Euskaraz hezi eta bizi: familientzako guraso gara! euskarri berriak

Ar, 2021-01-26 14:38

Familia bidezko euskararen transmisioa laguntzeko egiten diren ekintzen artean daude gurasoei euskarari buruzko orientabideak ematea helburu duten euskarriak.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak hainbat tresna edo euskarri berritu eta eguneratu dituela iragarri du prentsa agerraldi batean. Batzordearen presidente eta Errenteriako zinegotzi Itziar Ostolazak eta Pasaiako Euskara zinegotzi eta batzordekide Loreto Osak eman dituzte euskarri berrituei buruzko azalpenak.

Familiei zuzenduriko Guraso gara! izeneko euskarriak dira berritutakoak; Jaioberrien gurasoei banatzen zaien gida, batetik, eta familientzako bideoa, bestetik.

Euskarri horiek gurasoei eta familiei euskararekiko jokabideetan laguntzea dute helburu.

Horretarako,  aholkuak eta jarraibideak emango dizkiete, euren abiapuntua edozein dela ere;  izan guraso erdaldunak, euskaldunak nahiz bat euskalduna eta bestea ez.

Seme-alaben euskara ikasteko prozesuan, eta ikasi ondoren, euskarazko ohiturak finka ditzaten positiboki nola eragin  dezaketen azaltzen zaie.

Euskara egoera ahulagoan dagoenez, familietan, etxean errefortzua izatea oso komenigarria dela nabarmendu du Ostolazak. “Gainera, etxekoek seme-alaben ikas eredua eta aisialdia hautatzeko orduan duten garrantzia kontuan izanik, familiak argi izan behar ditu, euskara indartu nahi badu, zein aukera egin behar dituen”.

“Gauza bera gertatzen da familiako hizkuntza giroarekin, asko baldintzatzen du haurren edo gazteen jokabidea. Euskaraz ez dakienak ere asko egin dezake seme-alabek euskara maita eta erabil dezaten. Hizkuntza transmititzeaz gain, usteak, jarrerak eta jokabideak ere transmititzen baitira”.

Gurasoei hizkuntzari buruzko hausnarketa eragin nahi diete bi euskarri hauek, eta hausnarketa horretatik euskara indartzeko hautu kontzientea egitea. Hautu horrek euren seme-alabak euskaldun oso izatea ekarriko du. Gaztelania bermatuta dago eta –amaitu du Itziar Ostolazak.

GURASO GARA! GIDA

Euskarrien ezaugarriak Loreto Osak azaldu ditu. Esku-orriak edo gida udal erregistroan ematen zaie jaioberrien gurasoei. Kasu batzuetan etxera ere bidaltzen zaie haurra izan berritan.

Gida honek familia tipologia bakoitza kontuan hartuta, euskara bermatzeko jarraitu beharreko urratsak erakusten dizkie guraso berriei. Hala, haur eskolara eramateko garaian, nahiz eskolaratzeko orduan, euskal eredua hautatzea gomendatzen zaie. Eskola orduz kanpoko jardueretarako eta aisialdirako ere euskarazko jarduerak hautatzeko gomendatzen zaie, jarduera horiek euskaraz izan daitezen eskatzeko esaten zaie. Eta familia guztiei, etxean, ahal dela, euskaraz egitea dela onena adierazten zaie. Hala ezin denetan, euskarazko kultur kontsumoa (telebista, musika, antzerkia, jolasak, ipuinak…) ziurtatzeko eta euskarari buruzko jarrera positiboak agertzeko aholkatzen zaiela erantsi du Osak.

GURASO GARA! BIDEOA

Bideoa ikastetxeetako ikasturte hasierako gelakako bileretan erabiltzeko pentsatuta dagola adierazi du Loreto Osak.

Bilera horietan erabiltzeaz gain, tutore bakoitzak egoki deritzon erabilera egiteko ere bada, hau da, komenigarria iruditzen zaionean. Bideoa eskuragarri egongo da www.oarsoarrak.eus webgunean.

Arloa edo saila