Azaroaren 18an Auzitegi Nazionalak AHTren aurkako mugimenduko lau pertsona, tartean Ibon Garcia herritarra, epaituko ditu Yolanda Barcinari tartak botatzeagatik
2011ko urriaren 27an, Pirinioetako Lan Komunitatea Toulousen Osoko Bilkura egiten ari zen bitartean, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduko hiru lagunek merengeak bota zizkioten Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariari.
Ekintza harekin, desobedientzia mugimenduak Yolanda Barcinaren jarrera salatu nahi zuen, “hain zuzen ere Euskal Herrian oposizio zabala jaso duen AHTren inposaketaren erantzule nagusia bera zelako ekitaldi hartan”.
Ekintzan parte hartu zuten lagunak aretotik kanporatu zituzten, baina ez zituzten ez atxilotu ez identifikatu. Nafarroara bueltan, ordea, Foruzainek atxilotu eta “agintarien aurkako atentatua” egin izana leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalean inputatu zituen –laugarren pertsona bat akusazio berarekin auzipetua izan da ekintzaren arrazoien berri emateko prentsaurrekoan parte hartzeagatik–.
Lau auzipetuak astelehenean, hilaren 18an, epaituko dituzte 5 eta 9 urte arteko kartzela zigor eskariarekin. Auzipetuetako bat Ibon Garcia Garrido lezoarra da.
Lezoko Udalak –EH Bilduko zinegotziak baino ez ziren izan udalbatzarrean–, atzoko Ezohiko Osoko Bilkuran Oarsoaldeako AHTren aurkako taldeak aurkeztutako manifestua onartu eta lau puntu hauek bere egin zituen:
- Yolanda Barcinari tartak jaurtitzeagatik auzipeturik dauden lau kideen aldeko elkartasun manifestuarekin bat egitea.
- Komunikabideetan, eta ahal diren bideetatik, egoera honen salaketa zabaltzea.
- Ahal balitz, epaiketa prozesuan udaletik begirale bat bidaltzea.
- Ahal balitz, prozesu judizial honek eragiten dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa. Kontu korronte zenbakia: Laboral Kutxa, 3035.0068.08.0680058591.