Aipatu dokumentuak EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin egin zuen aurrera. Horrez gain, Ordenantza Fiskalen diktamena eta kontu-hartzailetzarekin loturiko beste hainbat diktamen onartu ziren.
Mozioen atalean 5 izan ziren mahai gaineratu zirenak: azaroaren 25aren ingurukoa (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna), Euskararen Egunekoa, mendebaldeko Sahararen egoerari buruzkoa, EH Bilduk J.J.E. lezoarraren atxiloketaren harira aurkeztutako adierazpena eta Egiari Zor Fundazioak aurkeztutakoa.
Atzo arratsaldeko 19:00etan ohiko osoko bilkura (eta 2020ko azkena) ospatu zuen Lezoko Udalak eta eguneko aztergaien artean nagusi izan zen 2021erako udal aurrekontuen onarpena. Aipatu dokumentuak udal gobernuak egindako proposamenari jarraiki egin zuen aurrera, hain zuzen EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. Eh Bilduk, aldiz, aurka bozkatu zuen.
Gauzak horrela, aurrekontu dokumentuak jasotakoari jarraiki, udal diru-laguntzak momentuko beharren arabera jarriko dira martxan. Kontuan izanda behar horiek pandemiaren bilakaeraren araberakoak izango direla eta horrenbestez, horien irismena ezezaguna dela oraindik, laguntza horiek kreditu globalaren eta udal gerakinaren bidez finantzatuko ditu Udalak. Udal laguntzei gainera, ondoren, Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik datozenak gehituko zaizkie. Ildo beretik, 2021ean sor daitezkeen beharrei erantzuteko, gobernu taldeak egungo testuiguru honetan egindako aurrekontuak inoiz baino gehiago behar ditu udal talde guztien proposamenak eta lankidetza.
Horrez gain, herri nortasuna mantendu eta indartze aldera, kultura eta kirolaren aldeko apustu irmoa mantendu du Udalak, horretarako, besteak beste, ekitaldi, ikuskizun, ekimen eta jarduera guztiak mantenduz, osasun krisiak horiek aurrera eramateko aukera ematen duen heinean, behintzat. Era berean, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako partida guztiak mantenduko dira eta berdintasunaren esparruan, gobernu taldeak Lezoko III. Berdintasun Plana idazteko kontu-saila handitzearen aldeko konpromisoa azaldu du baldin eta Emakundek bere diru-laguntzak mantentzen dituen. Euskara sailak, halaber, udal aurrekontuaren %4a izaten jarraituko du eta Enplegu Planari dagokionean, hurrengo urtean ere, honek dagokion diru-partida izaten jarraituko du, Garapen Agentziak enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko ekimenak aurrera eramaten jarrai dezan, langabezian dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko.
Mozioak ere nagusi urteko azken osoko bilkuran
Mozioen atalean, halaber, bost izan ziren mahai gainean jarritakoak. Lehena azaroaren 25aren (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna) harira aurkeztutakoa izan zen. Kasu honetan, udalbatzak EUDEL-en adierazpen instituzionala eta EH Bildurena eta PSE-EEk aurkeztutakoa aztertu zituen eta hiruak atera ziren aurrera.
Ondoren, Euskararen Egunari lotuta, EH Bilduren eta EUDEL-en adierazpen instituzionalak aztertu ziren eta kasu honetan ere biak onartu ziren.
Hirugarren mozioak Mendebaldeko Sahararen egoerari erreparatu zion EH Bilduk eta eta PSE-EEk aurkeztutako mozioekin. Azkenik, PSE-EEk aurkeztutakoa atera zen aurrera.
EH Bilduk, halaber, J.J.E. lezoarraren atxiloketaren inguruko mozioa ere aurkeztu zuen eta honek aurrera egin zuen udal taldearen aldeko botoekin. Amaitzeko, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko Egia Zor fundazioak aurkeztutako mozioa onartu zen.