Portuko Jarduerarengatik Kaltetutako Hiriguneko Kalitate Akustikoa Hobetzeko Plana erakusketa publikoan

Ar, 2022-10-11 10:52

Lezoko Udalak hasierako onarpena eman dio Babes Akustiko Bereziko Eremuari portuko zaratarengatik kaltetuak dauden etxebizitzak babesteko helburuarekin.  
Dokumentua hilabetez egongo da udaleko webgunean herritarrek kontsultatu eta ekarpenak egin ahal izateko.

2020ko otsailean Lezoko Udalak Lezoko soinu-ingurua hobetzeko plana (hots, Zaratako ekintza plana) onartu zuen. Plan horretan zarata mailak gainditzen diren hainbat eremu identifikatu ziren eta horiek Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) bezala deklaratu. Guztira lau eremu identifikatu ziren eta horietako batek jasotzen du portuko jarduerak eragiten duen zaratarengatik kaltetutako hiri-eremua

BABE-entzako, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak adierazten duena jarraituz, Eremuko Planak definitu behar dira, zarata maila murrizteko helburua dutenak.

Eremu honetarako egindako azterketa zehatza Lezoko Udalak CECOR enpresa espezializatuari agindu zion eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza izan du. Zortzi neurketa-puntu ezarri dira, bai kaltetutako eremua behar bezala definitzeko, bai zarata-fokuen ekarpena neurtzeko. Horretarako sonometro homologatuak erabili dira. Horrela, Ekintza Planean identifikatutako eremua zabaldu da, Polentzarrene, Kale Nagusia eta Donibane kaleaz gain, Aralar kalearen zati bat ere sartuz.

Aurreikusten diren ekintzen inguruan aipatu behar da identifikatutako fokuak Portu Agintaritzaren eskumena izanda, haiei dagokiela zarata murrizteko neurriak hartzea. Lezoko Udalak, bere aldetik, Andreonen duen zarata monitorizatzeko gailua mantenduko du, eta bai bizilagunek, bai udaltzainen bitartez jasotako kexa eta intzidentziak portuari jakinarazten jarraituko du. Halaber, zaratarekin zerikusia duten gaietan kexen kudeaketa eta komunikazioa hobetzeko ekintzak ere sartu dira.

Dokumentua Lezoko Udalaren web orrian kontsulta daiteke: https://www.lezo.eus/eu/babes-akustiko-bereziko-3-eremua-babe-3-haserako-onarpena-eta-jendaurrean-jartzea

Arloa edo saila