Udalak Asociación Ayuda Enfermedades Raras Solidaridad y Esperanza elkarteari berriro ere laguntza eta babesa emango dio eskuartean duen nazioarteko proiektu berriaren baitan. Halaber, plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontzia jarri du kiroldegian; bildutako dirua Duchenne gaixotasuna ikertzera bideratuko da
2016an, Lezoko Udalak Asociación Ayuda Enfermedades Raras Solidaridad y Esperanza elkartearekin elkarlanean ekitaldi solidario bat antolatu zuen Lezon bildutako dirua ikerketara bideratzeko helburuarekin. Halaber, hainbat hitzaldi antolatu ziren herritarrek Duchenne gaixotasunaren berri izan zezaten eta horiek gaixotasun hau pairatzen duten haurrekin solidarizatzeko.
Oraingoan, Lezok “Ruta a la esperanza, todos por la vida” nazioarteko proiektuarekin bat egin du. Proiektuaren funtsa Euskal Herritik Vaticanora bizikletan joatea da. Hortaz, Sergio Gómez martxoaren 1eko goizeko 8.00etan abiatuko da Azpeitiko San Martin zaharren egoitzatik eta egunero 100 km egingo ditu gaixotasun hau pairatzen dutenen alde.
Izan ere, Duchenne gaixotasuna haurrengan gehien diagnostikatzen den gihar-distrofia da eta soilik gizonezkoei eragiten die. Oraingoz ez da lortu gaixotasuna sendatzeko biderik. Hori dela eta ikerketarako dirua lortzea ezinbestekoa da.
Tapoien bilketarako edukiontzi solidarioa:
Udalak, berriro ere ikerketarako dirua lortzen laguntzeko, Bekoerrota kiroldegian edukiontzi solidarioa jarri du plastikozko tapoien bilketarako. Horrela, herritarrek edukiontzi honetan, elkarteari lagunduz eta haien lanarekin bat eginez, plastikozko botilen, freskagarrien edo esne zein zukuen tetrabriken tapoiak uzteko aukera dute.
Tapoien birziklapenetik lortutako dirua elkartera bideratuko da, horrela, gaixotasun neuromuskularren ikerketan laguntzeko.
Hori dela eta, Udaletik herritarren laguntza eskatu dute eta tapoiak edukiontzi solidarioan uztera eta ekimen honetan parte hartzera animatu dituzte lezoarrak.
Gaixotasuna bistarazteko nazioarteko proiektua:
Era berean, Udalak laguntza eskaini dio elkarteko presidentea den Sergio Gómezi gauzatuko duen nazioarteko proiektu berrian. Proiektu berri honen xedea gaixotasun hau pairatzen duten haurrak nazioartean bistaraztea eta ahalik eta herritar gehien kontzientziatzea da.
Horretarako, martxoaren 1ean Azpeitiatik abiatu eta Erromaraino joango da bizikletan, tartean guztira 2.000 kilometro inguru eginez. Donostian geldialdia egin ostean, Irunera joango da, hortik Frantziara eta Monakora, Italiara iritsi arte eta bere bidea Egoitza Santuan amaituko du.
Gómezek bidea 22 egunean egitea aurreikusten du, egunero 100km eginda, eta bidelagun izango ditu gidari eta masajista bana. Bere hitzetan, “Gaixotasun hau pairatzen duten haurrak dira erronka solidario honen benetako protagonistak, eta gogorarazi nahi dut gaixotasun hau pairatzen duten mutikoek, zein gaixotasun arraroak dituzten pertsonek, guztion laguntza beharrezkoa dutela ikertu ahal izateko”.
Horregatik, gogorarazi nahi izan du elkarteri zein elkarteak garatzen dituen edozein proiekturi laguntza eta babesa eskaini nahi dion pertsona orok jarraian azaltzen den kontu korrontearen bitartez egin dezakeela bere ekarpena: 00494613042716166018 (Banco Santander). Informazio gehiagorako edo harremanetarako deitu 943 08 04 89 edo 671 92 39 66 telefono zenbakietara, idatzi sergiogomezvidela63@gmail.com edo sergiogomez63@hotmail.com helbide elektronikoetara edo sartu www.solidaridadguipuzcoa.es web orrialdean.
“Gaixotasun arraroak pairatzen dituzten haur eta pertsona guztiak eta Euskadiko gizartea bere osotasunean gonbidatuta daude martxoaren 1ean goizeko 8.00etan Azpeitiatik egingo dudan irteera ikustera Facebook, Twitter, Instagram eta elkartearen web orrialdearen bitartez, baita proiektuak iraungo dituen 22 etapak jarraitzera ere”, adierazi du Gómezek.