Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, eta dagoeneko ireki da izena emateko epea. Martxoaren 31 arte izango da zabalik.
Aurten, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteek izango dute udalekuetan parte hartzeko aukera, eta bi txanda izango dira, udaren hasieran: ekainaren 23tik uztailaren 1era, eta uztailaren 3tik 11ra. Azken urteetan bezala, ibiltaria izango da ekimena: Markina-Xemeinen hasi eta, Aulesti eta Berriatua zeharkatu ondoren, Ondarroara iritsiko dira gazteak.
Aurtengo udalekuei eta txandei buruzko informazio guztia eta izena emateko galdetegia: labur.eus/salto2026
Helburua: gazteak saretzea eta euskararen inguruan sentsibilizatzea
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, hezkuntza arautuaren mugetatik kanpo, gazteen aisialdian ere eragin nahian. Izan ere, euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.