Pasaiako Portu Agintaritzak eta Lezoko Udalak akordio bat sinatu dute Arraitokiko gunea udalerriari emateko. Administrazio publikoak lursaila hainbat erabilerez hornitzea aurreikusten du Lezoko auzotarren beharrak asetzeko.
Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA) eta Lezoko Udalak akordio bat sinatu dute ostegun honetan, otsailaren 23an, udalerri gipuzkoarraren sarreran kokatuta dagoen Arraitokiko portu-gunea doan emateko.
Sinadura gaur goizean egin da, Joakin Telleria PPAko Presidentea eta Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea bertan zirela.
Zehazki, 4.422 m2-ko eremu bat da, Bekoerrota kiroldegiaren eta Altamira auzora sartzeko biribilgunearen artean dagoena, eta orain arte behin-behineko aparkaleku gisa erabili dena.
“Portuaren eta hiriaren arteko harremana estutzea eta hobetzea da gure helburu nagusietako bat. Horregatik, Pasaiako badiaren inguruko udalerriekin elkarlanean ari gara eta jarraituko dugu, portuaren eta haren ingurune hurbilenaren arteko harremana sendotzeko”, adierazi du Joakin Telleriak.
Bestalde, Lezoko alkateak adierazi du lursaila “kokapen ezin hobean” dagoela eta “erabilera anitz” emango zaizkiola herriaren egungo eta etorkizuneko beharrak asetzeko.
Udalak aurreikusitako erabileren artean daude, ibilgailuentzako doako aparkalekua eta, epe ertainean, kiroldegi publikoa eraikitzea.
Ekimen hau Pasaiako Portuak bultzatutako Portu-Hiria estrategiaren parte da, badiaren inguruko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko, gizarte-intereseko proiektu berrien bidez.
Pasaiako Portuak gizarte-intereseko proiektu berrien bidez, badiaren inguruko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko sustatzen duen Portu-Hiria estrategiaren parte da ekimen hau. Horrela, aurreko ekintzei gehituko zaie, hala nola lonja plazan egindako obrak, Gipuzkoako Foru Aldundiari Ondartxo kaiaren emakida Albaola Itsas Faktoriaren erabilerarako, edo Herrerako eta lonjako estalkietan martxan dauden obrak.