Lanak urtarrilaren 10ean hastea aurreikusten da eta 3 hilabete inguruko epean amaitzea espero da.
Proiektuaren xedea da Olazar errekan estalduriko ibai-tarte baten sekzio-eskasia konpontzea, ibilgua naturalizatuz, sekzioa aire zabalean hondeatuz eta ibai-tartearen ahalmen hidraulikoa hobetuz; hala nola ibaiaren ingurumena leheneratzea ahal del neurrian.
Lan horiek Lezoko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak sinatutako lankidetza protolokoaren baitan garatzen dira. 2020ko otsailean sinatutako hitzarmenean, hain zuzen, Lezoko ur ibilguen hobekuntza eta kudeaketa du helburu. Herriko hainbat puntu ikuskatu ondoren, URAk lehentasunezkoa jo zuen erreka zati horretan estaldura kentzea.
URAk aurkeztutako proiektuan hiru fase aurreikusten dira eta Lezoko Udalak, momentuz, proiektuaren bideragarritasuna aztertu ondoren, zati bat egitea erabaki du. Zehazki, Eugenio de Ochoan errekaren estaldura kenduko da, San Pedro auzoaren ondoan estaldura hasten den puntutik Eugenio de Ochoa eta Lexo Bertsolaria kaleek bat egiten duten punturaino, guztira 105 metro inguru.
Beste bi faseak, errepide azpiko galeria (Udalak egin beharko lukeena) eta Elias Salaberriako ageriko zatiarekin elkartzea (URAk egingo luke), aurrerago aztertuko dira.
Esan bezela, lan hauek uholdeak ekiditzea dute helburu eta inguru horretan dauden garajeetako ur-filtrazioak ekiditeko lagungarri izan daitezke. Hortaz, herriarentzat hobekuntza bat suposatuko dute.
Ibilgu berriaren ibilbidea definitzeko orduan, egungo espaloiarekin lerrokatzen saiatuko dira, ahal den neurrian, kalearekiko eragina txikiena izan dadin. Eragina mendebaldeko aparkaleku eta espaloian izango da soilik. Aparkalekuak bateriatik lerrora pasako dira eta 0,70 metroko zerbitzu espaloia eraikiko da.
Errekari sei metroko zabalera emango zaio eta horretarako bertan dauden 11 platanondo kendu egin beharko dira, baina aldi berean ibai-ertzetako zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira errekaren bi aldeetan. Ezkerraldeko ertzean buztinezko geruza bat jarriko da ur filtrazioak ekiditeko helburuarekin.
Obrak irauten duen bitartean, bertako bizilagunek Algeposa aparkatzeko aukera izango dute baina aldez aurretik baimena eskatu eta giltza eskatu beharko dute.