Berdintasun Kontseilua martxan jarri da herritarrekin egindako prozesu ireki batean kontseiluaren helburuak, osaera eta funtzionamendua adostu ostean. Orain, herritarrek parte hartzeko bideak ireki ditu Lezoko Udalak. Berdintasunaren alde eta herriak dituen erronkei aurre egiteko elkarlanerako espazioa izango da Kontseilua.
Lezoko Udalak beste urrats bat egin du herriko berdintasun politikak sendotzeko bidean. 2025eko azaroaren 27an egindako Osoko Bilkuran onartu zen Berdintasun Kontseiluaren araudia, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, araudia behin betiko indarrean sartu da 2026ko apirilaren 21ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Berdintasun Kontseilua herritarren parte-hartzerako organoa izango da, eta helburu nagusiak dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta feminismoa sustatzeko, herriko elkarte, eragile sozial eta mugimendu feministaren arteko sarea eta koordinazioa indartzea, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea, eta, baita herriko ekimenetan berdintasuna eta genero ikuspegia txertatzea ere.
Era berean, udalaren eta herritarren arteko zubi lana egin nahi da, Berdintasun Planaren garapena jarraituz eta elkarlanerako guneak sortuz.
Kontseiluaren bidez, Lezoko herritarrek eta eragileek berdintasunarekin lotutako proposamenak, beharrak eta ekimenak zuzenean partekatzeko aukera izango dute, alegia, herrian aldaketa errealak eta hobekuntza aukerak eragitea.
Onartu berri den araudiaren 3. artikuluan jasotzen denez, kontseiluko kide izan ahalko dira:
- Lezon berdintasunaren alde eta feminismoa sustatzeko lanean ari diren elkarteetako ordezkariak
- Mugimendu Feministako eta emakume taldeetako kideak
- Berdintasunaren edo feminismoaren inguruko sentsibilizazio berezia duten edo gai horiekin lotutako jarduerak egiten dituzten herritarrak.
Kontseiluan parte hartu nahi duten elkarte, eragile eta norbanakoek kide izateko inprimakia bete beharko dute. Inprimakia Lezoko Udalaren webgunean eta Herritarren Arreta Zerbitzuko (HAZ) bulegoan egongo da eskuragarri. Eskaera-orria bete ostean hurrengo bideetan entregatu ahal izango dute: Berdintasun Kontseiluko bileretan, HAZ bulegoan edota korreo elektroniko bidez berdintasuna@lezo.eus helbidera bidaliz.
Berdintasun Kontseilua osatze-prozesuko partaideek eta Lezoko Udalak herritarrak eta herriko eragileak gonbidatu nahi ditu Berdintasun Kontseiluan parte hartzera, herri bidezkoago eta berdinzaleago baten eraikuntzan ekarpena egiteko.
Kontseilua elkarrizketarako, proposamenak lantzeko eta udal politiketan eragiteko gune izango da, berdintasuna eta feminismoa herriko agenda publikoan indartzen jarraitzeko helburuarekin. Kontseilu ireki eta parte-hartzailea osatu nahi dute, herriko ahots eta ikuspegi ezberdinak bilduko dituena.