Lezoko Udalak herritar guztiei gogorarazi nahi die ospakizun giroan piroteknia erabiltzeak arriskuak eta ingurukoengan eragin kaltegarriak sor ditzakeela.
Urte amaierako ospakizunetan ohikoa izaten da piroteknia erabiltzea, horregatik, arrisku eta erantzukizunen gaineko arau eta gomendioak gogoratu eta errespetatzea ezinbestekoa da.
Pirotekniak arriskuak eta eragozpenak sor ditzake, bai segurtasunari dagokionez, bai pertsona eta animalien ongizateari dagokionez ere. Horregatik, Lezoko Udalak piroteknia erabilera ahalik eta gehien murriztea, eta erabiltzen den kasuetan, araudia eta segurtasun neurriak zorrozki betezea eskatzen die lezoarrei.
- Segurtasun neurriak betetzea: produktu piroteknikoen erabilerarako segurtasun eta distantzia arauak errespetatu behar dira, sute-arriskua eta kalte fisikoak sor ditzaketelako. Ezin da leihoetatik, balkoietatik eta ibilgailuen ondoan edo jende pilaketak dauden inguruan piroteknia-gairik jaurti.
- Ongizatea eta errespetua lehentasun izatea: petardoek, suziriek eta gainontzeko artikulu piroteknikoen zaratak, pertsonengan eta animaliengan kalteak eragin ditzake. Adinekoek, haurrek, osasun-arazo zehatzak dituzten pertsonek eta zaratarekiko sentikorrak diren herritarrek estresa eta ondoeza pairatzen dute. Halaber, artikulu piroteknikoen zaratak estres handia eta beldurra eragiten die etxeko animaliei zein inguruko basafaunari. Beraz, erabilera murriztu eta ingurukoen ongizatea kontuan hartu behar da.
- Adingabeen erabilerari buruzko oharrak: Lehergaien Araudiak produktu piroteknikoak kategoria desberdinetan sailkatzen ditu, arriskuaren arabera, eta horien salmenta eta erabilera arautzen du.
- 12 urtetik beherakoek debekatuta dute piroteknia artikuluak erosi eta erabiltzea.
- 12-16 urte bitartekoek ezin dituzte 2. kategoriako artikuluak eskuratu. Txinparta-barrak, bonbetak, ke-ontzi txikiak eta antzekoak erabil ditzakete, segurtasun neurriak bermatzen badira.
- 16-18 urtetik bitartekoek 3. kategoriako produktuen erabilera mugatuta dute. Petardo ertainak, bengala handiagoak… erabil ditzakete, segurtasun neurriak bermatzen badira.
Lezoko Udalak bereziki nabarmendu nahi du suteak eta bestelako istripuak saihestu egin behar direla, eta herritarrei erantzukizunez eta zentzuz joka dezaten eskatzen die. Urte amaiera giro seguruan eta guztion osasuna eta ongizatea babestuz ospa dezagun.