“Emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna lortzen dugun bitartean, den denok edukiko dugu erantzunkizuna arlo honetan”

La, 2023-08-19 17:42

Eneritz Arruti eta Mireia Kuesta feminismoari buruz aritu dira udaleko webgunean.

-Kaixo Eneritz eta Mireia, zer moduz? Zinegotzi kargua ekainean hartu eta feminismoa sustatzeko ekimenekin hasi zineten azkar…

Eneritz Arruti: Kargua hartu eta berehala jarri genuen begirada Santakrutz jaietan, egutegiak horrela aginduta. Uda tartean genuen eta denbora gutxi geratzen zen jai giroan eman daitezkeen egoera naiz jarrera sexistak sahiesteko, eta bere kasuan, erantzuteko neurriak eta tresnak Lezoko herritarrei helarazteko.

Mireia Kuesta: Eduki dugun denbora honetan jai esparrurako honako neurriak hartu ditugu:

  1. Autodefentsa feminista tailerra antolatzea
  2. Protokoloa idaztea herriko eragileekin batera eta herri osoari zabalduko zaiona (tabernariekin ere landuko da)
  3. Arreta eta salaketa zerbitzu telefonikoa aktibatzea

-Lezoko Emakumeen taldearekin, Piztu Lezorekin eta Gaxuxa elkartearekin ere elkarlana martxan jarri duzue…

Eneritz Arruti: Bai, ezinbestekoa da herriko eragileekin elkarlanean aritzea, eta Lezoko Udalak arlo guztietan horrela egingo du lan, herritarrekin, eurak entzunez eta eurekin batera lan eginez. Eta, zer esanik ez feminismoaren inguruan lan egiterako orduan, zehar lerro gisa gainerako arlo guztietan eragina izango baitu.

Mireia Kuesta: Hasiera honetan aipatu diren eragileekin egin dugu harremana, baina, gurekin elkarlanean aritzeko prest dagoen edozein eragile nahiz herritarri ateak zabaltzen dizkiogu horretan jarduteko. Halaber, espero dugu, denbora gutxian elkarlan hori egikaritzeko espazioren bat martxan jarriko dugula.

-Santakrutz jaien aurretik, autodefentsa feminista tailerra martxan jarriko duzue. Zertan datza eta nola sortu zen ekimen hau?

Mireia Kuesta: Aurretik aipatu dugun moduan garrantzitsua iruditzen zaigu Lezoko emakumeek jai giroan jasan ditzaketen egoera nahiz jarrera sexistei erantzuteko nahikoa tresna edukitzea, eta horretarako tailer hau jaien aurretik eskaintzea beharrezko ikusi genuen feminismoko teknikariarekin egin genuen lehenengo bileran.

Eneritz Arruti: Tailerrak bi helburu nagusi ditu: Bata, emakumeok pairatzen ditugun indarkeriazko bizipenak partekatu eta hainbat beldur eta emozioei buruz elkarren artean hitz egitea, horretarako gune aske eta egokia eskainiz. Bestea, hainbat indarkeria egoera eta eraso mota identifikatzea eta erasoei aurre egiteko estrategiak lantzea, norbanakoak eraiki beharrekoak, nahiz kolektiboki eraiki beharrekoak.

-Zer egin behar dute interesdunek parte hartzeko? Zein da prezioa?

Eneritz Arruti: Autodefentsa feminista tailerrean izena emateko epea zabalik egongo da abuztuaren 31era arte. Izena emateko bi aukera daude: udaletxeko herritarren harrera zerbitzura joan eta eskura dagoen inprimakia beteta, edo online bidez, Lezoko Udaleko web orrian dagoen loturan sartuta.

Mireia Kuesta: Tailerra doakoa da, bai adin txikikoentzat, eta baita adinez nagusiak direnentzat ere.

-Nola animatuko zenituzkete tailerrean parte hartu nahi duten emakume lezoarrak, baina, lotsagatik edo beldurragatik zalantza egiten dutenak?

Mireia Kuesta: Lotsa eta beldur horiek alde batera utzi eta tailerrean parte hartzera animatzen ditugu, noski. Tailerrean informazioa, hainbat erasori erantzuteko tresnak eta elkarren arteko babesa jasoko dituzte.  Gainera, zenbat eta emakume gehiagoren bizipenak eta sentimenduak jaso, are eta aberatsagoa izango da tailerra. Espazio libre, lasai eta berdina izango da.

Eneritz Arruti: Bereziki dei egiten diegu gazteei, eta hauen gurasoei, izan ere, tailer berezia egin dugu 12-17 urte bitarteko emakumeei zuzendua, uste dugulako bereziki zaurgarriak izan daitezkeela zenbait egoeren aurrean; eta, horiei erantzuteko tailerraren bitartez jasoko dituzten informazio eta tresnak euren adinera egokitutakoak izango dira.

-Feminismoa zehar lerrotzat hartuko duzuela esan duzue. Asko dago egiteko Lezon?

Mireia Kuesta: Asko gustatuko litzaiguke kontrakoa esatea, baina, Lezo ez da berezia horretan. Hortaz, emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna lortzen dugun bitartean den denok edukiko dugu erantzukizun eta zeregina arlo honetan, emakume zein gizonek. Biztanlegoaren erdia ez gara aske bizi gure egunerokoan. Emakume izate hutsagatik hainbat eraso sufritzen ditugu, baita erailketak ere. Erailketak dira bortitzenak, jakina, baina ba al dago bere egunerokoan, emakume izateagatik, erasorik sufritu ez duen emakumerik? Askatasunaren borroka dugu feminismoa. Feminismoa ez da egoera, arlo edo leku zehatz batean baino sustatu behar den ardatza. Ez da denbora tarte jakin batean landu beharrekoa. Feminismoa eremu, egoera eta arlo guztietan txertatu behar da, etengabean sustatu behar da.

-Herrian martxan jarriko dituzuen hurrengo pausuak zeintzuk izango diren aurreratzeko aukera duzue?

Eneritz Arruti: Egia esan oraindik ez dugu astia eduki azterketa sakona egiteko eta datozen lau urteetan hartuko ditugun erabaki, ekimen eta neurri zehatzak definitzeko. Baina argi dugu berdintasunaren aldeko pausuak emango ditugula. Herriko eragileekin elkarlanean emango ditugun pausu sendoak izango dira.

Mila esker.

Arloa edo saila