Altamirako biribilguneko obrak erritmo onean

Og, 2017-03-23 13:53

Hirigintza-lan honek helburu du herritarrei oinezko eta txirrinduentzako pasabide seguruagoa eta irisgarriagoa eskaintzea. Laster bukatuko dituzte 306.655 euroko kostua izan duten obrak, eta ondoren Udalak udalerriko zenbait eremutan hobekuntza lanak gauzatuko ditu. 

Lezoko alkateak, Jesus Mari Martiarenak, eta hirigintzako zinegotziak, Miguel Angel Sanchezek, Altamirako biribilgune inguruan gauzatzen ari diren obrak bisitatu dituzte, horien aurrerapenen berri izateko. Lan horiek helburu dute oinezko zein txirrinduan dabiltzan herritarren irisgarritasun eta segurtasuna hobetzea. Alkatearen hitzetan, “ziur nago pasabide berriak biribilgunean sortzen ziren arazoei irtenbide emango diela eta ibilbide hau erabiltzen duten herritarren segurtasuna hobetuko duela”.
Jesus Mari Martiarena alkateak gogorarazi du hirigintza-lan honek lezoarren beharrei eta eskariei, baina bereziki,  Lezotik Errenteriarako ibilbide hau erabiltzen herritarren eskariei, erantzuten diela. “Jada sortu da malda eta hobetu eta aldatu da espaloia; behin asfaltatze lanak bukatuta, belar eta zuhaitzak landatuko dira, egungo zuhaitz eremua berreskuratzeko. Bestalde, argiztapena ere hobetuko da” azaldu du.

Beraz, aurki amaituko dira %85ean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta %15ean Udalak finantzatu dituen biribilguneko obrak. Bestalde, alkateak aurreratu du, behin obra horiek amaituta, enpresa bera arduratuko dela udalerrian aurrera eraman nahi diren beste hobekuntza lan batzuk egiteaz. 

Hobekuntza lan txikiak herriko hainbat eremutan:

Herritarren eskaerei erantzuteko asmoz eta segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburu berarekin, biribilguneko obrak egiteaz arduratu den enpresa berak beste zenbait hobekuntza lan gauzatuko ditu. 

Alkateak azaldu duenez, “zebra-bideetako, aparkalekuetako eta Altamirako jaitsierako erdiko marra pintatuko dira. Era berean, erliebea duen zebra-bidea ezarriko da Altamirako elkartearen eta jolastokiaren artean, haurren segurtasuna bermatzeko kalea zeharkatzeko orduan. Udalerriko beste zenbait espaloi ere hobetuko dira”.

Hala ere, Udaletik adierazi dute lan horiekin hasi aurretik, aurrera eramango diren hobekuntza zehatz guztien berri emango dela. 

 

Arloa edo saila