Gaxuxa Emakume taldeko, Lezoko Emakume taldeko eta Piztu Lezoko ordezkariekin egin da bilera.
Berdintasuna sustatzeko konpromisoa du gobernu talde berriak. Hori, herriko eragileekin elkarlanean egingo zuela esan zuen, eta horretan hasia da jada.
Hala, Eneritz Arruti (Feminismoko zinegotzia) eta berdintasun teknikaria, Santakrutzetan berdintasuna sustatzeko neurriak zehazten hasteko, herriko hainbat eragilerekin elkartu ziren lehengo astean: Gaxuxa Emakume Taldeko bi ordezkarirekin, Piztu Lezoko bi ordezkarirekin eta Emakume Taldeko ordezkari batekin.
Eneritz Arruti eta Mireia Kuesta zinegotziek, udal teknikariarekin batera, herriko jaietarako zenbait proposamen landu zituzten aurretik. Proposamen hauek bileran azaldu ziren, elkarlanean osatzeko, moldatzeko… eta adostasunez aurrera eramateko. Horrela, besteak beste, Santakrutzen aurretik ahalduntze tailerrak prestatuko dira, bai adin txikikoentzat, bai adinez nagusientzat ere. Bestalde, larrialdi-mahaia koordinatzeko bilera egingo da, eta tabernariekin ere hitzordua jarriko da berdintasunerako protokoloaren berri emateko.
Jaietan informaziorako puntu morea jarriko da Pikukalen, eta telefono zenbaki bat egongo da eskuragarri eraso matxistaren bat gertatuko balitz, biktimek aditu baten arreta-zerbitzua jasotzeko aukera izan dezaten (irailaren 15ean eta 16an, 00:00etatik 06:00ak arte).
Azkenik, eragileen eta udalaren artean Lezoko herritarrei zuzenduko zaien protokoloaren lehen zirriborroa osatu dute, eraso baten aurrean nola jokatu behar den modu zuzenean, argian, eta ulerterrazean adierazten duena. Santakrutzen programarekin batera etxez etxe banatuko da, eta kartel formatuan ere eskuragarri egongo da taberna eta herriko hainbat guneetan kokatzeko.
Udal gobernu taldeak, ardura hartu berritan, Santakrutzetarako lanketa egiteko nahi beste denbora izan ez duen arren, jaietan berdintasuna sustatzea atzeraezineko betebehartzat hartu du. Eta beraz, aurrerantzean ere, neurriak egokitzeko edota neurri berriak hartzeko lanketa egiten jarraituko du herriko eragileekin batera.