ZAINTZA ARDURATSUAREN INKLUSIO SAREAK ETXEKOLAN PROTOTIPOA AURKEZTU DU

Az, 2026-01-28 14:08

Lan duina eta zaintza duina: zaintza eta gizarte justu baten oinarriak

Lan duinak pertsonari bizitza duin bat egiteko aukera ematen dio: soldata egokia, egonkortasuna, segurtasuna eta garapen aukerak. Lan duina ez da soilik lanpostu bat edukitzea, baizik eta pertsonaren duintasuna errespetatzea, diskriminaziorik eta prekarietaterik gabe.

Zaintza duina ezinbestekoa da bizitzaren jarraipenerako, eta askotan emakumeen gain erori da baldintza prekarioetan.

Zaintza duinak esan nahi du pertsona guztiek zaintza jasotzeko eta emateko eskubidea dutela baldintza onetan, gizartearen ardura partekatuarekin.

Lan duina eta zaintza duina egitasmoaren helburua lanaren eta zaintzaren duintasuna erdigunean jartzea da.

Zaintza eta etxeko lanek funtsezko eginkizuna dute, baina sektorean ari diren pertsonen egoera askotan oso gogorra da: langileen % 66 pertsona migratuak dira eta % 93 emakumeak; Gipuzkoan 9.040 emakume daude etxeko langile gisa Gizarte Segurantzan afiliatuta, horietatik 436 Oarsoaldean. Gainera, langileen % 36,89k ez du kontraturik, % 83k lanarekin lotutako osasun ondorioak pairatzen ditu, internak batez beste 64 orduz aritzen dira astean eta dagokiena baino % 34,88 gutxiago kobratzen dute, eta askotan ez zaizkie jaiegunak ez oporrak bermatzen; errealitate horri aurre egiteko sortu da Lan duina, Zaintza duina egitasmoa, lanaren eta zaintzaren duintasuna erdigunean jartzeko.

Zaintza arduratsuaren sarea eta ETXEKOLAN prototipoa

Zaintza arduratsuaren sareak Etxekolan bezalako zerbitzu publiko bat martxan jartzeko prototipatua diseinatu dute eta zaintza arduratsuaren sareak oinarri sendoa jarri du eskualde bidezko eta solidarioago baten alde. 

SOS Arrazakeria elkarteak, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziak, Deustuko Unibertsitateak eta EHU-k, Kutxa Fundazioaren finantzazioarekin, ETXEKOLAN prototipoa garatu dute 2023-2024 urteetan. Deustu Unibertsitateak eta EHU-k ekarpen esanguratsua egin dute, mundu akademikotik tokiko politiketara egin daitekeen ekarpenaren isla. 

Prototipo hau zaintza arloan dabiltzan bestelako eragileentzat erreferentzia izan daiteke, eta beste lurralde batzuetan eredu gisa aplikatzeko aukera ere irekitzen du. «Lan duina, Zaintza duina» proiektuaren ikuspegi komunitarioa eta udalek, gizarte-erakundeek eta fundazioek ematen dioten babes zabalaren isla nabarmenak dira.

Aizpea Otaegik nabarmendu du zaintza-lanak duintasunez eta arduraz garatu behar direla:
“Bizitzako une batean edo bestean, pertsona guztioi egokitzen zaigu zaintzea eta zaindua izatea; horregatik, zaintza lanen duintasunaren alde egitea gizarte osoaren ardura da.”

Agerraldian parte hartu dute, besteak beste, Aizpea Otaegi (Oarsoaldea Garapen Agentziako presidentea eta Errenteriako alkatea), Teo Alberro (Pasaiako alkatea), Mikel Arruti (Lezoko alkatea), Olaia Lasa (Oiartzungo alkateordea), Marling Castillo (SOS Arrazakeriako ordezkaria), Patxi Arrazola (Oarsolan Zentroko Zuzendaria eta Etxekolan proiektuaren arduraduna.

Etxekolan: doako bitartekaritza eta aholkularitza 

2018an OARSOLAN Enplegu eta Inklusio Zentroko EtxekoLan zerbitzua sortu zenetik, 1.239 langabetu eta familia lagundu ditugu.

Era berean, SOS arrazakeria elkarteak lanaren eta zaintzaren duintasuna erdigunean jarriz, elkarrekin lanean dabiltza zaintza- eta etxeko-lanen duintasuna, formakuntza eta gizarte-aitorpena indartzeko, bereziki emakumeen lan-baldintzak hobetzeko.

Etxekolan zerbitzua da etxeko-lanetan eta zaintzan diharduten pertsonei eta langile bat kontratatu nahi duten familiei zuzendutako doako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzua.
Helburua da lan duina eta kontratazio arduratsua sustatzea, langileen eskubideak bermatuz eta familiei laguntza eta orientazioa eskainiz.

Euskara eta zaintza uztartuz

Olaia Lasak aurkeztu ditu Oiartzunen euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren ekimenak, etxeko langileei euskaraz aritzeko baliabideak eskainiz.

Haren esanetan, “zaintza-lanek gizartean duten balioa aitortzeaz gain, euskarazko komunikazioa zaintzaren parte bilakatu behar dugu”.

Lan duina zaintza duina proiektutik ere, euskara erdigunean jartzeko ahaleginean, poltsikoko hiztegi bat sortu da etxeetan ematen den zaintzan euskarazko komunikazioa ahalbidetzeko tresna praktiko gisa.

Teo Alberro, Pasaiako alkatea eta Mikel Arruti, Lezoko alkateak ere beraien babesa eman diote, zaintza-lanaren garrantzia komunitatean aitortu eta lan-erkidego hori indartzeko helburuz. 

Proiektuaren partaideek adierazi dutenez, hurrengo hilabeteetan ETXEKOLAN prototipoaren emaitzak ebaluatuko dira eta lortutako esperientzia beste eskualdeetara hedatzeko asmoa dute.

Helburua argia da: lan eta zaintza duinak oinarri dituen gizarte bidezkoago eta iraunkorrago bat eraikitzea.
 

Arloa edo saila