Behar gehien dituztenen beharrak asetzea lehentasun

Og, 2014-01-16 12:06

Atez Ateko zabor bilketa sistemarekin aurreztutako dirua beste zerbitzuetara bideratu da 2014ko aurrekontuetan

Lezoko Udalak 7.501.000 €ko aurrekontua kudeatu behar du 2014 urtean –joan den urtekoarekin alderatuz, 7.271.331 euro, 200.000 euro baino gehiagoko igoera izan du–, horrela erabaki zuen joan den urteko azaroaren 28an egindako osoko bilkuran. Ainhoa Zabalo alkateak eta Pedro Etxarri kontu-hartzaileak aurrekontuaren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur goizean prentsaren aurrean. Azken horrek adierazi duenez, Lezokoak izan dira Gipuzkoan behin betikoz onartu diren lehenengo aurrekontuak.

Ainhoa Zabaloalkateak adierazi duenez, 2014ko aurrekontuak diseinatzerako garaian lehentasunetako bat behar gehien dituzten lezoarren beharrak asetzea izan da. Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuetara edo-eta enplegu planera bideratutako diru-partidek gora egin dute 2013ko aurrekontuekin alderatuz.

Aurrekontua onartu aurretik, Ainhoa Zabalo alkateak aurrekontu parte-hartzailea izan dela nabarmendu du. “Herri Batzarrean aurkeztu genuen proposamena, eta herritarren iradokizunak aintzat hartuta eraman genuen gure proposamena Batzordera”, azaldu du.

Eta jarraian, adibide pare bat jarri ditu:

  1. Herriko eragileei bideratutako diru-laguntzak igotzea. % 5eko igoera eskatu, eta % 10ekoa aplikatu da. Herri bizia nahi bada, ezinbestekoa da herriko eragileekin elkarlana sustatzea eta haien parte-hartzea sustatzea Lezoko dinamikan. Horretarako ahalmena dagoen bakoitzean, filosofia berarekin jarraituko da.
  2. Gizarte Zerbitzuetara bideratutako diru-laguntzak areagotzea. Partida hori ere nabarmen handitu da. Igoera aipagarrienak:
    1. Famili diru-laguntza, 5.000 €tik 15.000 €tara. Arazo ekonomikoak dituzten familien oinarrizko beharrak asetzera bideratutakoa.
    2. Familia esku-hartzea, 41.000 €tik 50.000 €tara. Adin txikikoak dauden eta arazoak dituzten familiei bideratuta: besteak beste, terapeuta eta psikologo profesionalak haien esku jartzeko.
    3. Berdintasuna, 1.600 €tik 6.000 €tara. Udalak berdintasunaren aldeko apustua egin du; hitzetik haratago, ekintzetan gauzatuko dena. Adibide modura, hilabete honetan berdintasun teknikari bat udaleko teknikari guztiekin elkartuko da Udalak berdintasunaren inguruan eramango duen bide-orria finkatzeko.

Atez Atekoaren eragina

Atez Ateko sistemaren ezarpenak eragina izan du aurrekontuak osatzerako garaian. Hondakinak gaika biltzeko sistema abiatu zenetik, Lezoko Udalak 200.000 eurotik gora aurreztu du, eta Ainhoa Zabaloren hitzetan, “Udaleko beste zerbitzuk indartzera bideratu du diru hori. Aipatu ditut igoerak herriko eragileei ematen dizkiegun diru-laguntzetan, eta aipatu ditut Gizarte Zerbitzura bideratu ditugunak ere. Bada, aurrezki horri esker enplegu planera bideratutako diru-partida 40.000 €tik 60.000 €ra igo da”.

Horri esker, 2014an zehar 10 lanpostu berri sortuko ditu Lezoko Udalak: lau lorezain, bi margolari, hiru igeltsero eta elektrikari bat.

Alkateak nabarmendu nahi izan duen beste kontzeptu bat auzotarrekin erabakitzeko inbertsioena izan da. Lezoko auzo batean inbertsioak egingo direla aurreratu du, auzo horretako bizilagunekin elkarlanean. “Erabakitzeko dago zein auzotan izango den, beharren arabera hartuko da erabakia. Ondoren, gure proposamena aurkeztuko dugu, eta auzotarren ekarpenekin behin betiko proiektua egingo dugu. Guztion artean erabakiko dugu zein de auzo horretarako inbertsiorik egokiena”.

Ondorio nagusiak

Lezoko alkatearen ustez, 2014ko aurrekontuek hiru ondorio nagusi utzi dituzte.

1.     Atez atekoa sistemarik egokiena dela. Arnasa eman digu, eta mesedegarria da, ez bakarrik ingurumenarentzat, udalaren ekonomian eragiten duela nabarmen geratu da lortutako aurrezkiarekin beste zerbitzuak indartzeko aukera eman duelako.

2.     Lezoko Udalaren sentsibilizazioa. Izan ere, aurrekontu hauetan behar gehien dituzten herritarrak laguntzea lehentasunetako bat izan da.

3.    Gardentasuna. Aurrekontuak Herri Batzarrean aurkeztu ziren lehenik, eta orain ere, aurrekontuen inguruko azalpenak emateko prest gaude. Horretarako, egun bat jarri dugu herriko elkarteek edo norbanakoek aurrekontuen inguruan dituzten kezkak, zalantzak eta abar argitzeko. Datorren otsailaren 8a izango da, goizeko 10:00etan. Egun horretan pleno aretoan bilera bat egingo dugu; aurrez, ordea, izena eman beharra dago asistentzia konfirmatzeko. 943 529886 telefono zenbakian egin daiteke edo lezo@udal.gipuzkoa.net posta elektronikoa idatziz. Azken eguna otsailaren 5a izango da.

Arloa edo saila