Talde politiko guztietako ordezkariek herritarrei batzeko eta antzeko jarrerak salatzeko deia luzatu diete
Lezoko Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean herriko plazan joan den astean herritar batek izan zuen erasoa salatzeko. Ainhoa Zabalo alkatearekin batera, Kepa Garbizu eta Mikel Antxon Arrizabalaga, hurrenez hurren EAJko eta PSE-EEko zinegotziak, izan dira prentsa agerraldian. Udal ordezkariekin batera herritar ugari elkartu dira erasoa salatzera. Amaitzean, erasoa gertatu zen lekuraino manifestazio isila egin dute.
Gertaera joan den asteartean izan zen, Jaizkibel Hiribidean eta 62 urteko lezoarra da erasoa jasan duena. Kolpeen ondorioz, masailezurra hautsia du eta begi bat galtzeko zorian izan da. Asteartekoa ez da gertaera isolatua. Udalak jakin duenez, erasotzaileek azken aldian herritarrak eta zenbait kolektibo mehatxatu, iraindu eta erasotu dituzte.
Egoera honen aurrean, Lezoko Udalak sei puntuko oharra kaleratu du:
- Lezon ez ditugu halako jarrerak onartuko. Eta are gutxiago faxismo zantzuak gogorarazten dizkiguten jarrerak sustatzen dituzten herritarrak/pertsonak.
- Erasoa jasan duen herritarrari eta haren gertukoei babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu.
- Udalak bere esku dituen baliabideak erabiliko ditu arazoa konpondu eta herritarren segurtasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko.
- Erasoak, mehatxuak edo-eta irainak pairatzen dituzten herritarrei gertaerak salatzeko eskatu nahi diegu. Salaketarik gabe ezer gutxi egin dezakegulako.
- Arazo honi konponbide bateratua eman behar diogu. Herritarrok batu egin behar dugu, eta guztion artean bakarrik daudela sentiarazi behar diegu. Horrelako erasoak ez ditugula onartuko ulertarazi behar diegu.
- Eta amaitzeko, haien probokazioan ez erortzeko eskatu nahi dizuegu. Zuen haserrea, ezinegona eta kezka ulertzen dugu, baina arazoari konponbide bateratua eta baketsuaeman behar diogu.