Uda sasoian aurrera emandako hainbat hobekuntza lan amaituta

Og, 2017-09-07 13:17

Herri Eskolako fatxada zati bat txukundu eta zenbait ikasgela pintatu dira. Era berean, amaituak daude Gaxuxaren lokaleko txukuntze lanak eta kultur ekipamenduetarako lokala birgaitzeko proiektua martxan da. Erabiltzaileen irisgarritasuna bermatu eta hobetzeko helburuarekin Jaizkibel hiribideko Lurraldebuseko geltokia ere egokitu da.

Udal gobernuak herriko eraikin eta azpiegitura publikoak hobetzeko konpromisoa hartu zuen 2017ko aurrekontuetan. Helburu hori lortzeko hainbat ekintza burutzea aurreikusi zuen udal gobernuak, horien artean, Herri Eskolako fatxada zati bat txukuntzea eta bertako zenbait ikasgela pintatzea. Lan horiek uztailean gauzatu dira eta jada lanak amaituak daude.

Herriko taldeen eskari eta beharrei erantzuteko ere proiektu eta lan ezberdinak abiarazi ditu Udalak. Gauzak horrela, uda hasieran Gaxuxa emakume taldearen egoitza txukuntzeko lanei ekin zitzaien zituzten arazoei konponbidea emateko. Zehazki, ur-isurbide orokorra aztertu da iragazketa arazoei konponbidea emateko eta horma guztiak berritu dira. Egokitze lanak amaitu dituzte eta hil honetan lokala hornituko da ikasturte berria urrian has dadin. Guztira, lanek, 50.000 euroko kostua izan dute.
Halaber, martxan da gagoeneko kultur ekipamenduetara bideratuko den lokala birgaitzeko proiektua. Gaxuxaren lokaleko lanak aurrera eraman dituen enpresa bera arduratuko da kultur taldeentzat Udalak erosi duen lokala egokitzeaz, beraz, Gaxuxa emakume taldearen lokalean lanak amaitzean hasiko dira kultur lokalean lanean.

Kulturaren aldeko apustuan eta herriko kultur taldeek gauzatzen dituzten jarduerak babesteko helburuaren baitan kokatu behar ditugu aipatu lanak. Azpiegitura berri honekin taldeek dituzten beharrei eta eskariei erantzun nahi izan die Udalak beren jarduerak modu egokiagoan aurrera eramaten jarraitzeko aukera izan dezaten. Uda aurretik, kultur taldeek, kultur teknikariarekin eta Jesus Mari Martiarena alkatearekin, lokala berria bisitatu zuten. Datozen astetan birgaitze lanei ekingo zaie eta beraz, asmoa da urtea amaitu aurretik dagoeneko lokala erabilgarri egotea kultur taldeentzat. 

Jaizkibel hiribideko geltokia ere eraberritu da:

Erabiltzaileen irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko Jaizkibel hiribideko Lurraldebuseko geltokia eraberritu du Udalak.

 

Arloa edo saila