INAUTERIEK KOLOREZ ETA KIROLEZ BETEKO DUTE LEZO

Ar, 2026-02-10 19:54

Inauterietako egitaraua aurkeztu du Lezoko Udalak. Ostegunetik aurrera 20 ekitaldi izango dira herrian eta Larunbatgorriko gaia ‘kirolak’ izango da.

Otsailaren 13an hasiko dira Inauteriak Lezon eta otsailaren 17an izango da asteartebeltz. Jon Legorburu Kultur zinegotziak eta Ainhoa Salaberria Kultur Teknikariak egitaraua aurkeztu dute. Aurkezpenan izan da Xanti Valek 2025ean hartu zuen Lezoko Kultur Teknikaria izatetik erretiroa eta aurten Trapujale Taldearen oroigarria jasoko du.

Ostegunzurin, Trapujale txikiari harrera eta ongi etorria eginez hasiko dituzte Inauteriak Lezo Herri Eskolan. Ondoren, 19:30ean, Trapujale Jaizkibel menditik jaitsiko da. Trapujale herriko kaleetan zehar ibiliko da, Tomas Garbizu Musika Eskolako taldeen eta Donostiako Alde Zaharreko Joaldunen laguntzarekin, plazara iritsi arte. Bertan, Trapujaleren laguna omenduko dute; Legorburuk azaldu duenez, oroigarria Xanti Valek jasoko du. Trapujale taldeak Kultur Teknikari lanetan aritu den urteetan zehar eskainitako laguntza eta egindako lana eskertzeko baliatu nahi du omenaldia.

Ainhoa Salaberriak inauterien egitarauaren xehetasun gehiago eman ditu: “38 urte beteko ditu Trapujaleren inauteriak. 20 ekitaldi antolatu ditu Jai Batzordeak eta larunbatgorrirako herri-mailako gaia ‘kirolak’ izango da”.

Xanti Valek jasoko du oroigarria, eta inauterietako aurkezpenean egon da, lehenengo urtez, gonbidatu moduan. Azaldu duenez “gaur mahai honen beste aldean egotea arraroa egiten zait, baina oso hunkigarria da. Omenaldi hau ez dut zerbait pertsonal gisa hartzen, Lezoko kulturaren garai oso bati egindako aitortza gisa baizik”. Lezoko inauterien inguruan ere hausnarketa egiteko tartea hartu du, bizirik daudela azpimarratuz: “herri baten kulturak neurgailu ugari ditu, kaleetako parte-hartzea da bat, oso inportantea eta Lezon bizirik dago. 30 urte hauetako nire saririk ederrena ez da omenaldi hau, Lezoko Inauteriak udal honetan oina jarri nuen lehen egunean zuen kolore eta indar berbera duela ikustea baizik”.

Jon Legorburuk, Udalaren izenean, herritar guztiak gonbidatu ditu inauteriaz gozatu eta ekitaldietan parte hartzera.

Egitaraua etxeetara iritsi da dagoeneko, baina webgunean eta Udaleko app-ean ere ikus daiteke.

Arloa edo saila