Adierazpen instituzionala LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Or, 2026-06-26 18:07

LGBTIQ+ harrotasunaren egunaren harira, ordezkaritza duten alderdi guztien oniritziarekin, Lezoko Udalak adierazpen instituzionala argitaratu du.

Eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz LGBTIQ+ pertsonen bizitzak arriskuan daude. 

Hori gutxi ez eta komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzte. Izate hutsagatik baztertu, kondenatu eta arriskuan jarri nahi dituzte komunitateko pertsonak. 
Hau horrela, inoiz baina garrantzitsuagoa da ospatzeaz gain, aldarrikatzea eta LGBTIQ+fobiarik gabeko herri baten alde borrokatzen jarraitzea, zeinetan pertsona guztiak askatasunez, duintasunez eta beldurrik gabe bizi ahalko diren. 

Azken urteotan zenbait diskurtsok lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituztela ikusi dugu. Era berean, gero eta nabarmenagoa da espazio batzuk LGBTIQ+ pertsona askorentzat jada ez direla seguruak. Horren aurrean, garrantzitsua da gogoraraztea gizarteko espazio guztiak herritar guztienak direla. Eta espazio bat benetan publikoa bada, anitza izan behar da nahitaez. Kaleetan, erakundeetan, hezkuntza-zentroetan, kultura- eta komunitate-guneetan… pertsona guztiek baldintza beretan izateko eta parte hartzeko aukera izan behar dute.

Kolektiboek eta norbanakoek urteetan zehar egindako lanari esker lorpen handiak egon dira. Orain antolatzea eta borrokatzen jarraitzea ezinbestekoa dugu, lorpenetan atzera pausurik ez egoteko eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… lantzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. 

Aniztasuna ez da mehatxu bat, ezta salbuespen bat ere. Gure gizartea aberasten duen errealitate soziala eta ondare kolektiboa da. Gizarte irekiagoa, demokratikoagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzen digu. Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da ekainaren 28an ahotsa altxatzea. Ospatzea ere erresistentzia egitea delako. LGBTIQ+ pertsona guztien errealitateak ikustaraztea garrantzitsua delako oraindik ere. Eta oraindik ere badirelako bazterrean geratzen diren ahotsak, bizipenak eta beharrak.

Horregatik guztiagatik, Lezoko LGBTIQ+ pertsonen eskubideen alde borrokatzeko prest edo antolatua dagoen pertsona orori udalaren babesa eta elkarlanerako espazioak izango dituela gogorarazi nahi dugu Lezoko Udaletik adierazpen honen bidez.

Honetaz gain, dei egiten dugu Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko, eta amaitzeko, LGBTIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lanean eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua delako. LGBTIQ+ bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!