Lezo, Astigarraga, Usurbil, Pasaia eta Hernaniko udalerriek jarri dugu San Marko mankomunitatean PSE-PNV-PP alderdiek onartu dituzten aurrekontuei
Astigarraga, Usurbil, Pasaia, Hernani eta Lezoko udalerriek, iragan martxoaren 31ean helegitea jarri genien San Marko mankomunitatean PSE-PNV-PP alderdiek onartu dituzten aurrekontuei.
Aurrekontuak joan den azaroan aurkeztu ziren behin behinekoz, eta harrigarria bada ere, aurrekontu horietan aurreikusten da atez ateko bilketa egiten dugun mankomunitateko herriok, gure bilketaz gain, edukiontzi bidez egiten duten gainerako udalerrien bilketaren ordainketan ere parte hartu behar dugula.
Hau da, Hernani, Usurbil, Lezo, Astigarraga, Oiartzun eta Pasaiko herritarrak, Donostia, Urnieta, Lasarte eta Errenteriko bilketaren parte bat ordaintzera zigortu nahi gaitu PSE-PNV-PP hirukoteak, horretarako mankomunitateko estatutuak urratu behar badituzte ere.
Gainera, Denis Itxasok torlojuari beste itzuli bat eman nahi dio orain, eta 5. edukiontziaren kosteak ere San Marko mankomunitatea osatzen dugun udalerri guztien artean banatu nahi ditu. Honek udalerri bakoitzari gastu extra bat suposatuko digu, udalerri gehienok jasan ezin dezakeguna.
Hau da Denis Itxaso erabiltzen ari den trikimailua 5. edukiontziaren hedapena inposatzeko. Izan ere, Denis Itsaso “zero kostean” eskaintzen ari baita 5. edukiontzia, baina haren gastuak udalerri guztien artean banatu nahi ditu.
Bidegabekeri honen aurrean, Mankomunitateko gure udalerrien ordezkariak elkarrizketaren bidean saiatu dira, eta estatutuen urraketa zuzentzeko eskaera egin zuten San Markoko abenduko batzarrean. Alferrik. Denis Itxaso lehendakariak, eta bere sostengua diren PSE, PNV eta PP alderdietako kideek gehiengoaren indarra erabili zuten gutxiengo bati arbitrarioki kalte ekonomikoak inposatzeko. Botere abusu hau salatzean, Denis Itxasoren erantzuna “gustora ez bazaudete mankomunitatea uzteko” gonbidapena izan zen.
Funtzionamendu demokratikoari ere muzin egiten zaio, izan ere mankomunitatea osatzen dugun 10 udalerrietatik 9n Bilduk lortu baitzuen herritarren babesa alkatetzak eskuratzeko. Mankomunitatean, ordea, ez da proportzio hau islatzen, hiri handiek gehiegizko pisua dutelako. Ondorioz, paradoxa honen aurrean aurkitzen gara: PSEko alkaterik ez dagoen mankomunitate honen lehendakaritza alderdi horren esku dago, legitimazio demokratikorik gabe mankomunitatea kudeatzen, mankomunitatearen onerako baino, bere interes politikoak aurrera ateratzeko.
Denis Itxasori, San Markoko lehendakari bezala, mankomunitatea osatzen dugun udalerri guztien alde jokatzea dagokio, udalerri bakoitzaren erabakia aintzat hartzea eta guztien mesederako diren politikak sustatzea.
Aldiz, Denis Itxaso bere kargua erabiltzen ari da bere alderdiaren interes politikoak defendatzeko. Bere mankomunitatearen mesederako baino, bere alderdiari interesatzen zaion konfrontazio politikoa bilatzeko. Esan daiteke mankomunitatearen elkarbizitza kolokan jartzen ari dela eta bere kudeaketak zalantza asko sortzen dituela.
Helegitearen arrazoiak
Helegitearen muina San Marko mankomunitatearen estatutuetan datza. Estatutu horietan honako bi ideiak oso argi azaltzen dira:
1. Mankomunitatearen helburua hondakinen tratamendua da eta ez hondakinen bilketa.
2. Soilik mankomunitateko “gastu orokorrak” banatuko dira proportzionalki udalerrien artean, beren populazioaren arabera.
Hemen irakur ditzakezue bi puntu hauek jasotzen dituzten San Marko mankomunitatearen estatutuen pasarteak. Horietan garbi azaltzen da zeintzuk diren mankomunitatearen eskumenak (1).
PSE-PNV-PP hirukoteak, aldiz, San Markoko batzarrean duten gehiengoaz baliatuz, estatutuen kontrako gastuen banaketa inposatu dute, atez ateko bilketa egiten duten herriak ekonomikoki zigortuz, edukiontzien bidezko bilketaren emaitza-ekonomiko kaskarrak estali nahian.
Zehazki, Donostia, Lasarte, Errenteria eta Urnietan egiten den bilketa denon artean ordaintzera behartu nahi gaituzte aurrekontu hauen bitartez. Are gehiago, Denis Itxaso, bere kabuz, “zero kostean” eskaintzen ari da 5. edukiontzia, baina haren gastuak udalerri guztien artean banatu nahi ditu.
2014ko aurrekontuetan oinarrituta egindako kalkuluen arabera, gehiegikeri honek suposatuko luke, adibidez, Hernaniko herritarrek dagokiena baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izatea; Pasaiak 93.000 euro gehiago; Oiartzunek 60.000 euro gehiago; Lezok 35.000; Astigarragak 30.000 eta Usurbilek 3.000. San Markoko azken batzarrean eskatu genuen batzorde bat osatzea kopurua hauek denon artean adosteko, baina erantzuna ezezkoa izan zen, berriz ere. Denis Itxasok ez ditu kontuak egitea nahi, baina hauek agerikoak dira guztiontzat.
Urtarrilean aurrekontuei erreklamazioa jarri genien, baina Denis Itxasok, inolako azalpen edo argumenturik eman gabe, atzera bota zuen. Eta hemen amaitu zen bide administratiboa.
Gure herritarren interesen defentsan, eta PSE-PNV-PP taldeen itxikeriaren aurrean, epaitegietara jo behar izan dugu. Beste behin, talde hauek iharduera politikoaren judizializazioa bultzatu dute.
Beste alde batetik, helegitea aurkezteaz gain, epaileari eskatu diogu mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak atzera botatzea, gure udalerrietan kalte ekonomikoak eragozteko kautelazko neurriak har ditzan, hain zuzen ere.