Hurrengo ostiralean, maiatzak 13, hasiko dira Zabarre pirataren ongi-etorriarekin
Datorren ostiralean, maiatzaren 13an, emango zaie hasiera Mendekosteak 2016 jaiei Lezon eta, gaur goizean egitarauaren aurkezpena egin dute Jexux Mari Martiarena alkateak eta Xanti Val Kultura teknikariak. Prentsaurrekoan herriko elkarteen parte-hartzea eta aurrekontuak gora egin duela nabarmendu dute.
Maiatzaren 13tik 15era lezoarrek eta ingurutik gerturatzen diren herritarrek non gozatua izango dute Mendekosteak 2016 jaietan. Bazkari, afari, puzgarri, herri kirol, Sagardo Egun, musika emanaldi, konpartsa… guztira, egitarauak 27 jarduera jasotzen ditu adin tarte zabaleko publikora zuzenduta. Horretarako, Udalak 14.000 € bideratu ditu, aurreko urtean baino 2.500 € gehiago.
Urteroko legez herriko eragileen parte hartzea nabarmendu nahi izan da Lezoko Udaletik, izan ere, horien laguntzari esker ospatzen dira. Aurtengo programazioaren diseinuan, hain zuzen, 21 eragilek parte hartu dute. Hau da zerrenda osoa: Aiton Borda, Allerru Danborrada, Arkirun Pilota Kluba, Allerru-Jaizkibel Ehiza Elkartea, Baserritarren taldea, Eclipse, EH Bildu, Gaxuxa Emakume Taldea, Haurtxo Haur Eskola, Hezikuntza Elkartea, Hezkide, Lezo Herri Eskola, Lezoko Desfilearen Aldeko Taldea, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Irrizaleak, Murixka Dantza Taldea, Pasaia-Lezo Lizeoa, Pasaia-Lezo Lizeoko Gurasoak, Tiñelu Elkartea, Trapujale Taldea, Zabarre Taldea.
Guztiek parte hartzen dute egitarauan, eta partehartzeko horrek herritarrekin eta herritarrentzat egindako festak bihurtzen ditu Mendekoste jaiak. Horren isla da prestatu den egitaraua, helburu zehatz batekin programatu dena: askotariko ekintzak antolatzea, publiko zabal batentzat. Hortaz, haurrek, gazteek, helduek eta adinekoek izango dute non aukeratu.
Egitarau zabala
Urteroko ohiturari jarraituz, Zabarre pirataren ongietorriarekin hasiko dira Mendekosteak. Ostiralean, maiatzaren 13an, izango da arratsaldeko 17.45ean kaian, eta Udaletik mozorrotuta joatea eskatzen da. Jarraian, pirata txikiek pregoia irakurriko dute Gurutze Santuaren plazan, arratsaldeko 19.00etan.
Hortik aurrera festak eztanda egingo du. Guztira 27 ekintza antolatu dira: bazkari, afari, puzgarri, herri kirol, Sagardo Egun, zazpi musika emanaldi edota buruhandi eta erraldoiekin, besteak beste. Aurtengoan, gainera, aurrekontuak gora egin du eta horrek ahalbideratu du inbertsio handiagoa egitea antolatu diren ekitaldietan, beti ere herritarren mesedetan.
Gainontzean, egitarauak ez du nobedade handirik jasotzen. Bada jarduera bat, ordea, lehen aldiz ikusteko aukera izango dena. Larunbatean, 17:00etatik aurrera Bekoerrotan, kirol egokituaren erakustaldia izango da. Adimen urritasuna duten palistak izango ditugu, tartean Bittor Alzuguren herritarra. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean antolatutako ekitaldia da, eta aurreratu dutenez, pala partidak amaitzean, gurpildun aulkiko partidak izango dira. Herritarrak bertaratzeko deia luzatu da, eta partidak amaitzean, gurpildun aulkietan palan aritzeko aukera izango dela aurreratu da.
Prentsaurrekoan aurreratu denez, festen egitaraua asteburuan banatuko da. Herritarren eskaerari erantzunez, programa esku orrietan atera da, paretan itsasteko kartela baztertuz.
Eraso sexisten aurkako ekimena
Programazioa aurkeztu ondoren, alkateak gogorarazi du Udalak eraso sexisten aurka iazko Santakrutzetan abiatutako ekimenarekin jarraituko duela, eta herriko ostalarien laguntzarekin, Udalak txartelak banatuko dituela eraso sexisten aurkako jarraibideekin. Datorren astelehenean, maiatzak 9, udal ordezkariak tabernaz taberna joango dira txartelak, protokoloak eta puntu lila duen afixa banatzera.
Helburua da edozein erasoren aurrean zer egin behar den azaltzea, eta bide batez, ostalarien artean jarrera aktiboagoa sustatzea.. Jarraibide sinpleak dira –erasoa jasan duenari laguntza behar duen galdetu eta bere erabakia errespetatu; ez bakarrik utzi, bere konfiantzako norbait iritsi arte lagundu– baina lagungarriak, ez baita erreza halako egoera bat kudeatzea. Jarraibideez gain, larrialdiko telefonoak biltzen dira eta laguntza ezberdinen berri ematen da.
Amaitzeko, herritarrei halako egoera baten aurrean laguntza emateko eta erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko deia luzatu da, herriko ostalariei kanpaina aurrera eramateko izan duten laguntza eskertzearekin bat.