ENERGIA KOMUNITATEA LEZON

Og, 2024-11-07 13:47

Gaur Lezoko Udalak eta Iratzerri Energia Taldeak elkarrekin bidea egiteko konpromisoa berretsi dute, herrian energia komunitatea sortzeko lehen pausoak emanez. Prentsaurrekoan, Mikel Arruti Lezoko alkatea, Mikel Mitxelena Iratzederreko ordezkaria eta Mikel Suarez udal teknikaria izan dira. Bertan, energia trantsiziorako egindako aurrerapausoak eta etorkizunerako erronkak azaldu dituzte.

Mikel Arruti alkateak azpimarratu bezala,  2024an zehar, hainbat ekimen martxan jarri ditu Lezoko udalak: energia teknikari bat kontratazioa eta Izadi 21 enpresarekin elkarlanean energia eta klima plana garatzea, besteak beste. “Gure planean, Lezon Energia Komunitatearen sorrera sustatzea ere jasoa dugu eta bide horretan, lehen urratsak emateko prest gaude. Bidea Iratzerri energia taldearekin batera egingo da” adierazi du alkateak.

Energia komunitate bat sortzeko ezinbestekoa da auzokideen, eragileen, administrazio publikoen eta enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza. Komunitate energetikoa toki bateko energia kudeatzeko modu berritzailea da, eta honen bidez, eredu ederra eraiki daiteke energia-sistema erresilienteago eta bidezkoago bat garatzeko.

Zentzu horretan, Mikel Mitxelenak azken urteotan egindako lana azpimarratu nahi izan du: “Azken bi edo hiru urteotan lan handia egin dugu herritarrei energia aldaketaren beharra komunikatzeko, eta orain garaia da urrats hori gauzatzeko. Errenterian eta Oiartzunen dagoeneko abian jarri dugu eta orain, Lezon txertazeko garaia iritsi da. Udalarekin batera erabakiko dugu energia sortzeko guneak non ezarri”.


Lehen Bilera Azaroaren 11n Kultur Aretoan
Azaroaren 11n, arratsaldeko 18:30ean, Lezoko Kultur Aretoan egingo da energia komunitateari buruzko lehen informazio-bilera. Ekitaldi honetan, Goiener kooperatibaren laguntzaz, energia komunitatearen funtzionamendua eta Lezoko proiektuaren xehetasunak aurkeztuko dira. Jardunaldiaren helburua herritarrei proiektuaren inguruko informazioa eskaintzea da, eta, era berean, komunitatearen kide aktibo bihurtzeko aukera ematea.

Alkateak gogorarazi duenez, herritar guztien parte-hartzea funtsezkoa izango da Lezo jasangarriago bat eraikitzeko. "Guztion artean, Lezo hobea eta iraunkorragoa sortzeko aukera dugu, eta guztion parte-hartzea beharrezkoa izango da bide honetan," azpimarratu du Arrutik.

Lezoar guztiak gonbidatuta daude hitzordu garrantzitsu honetan parte hartzera, eta Elkar Zainduz Lezoren helburuekin bat egitera.

Arloa edo saila