Udalak abuztuan jarri zuen martxan Lezo eta Donibane lotuko dituen bidegorria eraikitzeko lanen lizitazioa. Lehen fase honetan bidegorriaren 3. zatia, hau da, Lezoko erdigunetik gertuen dagoen eremua exekutatuko da.
Apirilean Lezoko Udalak, Lezo-Donibane arteko oinezko eta txirrinduentzako pasabidea egiteko lankidetza hitzarmena sinatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Akordio horren baitan, Lezok 204.500 euro jasoko ditu aurten, hau da, Lezo eta Donibane arteko bidegorriaren 3.zatia eraikitzeko lanen %85a finantzatuko du Foru Aldundiak.
Obra 3 zatitan banatuta dago eta aurten, 2017an, Lezoko herri erdigunetik gertuen dagoen zatia da eraikiko dena. Edozein kasutan, Gipuzkoako Foru Aldundiak gainerako bi zatiak datozen urteetan diruz laguntzeko konpromisoa du hartua.
3. zatia oso garrantzitsua da Lezoko herriarentzat eta herritarrentzat gaur egun errepidea ez den beste biderik ez dagoelako eta oinezko zein txirrinduak errepidetik igarotzen direlako. Gainera, pertsona ugari igarotzen da bertatik. Hortaz, obra hauek lezoarren zein inguruko herritar guztien segurtasuna eta ongizatea hobetuko dituzte.
Obren lizitazioaren ardura Lezoko Udalarena izanik, abuztuan, 3.zatiari dagozkion lanak esleitzeko prozesua abiarazi zuen Udalak, urtea amaitu aurretik obrak hasiak egon daitezen.
Enpresa interesdunek beren proposamenak aurkeztu ditzakete irailaren 12ra arte. Epea amaitzean, Udalak jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu eta lehiaketa publikoan puntuaziorik altuena lortzen duen enpresari esleituko zaizkio obrak. Aurreikuspenen arabera lanak urrian esleituko dira.