Pista-joko dinamikoa eta hitzaldia herritar guztientzat auzo-konpostaren edizioa ixteko

Az, 2026-06-17 14:45

Auzo-konposta proiektuak beste urte bete egin du martxan, eta aurtengo edizioari amaiera emateko herritar guztientzat pista-joko dinamiko bat eta hitzaldia antolatu ditu Lezoko Udalak datorren astelehenerako. Hondakinen kudeaketa iraunkorra lortzeko bidean, gazte zein heldu gonbidatu ditu udalak auzo-konpostaren inguruan ikasi eta parte hartzera.

Lezoko auzo-konpostatze proiektuak amaiera emango dio aurtengo edizioari ekainaren 22an, bi jarduera berezirekin. Proiektuak hurrengo ikasturtean ere martxan jarraituko du. Ekimen hau hondakinen kudeaketa iraunkorra bultzatzeko, herritarren inplikazioa sustatzeko eta ekonomia zirkularra tokiko mailan aurrera eramateko helburuarekin abiatu zuen Lezoko Udalak eta urtez-urte helburu berriak eta partaidetza sendoagoa ditu.

Edizioari amaiera emateko Lezoko Udalak bi ekintza berezi antolatu ditu hurrengo astelehenerako, ekainaren 22rako. Lehena, arratsaldeko 16:30ean abiatuko da Lopeneko auzo konpostagunetik eta Lezoko haur eta familiei zuzendutako pista-joko dinamiko bat izango da. Jolas horren bidez konpostak dituen onurak, bitxikeriak eta informazio interesgarria landuko dute txikienekin, modu parte-hartzaile eta aktibo batean. Bide batez, Lezon dauden 5 auzo-konpostaguneak (Altamira, Andreone, Lopene, Arretxenea eta Aralar) eta euren funtzionamendua ezagutuko dituzte.

Ondoren, urte amaierako hitzaldia izango da arratsaldeko 18:30ean, Lezoko Kultura Aretoan. Hitzaldiaren helburua urtean zehar egindako lanak aurkeztea, lortutako aurrerapenak jakinaraztea eta erabiltzaileen ekarpen eta hobekuntza-proposamenak jasotzea da, proiektuari jarraipena emateko oinarri sendoagoak ezartzeko. 

Halaber, edozein herritarrek auzo-konpostaren inguruko informazioa eskuratu eta izen-emateko aukera izango du arratsalde osoan zehar, ekintzen bitartean.

Urtean zehar, Lezoko 5 auzo konpostaguneen jarraipena egin du Lezoko Udalak Vermican enpresaren laguntza teknikoarekin, gune bakoitzera hilero bisita bat eginez. Bisita horietan, guneen funtzionamendua egiaztatu, material organikoaren kalitatea kontrolatu eta parte hartzaileei aholkularitza eskaini diete, betiere konpostaje-prozesu egokia bermatzeko.

Jarduera horien bidez hondakinen kudeaketa partekatua sustatu du ingurumen sailak, Lezoko bizilagunen inplikazioa handituz eta, aldi berean, ingurumenarekiko kontzientzia sendotuz.

Lezoko Udalak proiektu honetan parte hartu duten bizilagun guztiei eskerrak eman nahi dizkie, ekimen honen parte izan direlako. Hondakinen kudeaketa iraunkorra lortzeko bidean auzo-konpostak aurrera jarraituko du eta, horretarako, ezinbestekoa da herritarren inplikazioa.
 

Arloa edo saila