2016an herriko ur kalitate ona bermatu eta arazoak non egin zitezkeen identifikatzeko ikerketa proiektu bat eraman zen aurrera. Ikerketa proiektuaren emaitzak kontuan izanik 2 isurketa puntu konpondu dira ur zikinak ez daitezen errekara joan.
Lezoko Udalak urteak daramatza herria zeharkatzen duten erreken ur kalitatea hobetzearen alde lanean. Hainbat lan burutu dira saneamendu sarean zeuden akatsak konpontzeko eta ur zikinak errekara joan ez daitezen lortzeko. Lan horiei esker Zubitxoko ur kalitateak nabarmen egin du hobera, baina oraindik kutsadura nabaria da, zenbait eremutan, bereziki, Elias Salaberriako erreka zatian.
Herritarrek egindako zenbait salaketei esker, URA Ur Agentziak (Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritza) hainbat ikuskapen egin zituen eta erreka kutsatzen zuten isurketak zeudela ikusita, Lezoko Udaletxeari arazoari konponbidea emateko agindu zion, URA Ur Agentziari baitagokio Gipuzkoako uren kalitate ona bermatzea.
Gauzak horrela, zehazki arazoak non ziren identifikatzeko, errekaren ur kalitate ona bermatzen jarraitu ahal izateko, noski, ikerketa proiektu bat eskatu zuen Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak emandako diru laguntza bati esker gauzatu dena.
Ikerketa proiektu honen baitan, herriko saneamendu sarea digitalizatzeko lanak egin dira, hau da, kutxatilaz-kutxatila puntu guztiak geo-kokatu dira eta lan horri esker sarean zein akats dauden identifikatu dira. Kasu batzuetan, ur zikinak eta euri urak hodi berdinetik doazela ikusi da, eta beste batzuetan, ur zikin horiek, gainera, zuzenean errekara joaten direla frogatu da, erreka kutsatuz.
Arazo horiei irtenbidea emate aldera, urtarrila amaieran bi saneamendu obra burutu zituen Udalak, zehazki Eugenio de Otxoa eta Elias Salaberria kaleetan, ur zikinenen isurketak ez daitezen, aurrerantzean, zuzenean errekara joan. Guztira, 5.146,13 euroko kostua izan dute lanek eta horiekin, errekaren ur kalitatea nabarmen hobetzea espero da. Horretaz gain, URA Ur Agentzia, Udalarekin batera, Algeposa enpresarekin bere isurketak ekiditeko lanean da.
Esan bezala, hemendik aurrera, erreka eremu horren ur kalitateak hobera egitea espero da. Dena den, Udalak gertutik jarraituko du gaia eta orain artean identifikatu ez den isurketarik balego, konponbide emango zaio.