LEZOKO UDALEKUETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK DAGO

Al, 2026-04-13 10:33

Lezoko udalekuetan izena emateko epea irekita dago eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik. 200 plaza eskainiko dira.

Haurrei aisialdian euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzea da udalekuen helburu nagusia. Lezoko Udalak antolatuta, udalekuak 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude. Guztira 200 plaza egongo dira. 

Uzailaren 1etik 30era (astelehenetik ostiralera), 9:30tik 13:30ra Lezo Herri Eskolan izango dira. Lezoko ohiturak eta ingurunea ezagutu, jolasak, dantzak, antzerkiak eta beste hamaika ekintza egingo dituzte.

Aurten ere haurtzaindegi zerbitzua izango dute hala behar duten herritarrek. Lanean ari diren gurasoentzat zuzendutako zerbitzua da, 8:30tik 9:30ra, udaleku irekiak hasi baino ordubete lehenago. Zerbitzua eskaintzeko 8 haurrekin osatutako gutxieneko taldea beharko da.

Izena emateko epea apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Gaurtik aurrera Lezoko Udaleko webgunean egin ahal izango da. Euskara eta Kultura sailaren bulegoan ere (Donibane kalea, 2) egiteko aukera izango da, astelehenetik ostiralera, 8:30tik 13:30ra. Kasu hauetan izen-emate orria sinatua entregatu behar da udalean eta familia ugariek tituluaren fotokopia ere aurkeztu behar dute. 

Informazio guztia diptikoan aurki dezakezu.

Azken urteetan bezala, aurten ere matrikulazioa internet bidez egitea gomendatzen du udalak, inprimakia esteka honetan betez.

Arloa edo saila
Eranskinak