotura sustatzea eta esperientziak partekatzeko aukera eskaintzea da. Eskoletan urmaelak sortzeko ideia Alemaniatik ekarri zuen Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak. Urmaela sortzea ingurumenaren eta biodibertsitatearen aldeko pausu garrantzitsua ematea da. Urmaelak hezkuntzan ekosistemaren  eredu bilakatu daitezke eskola inguruko eremuan, funtzionamendu ekologikoaren inguruko kontaktu zuzena ahalbidetzen duten ikerketa eta behaketa jarduera ezberdinak egiteko.

Arloa edo saila